Gobernuaren lema hartzeko asmoz aurkeztuko da bozetara Geroa Bai

EAJk, Geroa Sozialberdeak alderdiak eta Atarrabia Taldeak udal eta foru hauteskundeetarako akordioa erdietsi dute. Zerrendak osatzeko dituzte, baina Barkosek adierazi du «indartsu» dagoela.

Geroa Baiko ordezkariak gaur Tres Reyes hotelean. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2022ko abenduaren 20a
15:38
Entzun

Nafarroan, alderdi eta koalizio gehienek plazaratuak dituzte euren hautagaiak eta asmoak, baina eragile garrantzitsu bat falta zen oraindik: Geroa Bai. Koalizioa osatzen duten hiru indarrek —EAJk, Geroa Sozialberdeak alderdiak eta Atarrabia Taldeak— bozetan elkarrekin aurkezteko asmoa berretsi dute, «Nafarroa aurrerakoia sendotzeko asmoz».

2015ean, Uxue Barkosek berak zuzendutako gobernuaren lema izan zuen Geroa Baik, eta aurkezpenean nabarmendu dute egungo gehiengoa egonkortzeko funtsezko rola jokatu dutela amaitzear den legealdi honetan. Hala, Uxue Barkosek azpimarratu du zortzi urteotako ibilbidea sendotzeko «erremintarik egokiena» dela Geroa Bai.

Egungoaren antzeko jokaleku politiko batean, gehiengoak errepikatzearen alde egingo duela ziurtatu du Geroa Baik, baina argi utzi du lidergoa hartzea izango dutela helburu. Barkosek aipatu du herritarren eskuetan dagoela erabaki hori.

Zerrendak, osatzeko

Tres Reyes hotelean eman dute akordioaren berri. Han izan dira Geroa Baiko aurpegi ezagun ugari: hala nola Ana Ollo, Jose Mari Aierdi eta Mikel Irujo gobernuko kontseilariak; parlamentuko taldeko Mikel Asiain, Javi Arakama, Patxi Azkona, Ana Ansa, Isabel Aranburu eta Blanca Regulez; Iruñeko udal taldeko Javi Leoz eta Patxi Leuza, Javi Ollo Altsasuko alkatea, Jon Gondan Zizur Nagusikoa...

Barkosek zehaztu duenez, oraindik egiteko dute zerrendak osatzeko prozesua, eta, ondorioz, erabakitzeko dute nor izango den lehendakarigai eta nor Iruñeko alkategai, besteak beste. Parlamentuko zerrendaburu izango ote den galdetuta, Barkosek adierazi du «indartsu» dagoela, baina gogorarazi du erabakia barne prozesu horren emaitza izango dela. «Koalizioak hala erabakitzen badu, hark dioen eta adosten dugun tokian egoteko indar nahikoarekin nago».

Aurrera begirako erronkei dagokienez, aipatu du herritarren beharrei erantzuteko aurkezten direla bozetara, batik bat herritarrek politikarekiko eta erakundeekiko konfiantza falta duten garaiotan. Kezka azaldu du osasungintzako lehen arretaren egoerarekin eta espezialitateetarako itxaron zerrendekin, subiranotasun energetikoa aldarrikatu du, eta, horri loturik, klima aldaketaren gaia garatzeko beharra ikusi du; «euskara hizkuntza propioa izan dadin ekintza batasun bat» bultzatuko dutela ere azaldu du Geroa Baik.

Autogobernuan, «epel»

Geroa Baik esan du PSN «epel» ibili da autogobernuaren arloan, eta nabarmendu trafiko eskumenaren eskualdatzea ezin daitekeela lotu iragan legealdiko Polizien Legea garatzeko araudien atzerapenarekin. «Biak dira beharrezko eta ezinbesteko».

Unai Hualde EAJren Napar Buru Batzarreko presidentea «zorioneko» agertu da, berriz ere akordioa egin dutelako. Haren aurkezpena atzeratuz joan bada ere, Hualderen ustez «garaiz eta moldez» egin dute, bost hilabete geratzen baitira bozetarako. Hualderen irudiko, «egitaraua eta zerrendak osatzeko lanari» ekin behar diote orain. Zerrendaburuarena airean dagoenez, Hualdek aipatu du aurreko legealdian Uxue Barkos «Nafarroak izan duen lehendakaririk onena» izan zela.

Hain zuzen ere, akordioa berandu lortu ote den galdetuta, harrituta agertu da Barkos. «Berandu zergatik?». Haren hitzetan, denbora gehiago behar izan dute oraingoan, «eragile berri bat» egon delako, hark zuzendutako Geroa Sozialberdeak alderdia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.