Klima larrialdia

Deforestazioaren aurkako araudia adostu dute Europar Kontseiluak eta europarlamentuak

Egitasmoaren helburua da baso suntsitzearekin lotutako salgaiak Europako Batasunaren merkatutik kanporatzea. Produktu jakin batzuk merkaturatzen dituzten enpresek ziurtatu beharko dute beren ekoizpen kateek ez dutela deforestazioa eragiten.

Kolonbiako eremu deforestatu bat. MAURICIO DUEñAS CASTAñEDA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abenduaren 6a
14:02
Entzun

Deforestazioaren kontrako araudi bat adosteko azken negoziazioetan murgilduta zeuden EB Europako Batasuneko erakundeak azken asteetan, eta akordioa lortu dutela jakinarazi dute gaur, hain justu, Kanadan egitekoa den COP15 biodibertsitateari buruzko Nazio Batuen Erakundearen goi bileraren bezperan. Araudiaren helburua da EBk munduko basoen soiltzean duen ardura gutxitzea, eta, modu horretan, ekarpen bat egitea biodibertsitatearen galera eta berotegi gasen isuriak apaltzeko. Egitasmoak batasunaren merkatutik kanporatu nahi ditu deforestazioarekin estuen lotuta dauden produktuak.

Araudia zazpi produktu gakoren gainekoa izango da: palma olioa, behiak, soja, kafea, kakaoa, egurra eta kautxua. Baita horietatik eratorritako salgaien gainekoa ere; besteak beste, ikatz begetala, altzariak eta txokolatea. Produktu horiek EBn merkaturatzeko, enpresek ziurtatu beharko dute horien ekoizpen kateak ez duela deforestazioa eragiten. Horretarako, salgaien jatorria arakatu beharko dute, eta ekoitziak izan diren lur eremuei buruzko informazio geografikoa bildu. EBk aintzat hartuko ditu 2021etik deforestatuak izan diren lurrak, baso soiltzea legez kanpokoa ala legezkoa izan den bereizi gabe.

Gaur-gaurkoz, EB da munduko «deforestazio inportatzailerik» handienetan bigarrena, WWF Naturarentzako Mundu Funtsa erakundearen ikerketa baten arabera. Soilik Txinak gainditzen du nazioarteko merkataritzarekin lotutako baso suntsitzean. Hark inportatzen dituen produktuek eragiten dute deforestazioaren %24, EBri dagokio %16, eta atzetik dira India (%9), AEBak (%7) eta Japonia (%5). FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritzako Erakundearen esanetan, munduko deforestazioaren %90 nekazaritza industrialak eragindakoa da, eta baso suntsitzearen bi heren sojarekin eta palma olioarekin daude zuzenean lotuta.

Ikusi gehiago:«Jokoan dagoena da lehengaiak ekoizteko paradigma aldatzea»

Pozez hartu dute akordioaren albistea zenbait elkarte ekologistek. Esaterako, Together4Forests (Elkarrekin basoen alde) kanpainaren sustatzaileen artean izan den WWFk. Ohar bidez adierazi duenez, araudiaren gaineko adostasuna «pizgarri bat da COP15arentzat». Elkartearen iritziz, goi bilera «une egokia da Txina, India, AEBak eta Japonia konprometitu daitezen antzeko araudiak onartzera».

Adostu den testuak Europako Batzordeak hasieran egin zuen proposamena hobetzen duela nabarmendu du WWFk. «Negoziazio gogor baten emaitza izan da. Europako Parlamentuak babestu du anbizio handieneko jarrera». Hasierako proposamenari gehitu zaizkion hobekuntzen artean aipatu ditu araudiaren peko produktuen zerrendan kautxua, eta ikatz begetala gehitzea eta baso degradazioaren hasierako definizioa zabalagoa egitea.

Ikusi gehiago: Deforestazioaren aurkako EBren araudia, azken negoziazioetan

Hala ere, ohartarazi du akordioak kanpoan utzi dituela «gai oso garrantzitsuak». Horien artean, araudiaren babesa basoak ez diren «bestelako eremu oihantsuetara» hedatzea; sabanetara, hezeguneetara eta zohikaztegietara, kasu. «Horrek esan nahi du babes gabe geldituko direla zuhaitz estaldura urriagoa duten ekosistemak, baina sekulako garrantzia dutenak biodibertsitatearen eta klima aldaketaren ikuspegitik, eta tokiko biztanleriak bizirik iraun dezan». Adibide adierazgarriak dira Brasilgo El Cerrado sabana eta Brasilgo, Paraguaiko eta Argentinako lurretan hedatzen den El Chaco eremua. Eskualde horiek ez babesteak «presioa oihanetatik gune horietara lekualdatzea eragingo du», WWFren iritziz.

Europarlamentuaren eskarien artean bazen ere, akordioak jaso gabe utzi du finantza erakundeei zuzendutako puntua. Parlamentuaren proposamena zen erakunde horiei baldintza batzuk ezartzea berma dezaten beren inbertsioek ez dutela deforestazioa sustatzen.

Araudia onartzen denean —urtea amaitzerako onartu nahi duela esana du Bruselak—, urte eta erdiko epea izango dute enpresek eskakizun berrietara egokitzeko. Tarte handiagoa aitortuko zaie enpresa txiki eta ertainei.

WWFren iritziz, EBko estatu kideek eman beharko dute hurrengo pausoa, araudia betetzen dela zaintzeko erakunde ikuskatzaileak eratuta. Beharrezko «baliabide ekonomiko, humano eta teknikoak» bideratzeko eskatu die, araudia benetan eraginkorra izan dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.