Udal hauteskundeak

Juan Karlos Izagirre aurkeztuko du EH Bilduko zuzendaritzak Donostiako alkatetzarako primarioetan

Donostiako alkate izan zen 2011tik 2015era. Medikuntzara itzultzeko utzi zuen politika, baina 2019an bueltatu zen: Gipuzkoako batzarkide da harrezkero.

Juan Karlos Izagirre, 2019ko kanpainan. JON URBE, FOKU
jon ordonez garmendia
2022ko irailaren 17a
11:46
Entzun

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkategai izateko hautagai izango da EH Bilduren primarioetan. Hala baieztatu dio koalizioak berak BERRIAri, gaur Gipuzkoako egunkari batek aurreratutako albistea. EH Bilduren zuzendaritzak proposatutako hautagaia izango da, eta Izagirrek berak goizean txio batean konfiantza eskertu du. «Donostiarren eguneroko behar eta nahiekin konektatuko duen proposamen politikoa aurkezteko unea da», gaineratu du.

Irailaren 26ean hasiko da EH Bildun alkatetzarako hautagaien izena emateko epea. Irailaren 9ra arte aurkeztu ahal izango dira, eta Izagirrez gain besteren bat egonez gero, ziurrenik urriaren erdialdean bozkatuko dute horien artean. Udal hauteskundeak 2023ko maiatzean egingo dira.

Izagirre Donostiako alkate izan zen 2011 eta 2015 urteen artean. Bigarren agintaldi baterako ere aurkeztu zen, baina Eneko Goiak irabazi zituen 2015eko hauteskundeak. Izagirrek orduan uko egin zion zinegotzi karguari, eta medikuntzara itzultzea erabaki zuen. Errenterian du kontsulta. Politika utzita «lasaiago» bizi zela aitortu zion BERRIAri 2016an, baina atsedenaldiak beste bi urte baino ez zion iraun. 2019an Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeetara zerrendaburu aurkeztu zen EH Bildurekin. Batzarkide da harrezkero.

Euskal estatu itunak

EH Bilduk konferentzia politikoa egin du gaur, Bilboko Euskalduna Jauregian. Euskal Herria askatu eta beste mota bateko gizarte bat eraikitzeko xedea berretsi, eta horretarako urrats garrantzitsuak egin dituztela erran du Arnaldo Otegik: «Aliantza politika eta mobilizazio gaitasuna indartu ditugu, eta guretzat hori funtsezkoa da».

EH Bilduko idazkari nagusiak jakinarazi du euskal estatu itunak proposatuko dituztela aurten. «Euskal Herriak behar duen ibilbide nazionala» egiteko,eta «erronka guziei» aurre egiteko: energia, zaintza, aldaketa klimatikoa, eredu poliziala eta hezkuntza eredua aipatu zituen besteak beste. «Herri baten bizkahezurra osatzen duten gai guziak. Norekin? Nahi duten guziekin». Azaroaren 12an mobilizazioa eginen dute Bilbon «herri indarra» erakusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.