Brasilgo bozak

Lulak aurreikusi baino alde txikiagoa atera dio Bolsonarori lehen itzulian

PT Langileen Alderdiko buruak botoen %48,4 lortu ditu, eta behin-behineko presidente ultrak, %43,2. Biak bigarren itzulian lehiatuko dira urriaren 30ean

Lula, goizaldean, bere jarraitzaileen aurrean hitz egiten. EFE
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 3a
06:57
Entzun

Azken egunetan kaleratutako inkesta batzuen arabera, hauteskundeak aurrenekoz lehen itzulian irabazi eta berriro Brasilgo presidente izateko bidea hartzeko moduan zegoen Luiz Inacio da Silva Lula. Bozkatu zuten brasildarrek atzo, eta bai, PT Langileen Alderdiko presidentegai aurrerakoiak lortu zuen boto gehien: %48,43. Baina ezin izan du %50en langa gainditu, ordea, eta, horrenbestez, Jair Bolsonarorekin lehiatuko da bozen bigarren itzulian, urriaren 30ean. Behin-behineko presidente ultraeskuindarrak botoen %43,2 bildu ditu.

Latinoamerikako potentzia ekonomiko nagusian 156 milioi pertsonak zuten bozkatzeko aukera, eta, botoa ematea derrigorrezkoa den arren, abstentzioa %20,9koa izan da; 1998az geroztiko handiena. 1985ean demokrazia berrezarri zutenetik, Fernando Henrique Cardosok soilik lortu du hauteskundeak lehen itzulian irabaztea: bai 1994an, bai 1998an.

«Uste nuen edukiko nuela datozen egunetan Janjarekin [emaztea] eztei bidaian joateko aukera...» adierazi zuen Lulak herenegun gauean, umorez, Sao Paulon, bere jarraitzaileen aurrean, egoerari larritasuna kendu nahian. Izan ere, inkesten batezbestekoak zioen Bolsonaro, gehienez, botoen %35 lortzekoa zela. Baina, eskualdeetako emaitzei erreparatuta, zundaketek detektatu ez zuten Bolsonaroren aldeko bozkatzaile saldoa Sao Paulon zegoen, bozkatzaile gehien dituen estatuan; horregatik atera ditu aurreikusi baino zazpi puntu gehiago.

Bere alde bozkatu dutenen gogoa altxatzen ahalegindu da 2003-2010 artean herrialdeko presidentea izandakoa: «Bihartik aurrera kalean egongo gara. Ez dago atseden hartzeko denborarik. Hauteskundeak irabaziko ditugu; hau luzapen bat besterik ez da».

Ikusi gehiago: Bi eredu kontrajarri

Gainera, lortutako emaitzaren balioa nabarmendu nahi izan du: «Gaurkoa baloratzeko, duela lau urte zer gertatzen ari zen gogoratu behar da. Politikatik erauzi behar zen gizaki baten moduan ikusten ninduten». Ustelkeria egotzita zigortu zuten Lula, eta hemeretzi hilabete egin zituen kartzelan: 2018ko apiriletik 2019ko azarora. Baina Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen haren kontrako zigor prozedura, iritzita Sergio Moro epaileak «partzialtasunez» jokatu zuela zigorra ezartzerakoan. 2018an, orduan, ezin izan zuen bozetara aurkeztu, nahiz eta argitaratutako inkestak aintzat hartuta herritarren gehiengoaren babesa zuen berriro presidente izateko.

Kontuan hartuta inkestak zer ari ziren adierazten, Bolsonaro kanpainan ibili da haizatzen iruzurraren mamua, eta esan izan du ez zela fio hautetsontzi elektronikoez. 1996tik dago sistema hori indarrean eta inoiz ez dute haren kontrako salaketarik jarri. Horren harira, Alexandre de Moraes Brasilgo Hauteskunde Batzordeko presidenteak hauteskunde eguneko «bakea» goratu zuen, eta sistemaren «gardentasuna, fidagarritasuna eta azkartasuna» laudatu zituen.

Horiek horrela, militar ohiak du Lularen garaipena aitortu, baina emaitzak onartu ditu. «Bigarren itzulia dugu aurretik. Erakutsi ahal izango diogu herriari inflazioa jaisten ari dela eta ez ditugula txiroenak ahaztu», esan die kazetariei Brasilian, estatuburuaren egoitzaren kanpoaldean egindako adierazpenetan.

