Lan gatazkak

Osakidetzako azpikontratetako garbitzaileek grebara deitu dute abenduaren 14tik 16rako

Euren lan baldintzak Osakidetzako langileen berberak izatea galdegin dute, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuen babesarekin. Ia bost urte daramatzate lan itunik gabe.

Azpikontratetako langileen protesta. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2022ko azaroaren 28a
13:17
Entzun

«Hasieran, uste genuen negoziazioa erraza izango zela; azken finean, egin beharreko bakarra zen gure hitzarmenean ezartzea Osakidetzan lortu dituzten akordioen parekoak». Hori, ordea, 2018. urtean izan zen; ordutik, «bilera zenbatezinak» izan arren (50 inguru), akordiorik gabe jarraitzen dute Osakidetzan garbiketaz arduratzen diren azpikontratetako garbitzaileek. Hori dela eta, grebara deitu dute gaur abenduaren 14rako, 15erako eta 16rako.

LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute Gurutzetako Ospitalean (Barakaldo, Bizkaia). Han, negoziazioak «ia hasieran bezala» daudela azaldu dute. Helburu nagusia da azpikontratetako langileen lan baldintzak Osakidetzakoen parekoak izatea: «Hori da bere garaian hiru aldeok (enpresek, langileek eta Osakidetzak) onartu genuen markoa».

Negoziazioak erabat blokeatuta daudela adierazi dute gaur: «Enpresak zein Osakidetza homologazio printzipioa hausten ari dira; are gehiago, sektoreko enpresa nagusiaren bidez (Garbialdi), duela gutxi jakin dugu Osakidetzako zuzendaritzak esan duela ez dela ibilbide profesionalaren osagarriaren kargu egingo», gehitu dute langileen ordezkariek.

Erantzunik ez

Azaldu dutenez, gauza bakarra nahi dute: Osakidetzako beharginen lan baldintza berdinak izatea. Horri esker, besteak beste, sarbidea izango lukete ibilbide profesionalarekin lotutako deialdietara, lanpostu hutsak betetzeko sistema zabalago eta justuago bat izango lukete, edota erretiro partzialerako sarbidea izango lukete, besteak beste.

Azpikontratatutako enpresei dagokienez, jarrerarik erosoena hartu izana aurpegiratu diete, «ardura Osakidetzaren zuzendaritzari esleitzen baitiote etengabe». Gehitu dutenez, azken bi urteetan, sindikatuetako ordezkariak sarritan saiatu dira Osakidetzako zuzendaritzarekin harremanetan jartzen, baina ez dute erantzunik lortu. «Hirugarren mailako langileak gara? Hau da merezi dugun errespetua?» galdetu dute.

Amaitzeko, argi utzi dute kosta ahala kosta defendatuko dutela lan baldintzen homologazioa: «Nazkatuta gaude enpresek eta Osakidetzak erakutsitako utzikeriaz. Nazkatu gara hitz hutsak entzuteaz, gure lan baldintza prekarioez hitz egiten dugunean beste aldera begiratzen duten bitartean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.