Albistea entzun

Argindar tarifaren merkatzeak bultzaturik, inflazioa %7,2raino apaldu da urrian

Azpiko inflazioak urtebetean gorantz egin du etenik gabe, eta urrian lehen aldiz jaitsi egin da Hego Euskal Herrian, %6,4raino.

Ortuellan (Bizkaia) tentsio handiko argindar linea. Argindarra %15 merkatu da urtebetean
Ortuellan (Bizkaia) tentsio handiko argindar linea. Argindarra %15 merkatu da urtebetean Miguel Toña / Efe Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2022ko azaroak 15

Batetik, argindar tarifak beherantz presio egin du, baina, bestetik, erregaiak eta elikagaiek gorantz egiten dute. Sokatirahorretan, argindarrak bultzaturik, puntu eta erdi (zehazki, 1,6 puntu) apaldu da urrian Hego Euskal Herriko inflazioa. INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, hirugarren hilabetez behera egin du KPI kontsumo prezioen indizeak, baina oraindik ere oso goian dago, %7,2an baitago.

Azken hilabeteko beherakadaren eragile nagusia argindar tarifaren merkatzea izan da. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan. eta Nafarroan, batez beste, %15 inguru merkatu da argindarra, iragan urteko datuarekin alderatuta eta %22 irailetik hona. INEk merkatuko tarifa arautua hartzen du aintzat; horri gasarena gehituz gero, batez beste, argindarra eta gasa %15,7 merkatu dira urtebetean.

Herritarren eguneroko erosketen saskian, elikagaiak eta edariak batez beste %15,7 garestitu dira urte batean, eta %1,9 irailetik urrira. Erregaiaren prezioak ere gora egin du urrian: %1,1 garestitu da irailetik urrira, eta %18,1 azken hamabi hilabeteetan.

Azukreak igoerarik handiena

Elikagai freskoei begira, azukrearen salneurria igo da gehien: %62,8 urtebetean; eta, batik bat ,urrian (%37,04). Lekale eta barazkiak azken hilabetean %9,9 garestitu dira batez beste, eta fruta, %6,6. Azken urteari begira, azukreaz gain, egunerokoan asko erosi ohi diren elikagaiak daude %10etik gorako igoera izan duten gaien artean: hala nola ogia (%15,9), fruta (%11,4), txerrikia (%13,7), txahal haragia (%15,3), hegazti haragia (%14,7), olioa (%22,1), zerealak (%21), esnea (%24,3), lekale eta barazkiak (%27,5) eta arrautzak (%28,5).

Hain zuzen ere, berehalako eragina dutenez, energiaren kostuek eta elikagaiek bultzatu dute gorantz inflazioa azken hamabi hilabeteetan, eta, apurka, eragina izan du bizimoduaren garestitzean. Izan ere, energia eta elikagaiak aintzat hartu gabe kalkulatzen da azpiko inflazioa, eta etenik gabe igo da azken urtean: iazko azaroan, %1,6an zegoen, eta irailean %6,6ra heldu zen. Urrian, lehen aldiz behera egin du, oso neurri apalean bada ere —bi hamarren baino ez da jaitsi—. Azpiko inflazioak balio du neurtzeko prezioen sakoneko joera, eta, horregatik, interesgarria izango da jakitea ea datozen hilabeteetan ere jaitsi egingo den edo zerbait puntuala izan den.

Arroparen eragina

Hilabeteko datuari begira, irailetik urrira %0,3 igo da KPIa. Irailean, esaterako, %0,7 jaitsi zen. Elikagaiak salbuetsita, nabari da beste hainbat artikulu garestitu direla. Adibidez, urrian, gizonen eta emakumeen arropa %11 inguru garestitu zen Hego Euskal Herrian, eta haurrena, %14,5. Dena den, urtebeteko prezioak aintzat hartuz gero, arropak eta zapatak inflazioaren azpitik garestitu dira, eta KPIaren joeran beherantz bultzatzen lagundu dute —argindarrak baino indar txikiagoz, baina eragina izan du—: gizonen arropa %1,4 garestitu da, eta emakumeena %0,6; gizonezkoen zapaten prezioak %1,6 igo dira, eta emakumeenak, %4,9.

Era berean, urtebetean, ostalaritzaren salneurriak %,7,9 igo dira. Kontsumitzaileentzat inbertso handiagoa eskatzen duten artikuluen artean, batik bat altzariak garestitu dira azken urtean: oro har %10,2; etxeko tresna elektrikoak, berriz, %6,3 garestitu dira.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Afrika itotzen duen zorra

Iker Aranburu

Mendearen hasieran behera egin ondoren, Afrikaren zorrak gora egin du atzera, interes tasa apalen eta mailegatzaile berrien eskutik. Orain, baina, interesak handitzen ari dira, diru beharrak ez dira desagertu, eta Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeen erdiek arazoak dituzte zorrari aurre egiteko.
Ibilgailuak, A63 autobidean, artxiboko irudi batean. ©Guillaume Fauveau

Frantziako Gobernuak 100 euroren laguntza emango die autoa lanerako behar dutenei

Iker Aranburu

Abenduaren 31n amaituko da erregaiaren hamar zentimoko deskontu orokorra, eta hortik aurrera langile apalenentzat izango da laguntza. 

Etxebizitzak salmentan eta alokairuan Iruñeko Alde Zaharrean ©Iñigo Uriz (Foku)

Hipoteka izoztu ahalko dute Kutxabankeko bezero «zaurgarrienek»

Jokin Sagarzazu

Finantza erakundeak bat egin du Espainiako Gobernuaren Praktika Onen Kodearekin. Interes tasen igoeragatik, hipotekaren zenbatekoa orain berrikusi behar dutenek batez beste 200 eurotik gorako igoera izango dute hilero.

Macron, atzo, Albaniako hiriburuan. ©Malton Dibra / EFE

Macron: «Fikzioa dira argindar mozketak»

Berria

Argindar mozketei buruzko eztabaida beroa hoztu nahi du Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidenteak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.