Albistea entzun

Hezkuntza Legearen aurreproiektua

Hezkuntza Legearen aurreproiektuaz hitz egiten hasteko gertu daude

Jaurlaritzak publiko egin du Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroa. Euskara izango da ardatza, eta ikasleek B2 maila lortu beharko dute DBH bukatzerako. Kuotak debekatu egin dituzte

Jokin Bildarratz, Donostiako ikastetxe batean, ikasturte hasieran.
Jokin Bildarratz, Donostiako ikastetxe batean, ikasturte hasieran. IREKIA Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2022ko irailak 15

Eusko Legebiltzarrak apirilaren 7an jarri zizkion Hezkuntza Legea ontzeko zumeak Eusko Jaurlaritzari, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk hezkuntza akordioa sinatu ostean. Atzo argitaratu zen Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroa, Eusko Jaurlaritzak oinarri horien gainean idatzitakoa. Gaur jarriko dute jendaurrean, eta, zenbait ekarpen jaso eta gobernu kontseiluan onartuta, Eusko Legebiltzarrera bidali asmo dute urtea amaitzerako, tramitazioak jarrai dezan. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak atzo esan zuenez, ateak zabalik dituzte hitz egiteko: «Orain, entzun egin behar dugu; elkarrizketa izango da gure tresna bakarra».

Ikusi gehiago: Elkarrekin Podemos-IUk hezkuntza ituna ez betetzea egotzi dio Jaurlaritzari

Beraz, aldaketak egon daitezke, baina joera markatuta dago, testuko sei titulu eta 103 artikuluen bidez. Honatx lehen zirriborroan jaso dituzten gako nagusiak, diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztientzat ezarritako arauak:

EUSKARA

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeek ikasle asko eta asko euskalduntzen dituzte; ordea, hankamotz geratu da zenbaitetan. Hizkuntzak Euskal Hezkuntzan izena du IV. tituluak, eta bederatzi artikulutan jasotzen dituzte horien ingurukoak aurreproiektuan. Esan dute hezkuntza sistema «eleaniztuna» izango dela, «euskararen inguruan artikulatua». Antzeko formulak erabili zituzten Legebiltzarraren hezkuntza itunean, baina «eredu inklusibo orokortua» ere aipatu zuten testuan. Orain, ez.

Ez dute zehaztu ereduen sistemari eutsiko dioten ala ez ere. Horren ordez, eskolek beren hizkuntza proiektuan jasoko dute zein hizkuntza erabiliko dituzten: «Ikastetxeko hizkuntza proiektuak garatu behar ditu ikaskuntza prozesuan hizkuntzak irakasteko eta erabiltzeko irizpideak». Hizkuntza proiektuak jaso beharko ditu euskararen «ingurumen erabilera» ziurtatzera bideratutako eskolaz kanpoko jardueren proposamenak ere.

Irakasgaiak hizkuntza batean edo bestean eman, zirriborroan argi zehaztuta dago ikasle guztiek gutxienez zer maila lortu beharko duten: LH Lehen Hezkuntza bukatzean, B1 maila euskaraz nahiz gazteleraz, eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatutakoan, B2 maila; ingelesean, berriz, A2 maila LH amaieran, eta B1 maila DBH amaitzerako.

Eta nork kontrolatuko du? «Ikasle bakoitzari arreta ematen dioten irakasle taldeek ebaluatuko dute gutxieneko helburu horiek betetzen diren». Dena den, zirriborroan jaso dute Hezkuntza Sailak eta ikastetxeek «beharrezko neurriak» ezarriko dituztela maila horiek lortzen dituztela bermatzeko, «ingurune bakoitzeko abiapuntua eta ezaugarri soziolinguistikoak kontuan hartuta». Eta Hezkuntza Saila gainean egongo da, «ebaluazio tresnak» jarriko baititu ikasleen maila neurtzeko. «Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak jarraipen sistema eraginkor bat jarriko du abian, ebaluazioaren emaitzak hobetzeko eta ezarritako helburuak lortzeko».

Ipiniko dituzte euskara maila erdiesteko baliabideak ere. Esaterako, Euskararen eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Institutua sortuko dute, hainbat helbururekin: irakasleak euskal kultura transmititzeko gaitzea, euskal curriculuma lantzea, eskola materialaren sorkuntza «antolatzea» eta eskola eremuan normalizazio planak bultzatzea, besteak beste. Halaber, Hezkuntza Sailak euskararen erabilera indartzeko planak egingo ditu.

Ikasleen mailari bezala, irakasleenari ere erreparatu diote, eta esan dute irakasleak prestatzeko plan bat egingo dutela, «hizkuntza gaitasunak areagotzeko curriculum hizkuntzetan». Euskara irakasleentzat C1+ maila lortzeko prestakuntza sustatuko dutela jaso dute testuan; hezkuntza akordioan, orokorrean irakasleak aipatzen zituzten.

SEGREGAZIOA

Segregazioa da hezkuntzako beste erronketako bat; alegia, neurriak hartzea egoera sozioekonomiko ahulean dauden edo atzerritar jatorrikoak diren ikasleak eskola batzuetan pilatzeko dagoen joerari aurre egiteko.

Zirriborroaren arabera, familiek ikastetxea hautatzeko eskubideari eutsiko diote, baina ikasleak «arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelakoengatik» ez bereizteko neurriak hartuko dituzte. Xedea hauxe izango da: egungo eskolatze eredua «pixkanaka» eraldatzea eta ikastetxe jakin batzuetan «ikasle zaurgarrien kontzentrazioa eragoztea».

