Lan gatazkak

Ertzaintza bortizki oldartu zaie Bizkaiko metalgintzako grebalariei

Tecuni enpresaren atarian izan da gatazka, Ortuellan (Bizkaia). CCOOk, LABek eta UGTk lanuzteei eutsi diete, urrun baitirudi sindikatuen eta FVEM patronalaren arteko adostasunak.

Ertzaintza eta hainbat grebalari goizeko protestan. CCOO
2022ko urriaren 20a
09:54
Entzun

Bizkaiko metalgintzako langileek protesta egin dute, berriz ere, lan hitzarmena berritzeko eskean. Hura erdiesteko negoziazioak ez dira eraginkorrak izaten ari, oraingoz, eta sindikatuen eta patronalaren arteko tentsioa nabarmena da oso; hala, aldarrikapenak ez dira eten, ezta lanuzteak ere. Gaur, bada, are gehiago gaiztotu da giroa: Ertzaintza gogor oldartu zaie Tecunin enpresaren atarian protestan ari ziren langileei.

Tirakadak, bultzadak, eta zenbait kolpe izan dira oldarraldian, irudiek agerian uzten duten gisan.

Ikusi gehiago: Urrats txikiak ez dira aski izan Bizkaiko metalgintzako greba deialdia eragozteko

Zenbait kazetari ere bertaratu dira protestaren gaineko informazioa biltzeko, eta, hain zuzen ere, horietako baten kontra ere egin du Poliziak. Hamaika telebistak jakinarazi duenez, hedabideko kazetari bati jazarri zaio Ertzaintza, eta mehatxatu ere egin dute, haren kontrako salaketa bat jarriko dutela esanez.

Sindikatuen mezua Jaurlaritzari

CCOO, LAB eta UGT sindikatuek Ertzaintzaren jokabidea salatu dute, eta ohartarazi dute FVEMek negoziazioa «blokeatzen» jarraitzen badu beraiek «sektorea blokeatuko» dutela. Ohar bateratu batean, azpimarratu dute euren protesta «erabat baketsua» izan dela; ez, ordea, Ertzaintzarena. «Mobilizazioaren hasieratik modu probokatzaile eta bortitzean jardun du, langileak identifikatuz eta indarra erabiliz mobilizazioa desegiten saiatzeko».

Hori ikusirik, sindikatuek galdetu diote Eusko Jaurlaritzari ea «noren alde dagoen», «lan baldintzak okertu eta sektorea prekarizatu nahi duen patronalaren alde» edo «lan baldintza duinak aldarrikatzen dituzten sektoreko langileen alde»

Sindikatuek berretsi dute hitzarmen bat egon arte ez dela «normaltasunik» egongo Bizkaiko metalgintzaren sektorean, eta urriaren 27rako eta 28rako eta azaroaren 2rako deitutako greba egunei eusten dietela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.