COP27

Klima larrialdiaren galerak eta kalteak ordaintzeko funts bat onartu du EBk

Bruselaren arabera, hori diruz hornitu ahal izateko oinarriak «zabala» izan behar du, eta iruditzen zaio Txinak ere lagundu beharko lukeela finantzatzen, nahiz eta oraindik garabidean dagoen herrialde gisa sailkatzen duten.

Klima larrialdiaren aktibista batzuk, atzo, Xerm el-Xeikhen (Egipto). EFE
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 18a
12:20
Entzun

Ematen zuen COP27 klima larrialdiari buruzko NBE Nazio Batuen Erakundearen goi bileran parte hartzen ari diren estatuak urrun zeudela klima krisiak eragindako galeren eta kalteen ordainerako funts bat sortzetik; are urrunago horrelako mekanismo bat bideratzetik. Baina EB Europako Batasunak aurrerapauso bat eman du norabide horretan. Izan ere, funts hori eratzeko proposamen bat plazaratu du gaur, eta, Frans Timmermans Europako Batzordearen klima politiken arduradunak nabarmendu duenez, herrialde «zaurgarrienei» zuzenduta egongo litzateke, eta hori diruz hornitu ahal izateko oinarriak «zabala» izan beharko luke.

Estatu aberatsenak funtsaren aurka zeuden, argudiatuta denbora asko beharko litzatekeela zehazteko ea mekanismo hori beharrezkoa den eta nola funtzionatuko zukeen. Prozedurak erreferentzia egiten die klima baldintza muturrekoek herrialde pobreenetako azpiegitura fisiko eta sozialetan eragindako kalte eta galerei, baita ondorengo erreskate eta berreraikuntza lanen finantzaketari ere.

Ikusi gehiago: Justizia klimatikoa erdigunean

«Ez zen gure asmoa funts bat edukitzea. Egiazki iruditzen zait aurrerapauso azkarragoak eman ahal izango genituzkeela oraingo tresnekin [klima larrialdia finantzatzeko]. Baina, haiek [G77] funtsari hain lotuta agertu direnez, adostu egin dugu», adierazi du Timmermansek Xarm el-Xeikhen (Egipto) —han ari dira egiten COP27—.

Garabidean dauden 130 herrialdek baino gehiagok eta Txinak osatzen dute G77 blokea, eta asteon planteatu du galeren eta kalteen funtsaren oinarriak prest egon behar duela hurrengo urtean Dubain egitekoa den COP28rako. Klima Aldaketari Buruzko NBEren Hitzarmena 1992koa da, eta horrek bi bloketan bereizten ditu herrialdeak: batetik daude garatutakoak, eta bestetik garabidean daudenak.

Hain zuzen, oraindik ere bigarren multzoan dago Txina, nahiz eta, munduko ekonomiarik handienetan bigarrena izateaz gain, atmosferara karbono dioxido gehien isurtzen duen herrialdea den. Horregatik, Txina aipatu gabe, baina finantzaketaz hitz egiterakoan, Timmermansek mezu bat bidali dio Pekini: «Herrialdeen 2022ko egoera ekonomikoan oinarritu behar du, 1992koan oinarritu beharrean».

Ikusi gehiago: «Ez dago borondaterik Afrikak benetako aukera izan dezan egokitzeko»

Ikusteko dago nola erreakzionatuko duten gainontzeko herrialde aberatsek; batez ere, AEBek eta Txinak. Australiak, esaterako, jakinarazi du jada funtsa eratzeko konpromisoa duela. «Sakonki aztertu nahi dugu beste instituzio batzuek, kasurako garapenerako bankuek, zein ekarpen egin diezaioketen funts horri», zehaztu du Chris Bowen Klima Aldaketarako ministroak. Pauso bat haratago joan da Kanada: nabarmendu du baietz, ados dagoela EBren proposamenarekin, baina Steven Guilbeault Ingurumen ministroak The Guardian egunkariari esan dio «Txinak, Saudi Arabiak eta Qatarrek, besteak beste», funtsa finantzatu beharko luketela, aintzat hartuta historikoki zenbat CO2 isuri duten eta «haien aberastasuna»zenbatekoa den.

Ikusi gehiago:Klima negoziazioak, Al-Sisiren erregimenaren begiradapean

G77ko herrialdeak proposamena aztertzen ari dira. The Guardian-ek jaso ditu bloke horretako negoziatzaileetako baten hitzak, eta, haren esanetan, G77«hautsi» ahal izateko EBren «aurreikusitako ahalegin bat» da proposatutakoa. «Baina, noski, ez da aurrerapauso bat. Hasierako posizio negoziatzailea berriz hartzera mugatu dira, konpromiso bat dutelako plantak eginez».

Ikusi gehiago:Egiptok errepresioa eten dezan presio eske, COP27ren atarian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.