KATALUNIA

Pere Aragonesek argitu du gobernatzen jarraituko duela, eta aliantzen bila arituko dela

Kataluniako presidenteak JxCren erabakia «errespetatzen» duela azaldu du, eta bide emango diola «etapa berri» bat hasteko. Laura Borras JxCko presidenteak nabarmendu du «porrot» egin duela «Pere Aragonesen gobernuak» eta «legitimitate demokratikoa« galdu duela.

Pere Aragones, gaur, Generalitatearen Jauegian egindako agerraldian. EFE
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 7a
16:51
Entzun

JxC Junts Per Catalunyaren militanteek Kataluniako Gobernutik ateratzearen alde bozkatu dute. Junts Per Catalunyak Kataluniako Gobernuan jarrai dezan nahi duzu? galderaren aurrean ezetz erantzun dute %55,73k. Laura Borras alderdi subiranistaren presidentearen esanetan, kontsulta planteatu dute iruditzen zaielako ERC Esquerra Republicanak ez duelako bete Kataluniako Parlamenturako hauteskundeen ondoren bi alderdiek iazko maiatzean adostutako gobernu ituna. «Pere Aragonesen gobernua da porrot egin duen gobernu bat, eta legitimitate demokratikoa galdu du», nabarmendu du, gaur, alderdiaren egoitzan egindako agerraldian. Generalitateko presidenteari egotzi dio, gainera, «lehentasuna ematea PSOErekin dituen itunei, Katalunian dituenei beharrean».

Pepe Aragones Generalitateko presidenteak ere agerraldia egin du JxCk gobernuan jarraitzeari uko egin ostean. Bertan, adierazi du JxCen erabakia «errespetatzen» duela, haren gustukoa ez bada ere. Halere, Generalitatean «etapa berri bat» hasteko aukeratzat ikusten du Aragonesek, «herrialdea eraldatzen jarraitzeko». Horretarako, aliantzak sortuko dituela azpimarratu du, «kontsentsu handien» bidetik. Bestalde, «datozen egunetan» izendatuko ditu gobernuko kontseilari berriak.

«Norberak bere erabakiak hartzen ditu. Nik ez dut erabaki arduragaberik hartuko herritarrak sufritzen ari bitartean. Ez dut herrialdearen asmoak alde batera uzten duen inongo erabakirik hartuko. Herritarren alde ez da lan egiten ardurak alde batera utzita», gehitu du Aragonesek.

Generalitatearen «lehentasun handiak» izan direnak aurrerantzean ere haren politikaren oinarri izaten jarraituko dute. Batetik, «denek Kataluniaz eta biztanleria guztiaz pentsatzea», datozen hilabete «zailei» begira. Bestetik, herrialdeak «aurrera» jarraitzen duela eta jarrai dezala, eta, hori, Aragoneseren eta Kataluniako instituzio guztien erantzukizuna dela. Azkenik, Katalunia haren herritarrek osatzen dutela, baita «askatasun koaktiboak» ere.

Katalunian gobernu krisia lehertu da azken hamar egunetan JxCren eta ERCren artean, eta convergente berriek militanteei galdetu die ea alderdiak zer egin beharko zukeen. %55,73k bozkatu dute ateratzearen alde, %42,39k Generalitatean jarraitzea babestu dute, eta %1,88k zuri bozkatu dute. Atzo hasi eta gaur 17:00 arte bozkatzeko aukera eduki dute indar subiranistaren 6.465 militanteek, eta parte hartzea %79,18 izan da.

Jordi Turull JxCren idazkari nagusiak ere parte hartu du arratsaldeko agerraldian, eta azpimarratu du «oposiziora» igaroko diren arren jarraituko dutela herritarrei «jaramon» egiten. Kataluniako hedabideek JxCren iturriak aipatuz azken egunetan kaleratutako informazioaren arabera, Turull, kontseilari izandako indar subiranistako beste kide batzuk moduan —kasurako, Joaquim Forn eta Josep Rull—, ez zegoen gobernutik ateratzearen alde; azken legegintzaldian kontseilariak izan direnak ere ez. Hausturaren alde zeuden, ordea, Borras eta Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia, esaterako.

Turullek ERC egin du krisiaren erantzule, eta adierazi du gobernu itunaren «elementu tronkal batzuk» ez zirela betetzen ari. «Gurutzebide batean geundela eta modu horretan ezin genuela jarraitu ikusi genuen abuztu bukaeran. Dena eta gehiago probatu dugu, eta erantzun bera eman digute: 'horrela jarraitu behar du'». Jakinarazi du, era berean, azken legegintzaldian JxCren esku egon diren sei kontseilaritzetako arduradunak —hamabost kontseilaritza dauzka— hasi direla haien ukoa Aragonesi helarazten.

Ikusteko dago ERCk nola gobernatuko duen aurrerantzean. 33 parlamentari dauzka, eta gehiengoa osoa 68 aulkitan dago. 2023rako aurrekontuen proposamena ontzen ari da Generalitatea —JxCko Jaume Giro ari da horretan, hain zuzen— eta PSCk esan izan du horiei buruz hitz egiteko prest dagoela. Zuzendaritzak ezohiko bilera bat egingo du astelehenean gobernuaren haustura baloratzeko, baina Pedro Sanchez Espainiako Gobernuak adierazi du, gaur, gobernuen egonkortasuna «ezinbestekoa» dela «Ukrainako gerrak eragindako krisi sozialaren eta ekonomikoaren erdian». Sanchezen esanetan, Espainiako Gobernuaren eta sozialismo espainiarraren zein katalanaren «elkarrizketaren aldeko jarrera eztabaidaezina da».