Ikusi gehiago: Desberdinkeriaren Brasil

Botoen %90 pasa bildu dute Lularen eta Bolsonaroren artean. Boto gehien bildutako presidentegaietan hirugarrena Simone Tebet zentro-eskuineko hautagaia izan da (%4,16), eta laugarrena, Ciro Gomes laborista (%3,04). Hain zuzen, datozen lau asteetan bi horien bozkatzaileak erakartzen ahalegindu beharko dute PTkoak eta behin-behineko presidenteak. Biek esan dute denekin hitz egiteko prest daudela. Hasiera batean, behintzat, Lulak ditu bi eremu horietan arrantza egiteko aukera gehiago. Ez Tebetek, ez Gomesek ez dute argitu noren aldeko botoa eskatuko duten bigarren itzulian, eta esan dute beren alderdietan aztertuko dutela nola jokatu. Gomes ministroa izan zen Lularen lehen agintaldian.

Lulak idatzi du Twitterreko bere kontuan gogoko duela kanpainan aritzea. «28 egun gehiago ditugu. Maite dut mitinak egitea, kamioira igotzea. Eta lehendabizikoz edukiko dut aukera egungo presidentearekin aurrez aurreko bat edukitzeko. Horrela, berak eraiki duen Brasil eta guk eraikia genuena konparatu ahal izango ditugu».

Inoiz baino polarizatuago

Joan den abuztu erdialdean hasi zen kanpaina, hain zuzen, eta oso beroa izan da, indarkeriak markatua. Ostegunean izan zen presidentagaien arteko azkeneko debatea, eta Lulak eta Bolsonarok elkar iraindu zuten. PTkoak egotzi zion presidenteari gezurrak esatea, eta eskuin muturrekoak zuzenean iraindu zuen: «Gezurtia, preso ohia, traidorea». Bataren zein bestearen jarraitzaileen arteko istiluak areagotu dira kanpainako asteetan.

Ikusi gehiago: Dena edo ezer ez

Kopuruei erreparatuta, 57,2 milioi brasildarrek egin dute Lularen alde, eta 51k Bolsonaro babestu dute. Lider ultrak 2018ko bozetako lehen itzulian (49 milioi) baino boto gehiago lortu ditu orain, baina orduan lehia ez zen orain bezain polarizatua egon. Hau da, duela lau urteko lehen itzulian 80 milioi boto lortu zituzten bigarren itzulira igaro zirenek, Bolsonarok eta PTko Fernando Haddadek (31 milioi), eta aurten, berriz, 108 behin-behineko presidentearen eta Lularen artean.

Kongresua, kontserbadorea

Kongresuko ordezkariak ere aukeratu zituzten atzoko bozetan. Diputatuen Ganberako 513 aulkiak berritu dituzte, eta Senatuaren herena. Ondorioa da kongresua kontserbadorea izango dela hurrengo legegintzaldian ere. Behe ganberan Bolsonaroren indarrak, Alderdi Liberalak, edukiko du ordezkaritza handiena: 99 aulki. Oso zatikatuta dago ordezkaritza ganbera horretan, eta PTrentzat ia ezinezkoa izango litzateke ezkerreko gehiengo bat osatzea, ordezkaritza duten indar ugariak zentroaren eta eskuin muturraren artean posizionatzen baitira. Senatuan ere, gainera, Bolsonaroren alderdia da nagusi: sei aulki zituen, eta hemendik aurrera hamalau edukiko ditu.

Aldi berean, herrialdeko 27 estatuetako gobernadoreak aukeratzeko bozkatu zuten atzo. Horietako hamabostetan hautatu dituzte jada, hautagai batzuek botoen erdiak baino gehiago lortu dituztelako. Gainontzeko hamabi estatuetan, bigarren itzulian erabakiko da. Bederatzi estatuk Bolsonarok babestutako gobernadore bat edukiko dute, eta bostek, Lularen aldeko bat. Minas Geraisen, bestalde, Novo alderdi neoliberaleko hautagaia nagusitu da.

Sergio Moro, senatari

Sergio Moro epaileak aulki bat lortu du Senatuan. Moro izan zen, hain zuzen ere, Lava Jato auziaren barruan Lula herrialdeko ustelkeria leporatuta kartzelatzeko agindu zuena, nahiz eta Brasilgo Auzitegi Gorenak zigorra kendu zion gero, argudiatuta Morok «partzialtasunez» jokatu zuela. Bolsonaro presidentearen agintaldiko lehen urtean, 2018tik 2020ra, Brasilgo Justizia Ministroa izan zen Moro. Brasilgo Batasuna alderdiarekin aurkeztu da bozetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.