Japonia

Ipar Korearen misil balistiko batek Japonia zeharkatu du airez

Japoniako Gobernuak jakinarazi duenez, 2017tik ez da gertatu halakorik. Misilak Ozeano Pazifikoan hartu du lurra. AEBek kritikatu egin dute Ipar Korearen ekintza.

Herritar bat misilak airez eginiko ibilbideari behatzen, Tokion. KIMIMASA MAYAMA, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko urriaren 4a
09:45
Entzun

Japoniako Defentsa Ministerioak jakinarazi du Ipar Koreak botatako misil bat igaro dela Japoniaren gainetik goizaldean –Euskal Herrian gauerdia zelarik–. Zabaldutako informazioaren arabera, misilak Tohoku eskualdearen zona zeharkatu du airez, hogei bat minutuz izan da zeruan, eta Ozeano Pazifikoan lurreratu da gero, Japoniako lur eta uretatik kanpo. Gobernuak zehaztu duenez, bost urte ziren Ipar Koreak lur horietan misilik jaurtitzen ez zuela. 2017an egin zuen azkenekoz.

Misil balistikoa antzeman eta segituan, Japoniako Gobernuak abisu eman die herritarrei. Zehazki, herrialdeko iparraldean diren Hokkaido eta Aomori eskualdeetako biztanleei eskatu die babes har zezatela. Lurpeko babeslekuetan sartzea gomendatu du.

Misilaren gaineko albisteak alerta piztu du hainbat herrialdetan. Besteak beste, AEBek irmoki gaitzetsi dute Ipar Koreak misila jaurti izana, egoera «ezegonkortzea» dakarrelako. AEBetako Segurtasun aholkulari Adrienne Watsonen arabera, ekintza horrek agerian uzten du Ipar Koreak «mespretxuz» egiten diela so NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordeak herrialde horien gaineko auziari buruz hartutako erabakiei. Halaber, Watsonek nabarmendu du Etxe Zuriak orain arte bezala segituko duela Ipar Korearen gaitasun militarrak mugatzeko ahaleginetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.