Catalunya En Comuren talde parlamentarioaren presidente Jessica Albiach, bestalde, argi mintzatu da: «Gehiengo aurrerakoiko gobernu bat edukitzeko aukera dago berriro». Hau da, Comukoak prest daudela PSCrekin eta ERCrekin aliatzeko. Hiruen artean gehiengo osoa edukiko lukete, PSCk 33 aulki eta Comukoek zortzi dituztelako; hau da, hiruen artean 74 lirateke. Bide batez, Albiachek gogorarazi dio Aragonesi iazko otsailaren 14an ere, hauteskundeak eta gero, «gehiengo aurrerakoi bat» bat egituratzeko aukera modua eduki zuela. Comukoen buruzagiak adierazi du, nolanahi ere, ez dela «albiste on bat« gobernua haustea krisi ekonomiko baten erdian, eta «bi urte» galdu direla.

Pasa den astearen erdian lehertutako krisia konponbidean jartzeko, hiru eskari egin zizkion JxCk ERCri: prozesu independentista bultzatzeko zuzendaritza estrategiko bat eratzea; Espainiako Gorteetan bi alderdiek fronte bakarra osatzea; eta Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahaiaren edukia amnistiara eta autodeterminaziora mugatzea. Aragonesek jakinarazi zuen, joan den larunbatean, ezetza ematen ziela baldintza horiei, iritzita, «akordiorik ez lortzeko pentsatuta» zeudela. Nolanahi ere, herenegun Kataluniako Parlamentuan egindako osoko bilkuran ez zien atea guztiz itxi convergente berrien planteamenduari: «Mahai gainean jarritako hiru eremuetan akordio batera heltzeko aukera dagoela konbentzituta nago».

Ikusi gehiago: Turull: «Egoera konpontzea izan dugu helburu, baina ERCk esan digu ez dagoela ezer hitz egiteko»

JxCren eta ERCren arteko harremanak inoiz ez dira onegiak izan. Kataluniako bi familia subiranista nagusiak hiru aldiz egon dira elkarrekin Generalitatean. Aurreneko aldiz 2017ko urriaren 1eko erreferenduma gauzatu zutenean, 2015 eta 2017 artean, Junts Pel Si koalizioaren aterkipean. Bigarrenez Quim Torra (JxC) presidente izan zenean, 2018 eta 2021 artean, eta azkenekoz iazko maiatzetik. Haien arteko tirabirak ohikoak izan dira, eta jendaurrean ere plazaratu izan dituzte. Azken hamar egunetan, ordea, tentsioa beste batzuetan baino gehiago areagotu da tentsioa. Hamabost kontseilaritza ditu Generalitateak, eta horietako seiren ardura du JxCk: Ekonomia eta Ogasuna (Jaume Giro), Atzerri Politika (Victoria Alsina), Giza Eskubideak (Violant Cervera), Justizia (Lourdes Ciuro), Digitalizazioa eta Lurraldea (Gemma Geis) eta Ikerketa eta Unibertsitatea (Gemma Geis)

Ikusi gehiago: Aragonesek Puignero Generalitateko presidenteordea kargugabetu du

Diadan, jada, gobernua nabarmen arrakalatzen ari zela ikusi zen. Pere Aragonesek presidenteak erabaki zuen ANC Biltzar Nazional Katalanak deitutako mobilizazioan ez parte hartzea, argudiatuta erakunde independentistaren planteamenduak indar subiranisten zatiketan sakontzen zuela. ERCko beste agintariek ere ez ziren Diadara joan. ANCk manifestaziorako kaleratutako manifestuan salatu zuen ezin dela «ezer» espero «alderdiengatik», eta Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa mahaia kritikatu zuen.

Ikusi gehiago:Erreferendum bat noiz eta nola egin zehazteko argitasun akordio bat proposatu du Aragonesek

Horiek horrela, bi aste pasa geroago politika orokorreko osoko bilkura bat egin zuten Kataluniako Parlamentuan, eta Aragonesek proposatu zuen argitasun akordio bat adostea, Kanadaren eta Quebecen ildotik, gizartearen «aniztasuna» aintzat hartu eta autodeterminazioaren aldeko «adostasun zabala» bilduko duena, gero, Madrilekin adostuta, erreferendum bat egiteko. Saio horren amaieran, Albert Batet JxCren legebiltzarreko bozeramaileak konfiantza mozio bat aurkeztearekin mehatxu egin zion Aragonesi, argudiatuta ez zela betetzen ari gobernu ituna. Iazko maiatzean bi alderdiek eta CUPek adostutako akordioaren arabera, gobernabideak bateragarria izan behar zuen «amnistia eta autodeterminazioa» lortzearekin. Aragonesek orduan adierazi zuen itunak «independentismoaren kontsentsu estrategikoen oinarria» ezarri zuela: «Herrialdeak aurrera egin dezan errepublikarantz».

Ikusi gehiago: Jordi Turull: «Estatuak lortu nahi zituen ondorioak ekarri ditu errepresioak»

Batetek plazaratutakoak Generalitateko presidentea aztoratu zuen, eta hurrengo egunean, joan den irailaren 27an, gobernua «urgentziaz» bildu zuen, jakin nahi zuelako ea JxCko kontseilariek ba ote zuten Batetik esandakoaren berri. 23:00tan kazetarien aurrera atera zen Aragones, eta jakinarazi zuen Jordi Puignero Generalitateko presidenteordea kargugabetzeko erabakia hartu zuela, harenganako «konfiantza politikoa galdu» zuelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.