Energia

Errusiako petrolioaren prezioari muga bat jarriko dio EBk

Saudi Arabiak, Errusiak eta LPEE+ taldeko ekoizleek bi milioi upel gutxiago merkaturatuko dituzte, salneurria igotzeko.

Petroliontzi bat San Petersburgon.,. ANATOLI MALTSEV / EFE
Iker Aranburu.
2022ko urriaren 5a
11:42
Entzun

Europako Batasuna Errusiaren aurkako zortzigarren zigor sorta onartzear dago. Neurri nagusia da gehienezko prezio bat jarriko diotela Errusiaren petrolioari, eta, hartara, txikitu egingo dute Vladimir Putinen gobernuak Ukrainaren inbasioa finantzatzeko jasotzen duen dirua.

Prezio muga horrek ez dio berez eragingo EBk Errusiatik inportatzen duen petrolioari, erosketa horiek erabat geratzeko asmoa baitauka abenduaren 5etik aurrera. Beste herrialdeek Errusiari erosten dioten eta EBko kideen banderapeko itsasontzietan garraiatzen den petrolioari dagokio. Petroliontzi horietako askok Greziako, Zipreko eta Maltako bandera dute. Itsasontzi horiei bandera aldatzeko trikimailuei jazarriko zaie EBk, eta laguntzak emango dizkie petroliontzi asko dituzten kideei.

Ekainean, EBko kideek debekatu egin zuten beren eremuko konpainiek aseguruak eta beste finantza zerbitzuak ematea Errusiako petrolioa garraiatzen zuten ontziei.

Prezio muga hori zehazki zenbatekoa izango den ez dute oraindik erabaki, eta aste batzuk beharko dituztela jakinarazi dute AEBek.

LPEE+ taldearen bilera, Vienan

Ekainean jo zuen goia petrolioaren prezioak, Brent upela 125 dolarrera hurbildu baitzen. Baina Ukrainako gerrak eta inflazio handiak atzeraldi bat ekar dezakeen beldurrak merkatu egin du urre beltza, eta azken hilabetean 90 dolarren bueltan izan da. Gaur goizean, esaterako, 91,5 dolarrean salerosten ari da, aurreko astean baino %8 gehiago. Prezio txikiagoa jasotzen du Errusiak, bezero nagusia galdu ahala (EBko kideak), deskontuarekin eskaini behar baitie balizko bezeroei.

Petrolioaren prezioa txikiegia delakoan, ekoizpena gutxitzea aztertzen ari dira Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea eta haren aliatuak, Errusia buru dutela. Vienan egin dute bilera, aurrez aurreko lehenengoa COVID-19aren pandemia hasi zenetik, eta erabaki dute bi milioi upel kenduko dituztela merkatutik.

Halako mugimendua egiteak Saudi Arabiaren eta AEBen arteko harremanak are gehiago okertuko ditu. Uztailean, Joe Biden AEBetako presidenteak irentsi egin zituen aurretik Saudi Arabiako agintarien aurka egindako adierazpen gogorrak, eta bisita egin zion Mohammed bin Salman de facto Saudi Arabiako buru denari, petrolio ekoizpena handitzeko eskatzeko.

Fruiturik apenas izan zuen bilera horrek —abuztuan pixka bat igo zuten ekoizpena, eta irailean pixka bat jaitsi—.

Petrolioaren prezioa oso gai arantzatsua da AEBentzat. Batetik, mesede egiten die hango ekoizleei —munduko ekoizlerik handiena bilakatu da azken urteetan—, baina herritarren patrikari kalte handia egiten dio, eta hori arma politiko arriskutsu bat da Bidenentzat, hilabete eskas barru agintaldi erdiko hauteskundeak dituelako eta demokratak ez daudelako oso indartsu. Senatuaren herenak, Ordezkarien Ganbera osoa (435 kide), 39 gobernadore eta beste hainbat kargu politiko hautatuko dituzte azaroaren 8an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.