Estatuaren biktimentzat 2022a «urte garrantzitsua» izaten ari da, Foro Sozialaren arabera

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariarekin bildu dira, eta nabarmendu dute «aurrerapausoak» ematen ari direla biktimak aitortuak izateko bide luzean

Unai Hualde erdian eta eurekin Foro Sozialeko ordezkariak: Expe Iriarte, Fernando Armendariz, Agus Hernan, Jose Luis Uriz. NAFARROAKO PARLAMENTUA
joxerra senar
2022ko urriaren 4a
14:05
Entzun

Estatuaren biktimak: asimetriatik berdintasunera txostena helarazi dio Foro Sozialak Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualderi. Aurtengo udaberrian Madrilen eta Donostian izandako jardunaldietan bakegintza eta elkarbizitzari begira estatuaren biktimek egindako ekarpenak jaso dituzte bertan, eta parlamentuko agerraldi batean laburbilduko diete edukia talde guztiei urriaren 19an. Eusko Legebiltzarrean ere aurkeztekoak dira txosten hori bera.

Bilera amaituta, ohar baten bidez, Foro Sozialak azpimarratu du aurtengoa «urte garrantzitsua» gertatzen ari dela eskuin muturreko taldeek eta segurtasun indarrek eragindako indarkeriaren biktimak aitortzeko eta «egia, justizia eta erreparaziorako eskubidean» aurrera egiteko. Izan ere, behin osatuta, Estatuaren biktimen aitortzarako Balorazio Batzordeak lehen bilera egin zuen irailaren 22an. Batzorde horren eskuetan egongo da estatuaren Nafarroako biktimen eskaerak jasotzea eta haien aitortzarako prozedura administratiboari ekitea, 2019ko legeak jasotzen duen bezala.

Gainera, Foro Sozialak gogora ekarri duenez, Nafarroako Gobernuaren Bake eta Bizikidetza zuzendaritzak 1979tik gaurdainoko torturak ikertzeko eskatu dio EHUko Euskal Kriminologiaren Euskal Institutuari, eta trantsiziotik gaurdaino torturaren argazki osoa landuko dute azterlan horretan. Azkenik, Foro Sozialak bereziki azpimarratu du gizarte zibileko eragileek eta bereziki Torturatuak sareak egin duten «lan garrantzitsua».

Foro Sozialak uste du Estatuaren biktimen gaineko susmoak eta aurreiritziak «gainditzen» ari direla apurka, baina oraindik ere «bide luzea» geratzen dela «tratamendu asimetrikoko egungo egoeratik berdintasunezko batera» igarotzeko.

Hain zuzen ere, horixe da Hego Euskal Herriko bi legebiltzarretan aurkeztu duten txostenaren proposamen nagusia. Udaberrian, Foro Sozialaren ekimenez, estatuaren eta ETAren biktimen bi topaketetan aurkeztutako proposamenak laburbildu dituzte txostenean. Adibidez, funtsezkotzat jo dute biktima horien bizipen eta lekukotzak «errespetuz» entzutea eta «testigantzei eta esperientziei publikoki ematen zaien tratamendu desorekatua amaitzea».

Horrekin batera, garrantzia eman nahi diote belaunaldi berriei zer gertatu zen transmititzeari ere, jardunaldi, film, dokumental eta hitzaldien bidez. Alderdi politikoei adierazi diete biktima guztiak ezin direla homogeneoki tratatu, «ez eta interes alderdikoietarako erabili ere». Horrekin batera, pertsona guztien ikuspegien eta iritzien aniztasuna aitortu behar dela deritzote, eta biktima guztiak aitortu, kategoriarik eta diskriminaziorik gabe. «Premisa honetan oinarritu behar du: urraketa bera, aitortza bera».

Horri loturik, uste dute neurriak hartu behar direla egiarako eskubidea bermatzeko, hori baita biktima guztien eskubide nagusia. «Horrek modua ematen du biktima guztiei dagozkien gainerako eskubideak bermatzeko». Horretarako, 1968ko Sekretu Ofizialen Legea indargabetzea proposatzen dute, eta estatuak lagun dezala behar diren baldintzak eraikitzen «epe ertain edo laburrean» giza eskubideen urraketan duen erantzukizuna bere gain hartzeko.

Foro Sozialak argitu du topaketa horietan parte hartu duten biktimek ez dutela ordezkatzen «indarkeria zikloaren testuinguruan gertatutako giza eskubideen urraketen biktima guztien iritzia». «Biktimek behin eta berriz gogorarazi digutenez, adosturiko iritzi hori ez da existitzen, elkarte gutxi batzuen buruan izan ezik. Elkarteok talde homogeneo baten ordezkari izan nahi dute, biktima denek pentsamendu bakar bat izango balute bezala». Errealitatea bestelakoa dela uste dute, eta, horregatik, «garrantzi berezia» eman nahi izan diote bizipen oso desberdinetako pertsonak elkartzeari.

Bi topaketak

Apirilaren 6an, bakea eraikitzeko Euskal Herrirako erronkak eta aukerak izan zituzten aztergai Madrilgo Ateneoan. Bertan izan ziren Rosa Lluch, ETAk eraildako Ernest Lluchen alaba; Idoia Zabalza, Guardia Zibilak torturaren ondorioz hildako Mikel Zabalzaren arreba; Maria Jauregi, 2000n ETAk tiroz hildako Juan Mari Jauregiren alaba; Axun Lasa, Guardia Zibilak bahitu, torturatu eta eraildako Jose Antonio Lasaren arreba; eta ETAk larriki zauritutako Alberto Muñagorri.

Hilabete geroago, maiatzaren 14an, Estatuaren biktimek egia bilatzeko dituzten oztopoen berri eman zuten, Donostian, Tamara Muruetagoienak Esteban Muruetagoienaren alabak; Karmen Galdeanok, GALek hildako Xabier Galdeanoren alabak; Eneko Etxeberriak, behartutako desagertze baten biktima izandako Naparraren anaiak; eta Maider Garcia Goenak, GALen azken biktima izan zen Juan Carlos Garcia Goenaren alabak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.