339 milioi lagunek beharko dute laguntza humanitarioa 2023an, NBEren arabera

Inoizko finantzaketarik handiena beharko du NBEk —ia 50.000 milioi euro— 68 herrialdetan laguntza humanitarioa eman ahal izateko datorren urtean.

Elikadurarekin lotutako laguntza izan da aurten gehien hedatu dena. Irudian, elikagaien banaketa, Mendebaldeko Saharan. EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko abenduaren 1a
12:58
Entzun

Datorren urtean 339 milioi pertsona izango dira laguntza humanitarioaren beharrean, NBE Nazio Batuen Erakundeko nazioarteko lankidetzarako programak gaur argitaratu duen txostenaren arabera. 2023an giza krisia okertu egingo da, aurten laguntza humanitarioa behar izan dutenak baino %19,1 gehiago izango direlako datorren urtean, NBEk aurreikusi duenez. Laguntza beharko duten 339 milioi pertsona horietatik gutxienez 230 milioirengana iritsiko direla ohartarazi du NBEk, eta, horretarako, 51.500 milioi dolarreko —ia 50.000 milioi euroko— finantzaketa beharko du. NBEko laguntza humanitarioa koordinatzeko bulegoak inoiz eskatu duen kopururik handiena da hori.

Gainera, goseteak 45 milioi pertsonari eragin liezaioke 2023an, eta elikagaien segurtasuna, berriz, ez dute bermatua izango 222 milioi lagunek, NBEren txostenaren arabera. Aurten, 157 milioi laguni eman diote laguntza humanitarioa; gehienei —127 milioiri—, elikadurarekin loturikoa.

«Laguntza humanitarioa beharko duen biztanleria munduko herrialde jendetsuenetan hirugarrenekoa [Ameriketako Estatu Batuetakoa] bezainbestekoa da», ohartarazi du gaur Martin Griffiths NBEren laguntza humanitariorako idazkaritza nagusiko kideak.

Etiopia, lehen lerroan

Munduko 68 herrialdetako biztanleei laguntza humanitarioa emango dietela aurreikusi du NBEk, eta laguntza gehien behar duen herrialdea Etiopia dela nabarmendu du txostenak. 28,6 milioi pertsonak beharko dute, aurten baino %30ek gehiagok. Atzetik ditu Afganistan eta Kongoko Errepublika Demokratikoa; 28,3 milioi eta 26,4 milioi lagunek beharko dute, hurrenez hurren, nazioarteko kooperazioaren laguntza.

Haitin, biztanleriaren %50ek jaso du laguntza humanitarioa 2022an. Ukrainan, berriz, gerrak kooperazioa handitzea eragin du, eta, aurten, 15,4 milioi pertsonari lagundu diete. Are, Ukrainakoa izan da munduan finantzaketarik handiena jaso duen laguntza humanitarioa; 3.000 milioi euro ingurukoa izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.