TURKIA-KURDISTAN

Erdoganek ohartarazi du pentsatzen ari direla Siriaren menpeko Kurdistani eta Iraken menpekoari lurretik eraso egitea

Gutxienez 29 pertsona hil ziren atzo Siriaren menpeko Kurdistanen Turkiaren bonbardaketen ondorioz. Ankararen arabera, milizia kurduek suziriak jaurti dituzte Turkiara, eta pertsona bat hil dute.

Siriaren menpeko Kurdistanen manifestazioak egin zituzten, atzo, Turkiaren erasoaren kontra. EFE
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 21a
13:53
Entzun

Turkiak erasoaldia hasi du Siriaren menpeko Kurdistanen kontra. SDF Siriako Indar Demokratikoak jakinarazi zuen, atzo, Turkiako armadaren hegazkinek egindako bonbardaketen ondorioz gutxienez 29 pertsona hil zirela Siriaren menpeko Kurdistanen; Ankarak eraso horiek baieztatu zituen, eta nabarmendu Kobane hiria zutela helburu, argudiatuta han YPG milizia kurduaren indarguneetako bat dela. Ankararen arabera, talde horrek bost suziri jaurti ditu gaur Turkiako Gaziantep eskualdera, eta gutxienez bi pertsona hil eta sei zauritu. Horrekin guztiarekin lotuta, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak ohartarazi du pentsatzen ari direla Siriaren menpeko Kurdistani eta Iraken menpekoari lurretik ere eraso egitea. «Hau ez da mugatzen aireko operazio batera».

Kontuan hartu behar da joan den igandean —hilaren 13an— Istanbulen atentatu bat gertatu ondoren iritsi dela erasoaldia. Sei lagun hil ziren leherketa bategatik, eta 81 zauritu, eta Ankarak PKK Kurdistango Langileen Alderdiari eta YPG Herriaren Babes Unitateetako milizia kurduei leporatu zien erantzukizuna. Bai PKKk eta baita YPGK, ordea, ukatu egin dute erasoarekin loturarik eduki izana.

Ikusi gehiago: PKK-k ukatu egin du Istanbulgo erasoan parte hartu izana

Turkiako Defentsa Ministerioak atzo plazaratutako ohar batean zehaztu zuenez, «89 helburu» suntsitu zituzten bonbardaketen bidez, eta Erdoganek, gaur, kopuru hori bera berretsi du, Qatarretik bueltan kazetariei adierazi dienez. Jakinarazi du ez duela bere asmoez hitz egin ez Vladimir Putin Errusiako presidentearekin, ez Joe Biden AEBtakoarekin, baina nabarmendu du gertatutakoak ez zituela ezustean harrapatuko. «Badakite edonoiz egin ditzakegula halakoak eskualdean».

Iranen erasoak

Irango Gobernuak Iraken menpeko Kurdistango hiru alderdi kurduren egoitzak bonbardatu ditu gaur, eta, eskualde autonomo hartako administrazioaren arabera, gutxienez pertsona bat hil da, eta zenbait zauritu. Arbil hirian izan da erasoa, eta, Irakeko INA berri agentziak alderdi kurduetako iturriak aipatuz kaleratu duenez, misilak eta droneak erabili ditu Irango Guardia Iraultzaileak. Teheran ari da Iraken menpeko Kurdistan bonbardatzen, Masha Amini gazte kurdua hil eta gero irailaren erdialdean protestak hasi zirenetik.

Horiek horrela, eskualde autonomo hartako administrazioak eskatu die nazioarteari eta NBE Nazio Batuen Erakundeari «jarrera argia» erakuts dezatela jasaten ari diren erasoen inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.