Azpiegiturak

Zestoako alkateak herritarrei esan die egungo datuekin ezin dutela babestu Piaspeko egitasmoa, baina aztertzeko prest daude

Alkateak herritarrekin ostiralean egindako bileran onartu zuen «kezka handia» eragiten diela haize erroten proiektuak. Ohar bat atera du proiektua aztertzeko «prestasuna» dutela adierazteko.

Parke eoliko bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2022ko azaroaren 8a
15:19
Entzun

Azpeitiko Udalaren ostean, Zestoako Udala ere bildu da herritarrekin, Statkraft enpresak Azpeitia, Errezil eta Zestoa (Gipuzkoa) artean eraiki nahi duen Piaspe proiektu eolikoaren inguruko azalenak emateko. Azpeitiko Udalak esan zuenez, ez daude proiektuaren alde «itsu-itsuan», baina nabarmendu zuen klima larrialdiaren aurrean ekiteko garaia dela eta Statkraften proiektuak eredu propio bat lantzeko aukera eman dezakeela, jabetza partekatuaren bidez. Ordea, Zestoako Udalak gogorrago hitz egin du; webgunean berri bat jarri dute batzarrean hitz egin zirenak azaltzeko; hor jartzen duenez, alkateak esan zuen gaur egun eskura dauzkaten «datu urriekin» ezin dutela babestu haize erroten proiektua. Ondoren, ohar bat atera du udalak, eta proiektua aztertzeko «prestasuna» nabarmendu du.

Statkrat enpresa norvegiarrak Azpeitian azaldu zuenez, gehienez 205 metro luze izango diren bost errota jarri asmo dituzte, Azpeitia, Errezil eta Zestoako lurretan. Alabaina, erroten piezak Zestoatik garraiatuko lituzkete, Akoako bidetik gora. Horrek udal gobernuari «kezka handia» eragiten diola adierazi du Mikel Arregi alkateak. Izan ere, izango du ondoriorik herrian, haren hitzetan: «Proiektu honek sortuko lukeen ingurumen inpaktua, inpaktu bisuala eta bertako bizilagunekiko eragina handia izango da».

Dena den, momentuan babesten ez badute ere, aztertzeko prest agertu da Arregi. Izan ere, azaldu duenez, proiektuan badaude «energiaren jabetzaren inguruko berritasunak», eta, halaber, trantsizio energetikoa egiteko beharra ikusten dute; horretarako, iruditzen zaie intentsitate handiko ekipamenduak ere beharko dituztela. Ordea, uste dute aztertu beharra dagoela intentsitate handiko ekipamendu horiek nolakoak eta zenbat izan behar duten, eta, horretarako, ezinbestekotzat daukate «estrategia orokor bat» sortzea Euskal Herrian eta Zestoan bertan: «Planifikazio orokorrik ez dago, eta hori ezertan hasi aurretik egin beharreko kontua da. Estrategia integralik gabe, haize errotak besterik gabe jartzea ez da soluzioa. Egia da hemen dugun energia berriztagarri bideragarri eta eraginkorrena haizea dela, baina aerosorgailuak jarrita bakarrik ez goaz inora: bestelako etxeko lanak ere egin behar dira. Ez dakigu zenbat parke eoliko eraikitzea den beharrezkoa, justua eta jasangarria»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.