Ukrainako gerra

Errusiako petrolioaren prezioa mugatzea proposatu du Bruselak

EBko ontziek ezingo lukete hortik gora saldu Batasunetik kanpoko herrialdeetan. Errusiako Estatuaren enpresetako administrazio kontseiluetan partea hartzea debekatu nahi du.

Ursula Von der Leyen, Europako Batzordeko presidentea, astazken honetan. S. LECOCQ (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko irailaren 28a
18:29
Entzun

Abenduaren 5etik aurrera, Europako Batasuneko herrialdeek uko egingo diote itsasoz garraiatutako Errusiako petrolioa erosteari. Jakina zen erabaki hori, baina orain beste debeku batzuk gehitu nahi dizkio Batzordeak, Batasunetik kanpoko herrialdeen eta Moskuren arteko petrolio salerosketak baldintzatzeko, eta Errusiaren diru sarrerak gutxitzeko. AEBekin eta Erresuma Batuarekin adostuta, Errusiako petrolioari prezio muga bat jarri nahi dio; horren arabera, Batasuneko ontziek —AEBetakoek eta Erresumako Batukoek bezala— ezingo lukete prezio jakin batetik gora saldu beste herrialdeetan.

Irail hasieran egindako G7aren bileran adostu zuten neurria, eta handik ordu gutxira iritsi zen Kremlinen erantzuna: Nord Stream 1 gasbidea itxi zuen, matxura batzuk argudiatuta. Ordutik zerbitzuz kanpo dago, berriz zabaltzeko datarik gabe.

AEBek bultzatu zuten G7ko akordioa. Txinak eta Indiak ez zuten bat egin. Dena den, Washingtonek uste du neurriak bi herrialde horiek Moskurekin dituzten harreman komertzialak baldintzatuko dituela, Errusiako petrolioa prezio merkeagoan erostera behartuz.

Ekainean, EBko herrialdeek adostu zuten abenduaren 5etik aurrera itsasoz garraiatutako petrolioaren erosketak eta horretan aritzen diren enpresei ematen zaizkien zenbait zerbitzu debekatzea —aseguruak eta finantzaketa—. Horrekin batera, erabaki zuten hoditegien bidez Europara iristen den Errusiako petrolioa ere debekatzea, herrialde batzuk salbuetsita geratzekoak badira ere.

AEBek utzia diote Errusiako petrolioa erosteari, eta nahi dute abenduan sartzea indarrean debeku berriak , baina Europako Batasunean adostasuna ez da erabatekoa, eta neurriak 27 herrialdeen babesa jaso beharko du. Zalantzak agertu dituzte Greziak eta Ziprek, hangoak baitira mundu osoan zehar Errusiako petrolioa garraiatzen duten ontzi ugari. Hungariak ere ohartarazi du ez duela debeku gehiago babestuko.

Administrazio kontseiluak

Batzordeak asteazkenean aurkeztu du abian jarri nahi duen neurri sorta berria, Ukrainako gerra hasi zenetik zortzigarrena. Agerraldi labur batean, Ursula Von der Leyen presidenteak azaldu du petrolioaren prezioa mugatzeaz gain Batzordeak hainbat produktu inportatzea debekatu nahi duela; ez du zerrendatu zein, baina Errusiak 7.000 milioi euro galduko lituzkeela esan du. Esportazioak ere mugatu nahi ditu, bereziki arlo militarrean, teknologikoan eta kimikoan, eta Europako enpresek Errusiakoei zerbitzu ematea.

Horrekin batera, Batasuneko herritarrei Errusiako enpresa estataletako administrazio kontseiluetan parte hartzea debekatu nahi die, Gerhard Schroeder Alemaniako kantziler ohiaren moduko kasuak saihesteko —Gazpromen aritu zen—. Halaber, Errusiari «babesa» ematen dioten pertsonen eta erakundeen zerrendak eta zigorrak gehitu nahi ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.