Energia

Petronorrek baieztatu du erregai sintetikoen plantaren lanak amaituko dituela

Zabaldu zen Repsol azpiegitura egin ala ez aztertzen ari zela petrolio enpresen irabaziei ezarritako zergengatik. Bilboko portuan egongo da.

Iñigo Urkullu lehendakaria, plantaren lehen harria jartzeko ekitaldian. M. T.  / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko urriaren 4a
18:25
Entzun

Petronorrek ez du alboratu Bilboko portuan erregai sintetikoen planta bat eraikitzeko egitasmoa. Duela aste pare bat zabaldu zenez, Repsol petrolio konpainia, Petronorren jabea, hainbat egitasmo amaitu edo ez aztertzen ari zen Espainiako Gobernuak petrolio konpainien ezohiko irabaziei jarritako zorrarengatik, eta horien artean zegoen erregai sintetikoen planta. Mehatxua, baina, ez da egia bihurtuko, eta enpresak baieztatu du 103 milioi euroko egitasmoa amaituko duela. Airean dagoena egitasmo hori handitzeko aukera da, erabaki hori une horretako «egonkortasunaren» menpe egongo baita.

Jose Ignacio Zudaire Petronorreko departamentu ekonomiko finantzarioaren zuzendariak baieztatu du ez dagoela aldaketarik Petronorren erregai sintetikoen plantan. Iragan irailaren 20an El Correo kazetak zabaldu zuen Repsol norabidez aldatzea aztertzen ari zela. Artikuluaren arabera, Espainiako Gobernuak energia enpresen ezohiko irabaziei jarritako zerga zen zalantzaren arrazoia. Irabaziak zergapetuko dituztenez, Repsol «errentagarritasun txikiagoa» duten egitasmoetan «murrizketa» posible bat egitea aztertzen ari zen.

Zalantzak, baina, bi aste baino gutxiago iraun du, Zudairek aurkakoa esan baitu Bilboko Portuko Agintaritzak antolaturiko jardunaldi batzuetan. Ekoizpena 2024rako hasiko dela nabarmendu du, hasieran ezarritako epea, eta berretsi du portuko deskarbonizazio indarguneko azpiegitura estrategiko bat dela. Hitza hartu zuten beste hizlariek ere, tartean portuko agintaritza, ez zuten auzitan jarri egitasmoa.

Petronorrek BERRIAri baieztatu dio horrela dela, erregai sintetikoen lehen planta izango den hori amaituko dela. Dena den, konpainiak azaldu du Bilboko portuan eraikiko duen planta esperimentala dela, «demostrazio bat». Urtean 18.000 upel erregai sintetiko bakarrik ekoitzi ahal izango ditu, eta ekoizpen horrek duen ibilbidearen arabera handiago bat egitea aztertuko luke, Bilboko portuan ere bai.

Handitze posible horrek inbertsio askoz handiagoa beharko luke, mila milioi euro izan daitezke, eta pauso hori eman aurretik enpresak, besteak beste, erabateko «segurtasun juridikoa» eta «egonkortasuna» bermatu beharko lituzke. Alegia, baliteke legediak baldintzatzea egitasmoaren bigarren fasea.

CO2a eta hidrogenoa
Petronorrek iragan maiatzean eman zuen erregai sintetikoen plantaren berri. Azaldu zuen Muskizko (Bizkaia) findegiak isurtzen duen CO2a bildu eta hidrogenoarekin nahastuz erregai sintetiko garbiago bat osa zezakeela. Hidrogeno hori sortzeko 10 MWko elektrolizagailuak erabiliko ditu. Iñigo Urkullu lehendakariak jarri zuen lehen harria, eta enpresak aurreratu zuen bi urteko epean lanean egongo zela.

Zudairek iragarri du hidrogenoaren zabalkundea baino lehenago iritsiko direla merkatura erregai sintetikoak, eta haren «abantaila» batzuk azaldu ditu: «Erregaia saltzeko puntuak, gasolindegiak, ez lirateke aldatu beharko, ezta konbustio motorrak ere. Kontuan izan behar da dena ezin dela elektrifikatu, eta hidrogenoak denbora beharko du zabaltzeko».

Erregai sintetikoen planta ez da Petronorrek portuan duen egitasmo bakarra. Bioerregaiak ekoizteko beste planta bat era badu, eta hor eraiki nahi du hidrogenoa ekoitzi eta banatzeko egitasmoaren erpina. Enpresak baieztatu du horiek aurrez ezarritako epean egingo dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.