Hizkuntza eskubideak jomugan

Jaurlaritzak helegitea jarriko dio udaltzainen euskara eskakizunei buruzko epaiari

Lan poltsako hautagaiei euskara ez eskatzeak «herritarren eskubide urraketak betikotzea» ekar dezakeela ohartarazi du Hizkuntza Eskubideen Behatokiak.

Udaltzain batzuk, Irungo Udaletxearen aurrean. JON URBE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko irailaren 20a
13:00
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaltzainen lan poltsan euskarazko B2 maila behar ez dela dioen epaiaren aurka helegitea aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak. Bingen Zupiria bozeramaileak Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian berretsi duenez, «bat etorri» dira gobernuaren barruan. Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu ere bada Zupiria, eta gogora ekarri du Euskararen Legeak 1982an aitortu ziela herritarrei «administrazioekin hautatutako hizkuntza ofizialean aritzeko eskubidea», eta horretarako «betebehar batzuk» jarri zizkiela euskal erakundeei. Eta zehaztu du instituzioentzako irizpideak 1997an ezarri zituela Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretuak: «Epaiak ez du aintzat hartzen 40 urtez administrazioan egin den bidea».

Gasteizko Administrazio Auzitegiarena da sententzia; UGT sindikatuak udaltzainen 2021eko lan poltsari jarritako helegiteari erantzun dio: ebatzi du ez dela beharrezkoa euskarazko B2 maila egiaztatzea poltsan sartzeko, eta agindu du irizpide hori bete ez duten hautagaiak deialdian onartzeko. Aurretik, iazko maiatzean, EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zituen Irungo Udalak (Gipuzkoa) hamabi udaltzain postutarako ezarritako hizkuntza eskakizunak, «diskriminatzaileak» zirelakoan.

Hain justu, udaltzainen hizkuntza gaitasunarekin hainbat herritan izandako arazoak argudio gisa hartu ditu Zupiriak, lan poltsetan euskara galdegiteko erabakia gogoratzean: «Lan poltsetako hautagaiek ez zuten mailarik, eta horregatik erabaki genuen B2 maila eskatzea». Erantsi du gero eta herritar gehiagok eskatzen dutela euskarazko arreta jasotzea, eta gero eta udal gehiagok eskatzen dutela udaltzainek euskara jakin dezaten: «Horrek eskatzen digu langileak prestatzea». Ildo horretatik, Zupiriak iragarri du Segurtasun Sailaren eta HABEren arteko akordioa berritu dutela, lan ordutegitik kanpo euskara maila hobetu nahi duten ertzainei formakuntza emateko. «Gero eta ertzain gehiagok ikusten dute euskara maila hobetzeko premia».

Segurtasun Sailak ere «estrategikotzat» jo du udaltzainek herritarrekin euskaraz hitz egin ahal izatea, bertako iturriek Euskadi Irratiari adierazi diotenez. «[Euskara eskatzea] funtsezkoa da Euskal Poliziak gizartearekin euskaraz harremana izateko eta, horrela, herritarrei zerbitzu hobe bat emateko».

Behatokian, ehunka kexa

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak ere txarretsi egin du epaia, eta ohar bidez adierazi du «herritarren eskubide urraketak betikotzeko arriskua» dakarrela. Udan propio udaltzainekin Donostian gertatutakoa jarri du adibide: «Udalak hizkuntza eskakizuna egiaztatua zuten hautagaiak eskatu arren, Arkautitik eskakizun hori ez zuten lan poltsetako hautagaiak eskaini zizkieten, zerrendetan euskararen gutxieneko ezagutza zuen hautagairik geratzen ez zela argudiatuz». Hori dela eta, «beharrezko» jo du lan poltsa guztietako hautagaiek «lanerako behar den euskararen gutxieneko ezagutza egiaztatua dutela bermatzea».

Izan ere, Behatokiaren aburuz, udaltzainen lan poltsako hautagaiek «une oro euskarazko arreta bermatzeko gai» izan beharko lukete, «herritarren eskubideak errespetatu eta kalitatezko zerbitzua eskaini nahi bada». Gaineratu du «garrantzitsua» zela B2 maila eskatzea: «Baina epaitegietan neurri hori atzera botatzea, eskubide kolektiboen kontrako neurria izateaz gaindi, egunerokoan udaltzaingo zein zerbitzu publikoetako bestelako alorretan dauden hutsuneak ez gainditzeari begirako erabakia da».

Era berean, gogora ekarri du administrazio publikoaren jardunarekin lotuta «ehunka» kexa jasotzen dituela urtero Behatokiak, «herritarren hizkuntza hautua baldintzatzen» dutelako. Hortaz, «lan poltsez harago», lanpostu finkoen deialdietan ere «neurri zehatzak» eskatu ditu.

EH Bildurentzat, «gehiegikeria jurisdikzionala»

Egunean zehar sententziaren inguruko beste hainbat erreakzio izan dira eremu politikoan. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Jaurlaritzaren erabakia babestu du, baina auzitan jarri du epaiak «inpaktu erreala» izango ote duen: «Lan poltsako hautagaien %90ek badute eskakizuna». Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidentea ere epaiaren aurka mintzatu da: «Ez da horrenbeste langilearen eskubideen defentsa, gizartearen eskubideen urraketa baizik. Legeak dio herri hau elebiduna dela; horren alde ere egin behar dugu».

Kritikoago jardun da EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Ubera. Epaia «euskararen aurkako erasotzat» hartu du, euskara eta euskaldunak «diskriminatzen» dituelakoan. Auzitegiak eremu horretan sartzea «gehiegikeria jurisdikzionala» dela ere esan du: «Funtzio publikoan herritarren zerbitzura lan egiteko baldintza batzuk bete behar dira. Botere judizialari ez dagokio erabakitzea administrazio batean zein hizkuntza maila ezarri behar den».

LABek ere «eraso larritzat» jo du ebazpena: «Sindikatu baten interes korporatiboek lagunduta, euskal hiztunon oinarrizko eskubideak zapalduak izango dira». Euskararen aldeko «herri akordio zabal» bat eskatu du, baita administrazioa euskalduntzeko hizkuntza politika «ausartak» ere. ELA, berriz, udaltzainen oposizioa eta lan poltsa bateratuaren aurka agertu da: «Hizkuntza eskubideak bermatzeko eta behin-behinekotasuna amaitzeko, LEP eta lan poltsak udal bakoitzean egin behar dira».

UGTren EAEko idazkari nagusi Raul Arzak ere hitz egin du gaiaz Radio Euskadin. Errekurtsoa jarri zuen sindikatua epaiaren eraginari garrantzia kentzen saiatu da orain: «Oso arraroa da administrazioan euskaraz artatzeko inor ez egotea. Ez dira datuak dramatizatu behar». Arazoak «iraungitze data» duela erantsi du, langile askok euskara maila egiaztatuta amaitzen dituztelako ikasketak, baina 45 urtetik gorakoak salbuesteko eskatu du: «Ez zuten euskara ikasteko aukera izan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.