Bide horretatik, diru publikoz hornitutako eskola orotan ikasleak onartzeko prozedura bakarra jarriko dute martxan, eta udalak «lankidetzan» arituko dira matrikulazio prozesuan. Ikastetxe bat baino gehiago duten herrietan Udal Hezkuntza Kontseiluak ere sortu ahal izango dituzte, besteak beste zenbait gairen inguruan kontsulta egiteko: ikasleak eskolatzeko irizpideez, hezkuntza premiak identifikatzeaz, eskaintza banatzeaz eta ikasleak eskolatzeko irizpideak zehazteaz; «berariazko hezkuntza laguntza premiak» dituzten ikasleen «eskolatze egokia eta orekatua» bermatzen laguntzeko behar diren jarduerez eta neurriez; eta ikastetxeen funtzionamenduari eragiten dioten udal jarduerez.

'PUBLIKO-PRIBATU' SISTEMA

«Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa» eskola publikoen nahiz itunpekoen bidez emango dute. Beraz, ikastetxe publikoez mintzo da testua: «Euskal hezkuntza sistema, funtsean, dagoen ikastetxe publikoen sarean oinarrituko da, eta, beharren arabera, etorkizunean sor daitekeen sarean». Testuaren arabera, Hezkuntza Sailak hezkuntza eskaintza programatuko du, leku publiko nahikoa bermatzeko.

Bestetik, itunpekoak ere egongo dira, finantzaketa hobearekin: «Derrigorrezko irakaskuntzak ematen dituzten itunpeko ikastetxeak euskal hezkuntza sistemaren parte izango dira, eta osorik finantzatuko dira irakaskuntza horiei dagokienez».

Trukean, ezingo dute kuotarik kobratu: «Derrigorrezko doako irakaskuntzetan, eta arrazoi sozioekonomikoengatik bereizkeriarik gerta ez dadin, funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeek ezin izango dute doan emandako irakaskuntzengatik familietatik datorren inolako funts edo diru kopururik jaso, eta, era berean, zentro horiek ezin izango dute fundazio edo elkarteei kuotak edo ekarpenak egiteko betebeharrik ezarri, ezta irakaskuntzei lotutako nahitaezko zerbitzurik ezarri ere, baldin eta finantzaketa publikoaren xede diren zerbitzu, prestazio edo esparru materialei eragiten badiete». Kontrolak egingo dizkietela ere jasotzen du aurreproiektuak: «Hala badagokio, ezartzen diren auditoretzak egingo zaizkie, eta baliabide publikoen erabileran izaera finalista ziurtatzea ahalbidetzen duten kontabilitate gardentasuneko arauak bete beharko dituzte».

Halaber, beste eskola batzuei finantzaketa ukatuko diete: «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoko ikastetxeetan ez da sexu bereizketarik onartuko». Alegia, testuaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan neskentzat edo mutilentzat dauden sei ikastetxeek ezingo dute diru publikorik jaso. 2021-2022ko ikasturtean, ia 13,8 milioi euro jaso zituzten.

LAIKOTASUNA

Hauxe zioen laikotasunari buruz apirileko akordioak: «Euskal Hezkuntza Sistema laikoa da. Lege organikoak ezarritako gutxienekoa izango da ikastetxeek erlijio ikasgaiari eskaini diezaioketen gehienekoa, eta doktrinamendurik ez dela izango bermatuko dute». Orain, ordea, ez dute hain baieztapen argirik egin. Hezkuntza sistemaren helburuetako bat hauxe dela esan dute: «Funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeetako irakaskuntzen laikotasunean oinarritutako hezkuntza eredua garatzea, itunpeko ikastetxe pribatuen berezko izaera errespetatuz».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©Jon Urbe / FOKU

Agus Rodriguez: «Jantoki sozial bat izan daiteke zerbait duina»

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza

Kalean daudenen kopurua asko handitu da Donostian. Agus Rodriguez Donostiako Kaleko Afari Solidarioak egitasmoaren sustatzailearen esanetan, udalak bere gain hartu behar luke pertsona horien gaineko ardura, baina gaur egun eskaintzen dituen baliabideak ez dira aski.

GuraSOS deitutako manifestazioa, gaur Donostian. ©Gorka Rubio, FOKU

Zubietako erraustegia ixteko eskatu dute ehunka lagunek Donostian

Uxue Rey Gorraiz

Aldeen arteko elkarrizketa bat izan dadila galdegin dute, auziari irtenbidea bilatzeko, eta grinez nabarmendu ez Gipuzkoako Aldundiak ez eta Jaurlaritzak ere ez dutela «hitza bete».

Alemaniako Grevenbroich hiriko parke eolikoa, eta, atzean, ikatzezko zentrala, duela gutxiko irudi batean. ©SASCHA STEINBACH / EFE

PLANETAREN MUGEKIN TALKAN

Iñaki Petxarroman

50 urte dira Hazkundearen Mugak txostena kaleratu zutela. Ekonomia ulertzeko beste modu bat ezarri zuen, eta zientzian oinarritutako sistema batekin erakutsi zuen hazkunde etengabeak etorkizunean eragin zitzakeen arazoak. Gaur egun, begi bistan daude arazo horietako batzuk, hala nola klima krisia eta bioaniztasunaren galera.
 ©BERRIA

«Gure aztarna ekologikoak egungoaren hamarren bat izan behar du»

Iñaki Petxarroman

Kontsumoa eta ekoizpena apaltzea eta espiraleko ekonomia martxan jartzea beste biderik ez du ikusten Antonio Valerok.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...