Dina Boluarte Peruko presidentearen aurkako protestak Limaraino iritsi dira, eta atzo milaka herritar atera ziren kalean hiriburuan, ezkerreko hainbat eragilek deituta. Hildako gehiagorik ez. Behera diktadura zibil militar, arrazista eta klasista lelopean atera ziren kalera eta Miraflores parkeraino joan ziren. Tartean ziren, gizarte eragileak, sindikatuak eta ezkerreko alderdiak. «Hilketengatik ari gara protestan, Punoko gure anai-arreba nekazarien sarraskiagatik. Dina Boluartek kargua uztea eskatzen dugu, gobernu usurpatzaile bat delako», adierazi zion AFP agentziari manifestazioan Rosario Abantok.
Protestak Puno eskualdean hasi ziren abenduaren erdialdean, hegoaldean, eta pixkanaka joan dira zabaltzen herrialde osora. Boluarteren dimisioaz gain, Kongresua ixtea, presidentetzarako hauteskundeak aurten egitea eta Alberto Fujimoriren 1993ko konstituzioa ordezkatzeko biltzar konstituziogile baterako bozak deitzea eskatzen dute manifestariek, zeinek merkatu ekonomia ezarri zuen ekonomiaren ardatz gisara.
Llegamos a Parque Kenedy. En Lima hay pueblo dispuesto a jugárselas por defender la patria, por defender el país y a sus hijos de asesinos, que por sus cargos están dispuestos a disparar a su gente. Lima despertó gracias al ejemplo valiente del sur. Vamos a refundar la patriaâ¤ï¸ÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂ✊🽠pic.twitter.com/fGCqZoPOhU
— Lucia Alvites (@LuciaAlvites) January 13, 2023
Atzo Juliacan beste manifestari bat hil zuten segurtasun indarrek (astelehenean hamazazpi hil zituzten), eta horrekin 49 dira Boluarteren aurkako protestEtan hildakoak. Zaurituak 600dik gora dira. Herenegun Peruko Fiskaltzak atariko ikerketa bat ireki die Boluarteri, hiru ministrori eta bi ministro ohiri. Herritarren aurka genozidioa, hilketak eta lesio larriak egitea egozten die fiskaltzak sei horiei.
Lan ministroaren eskaera Boluarteri
Eduardo Garcia Birimisa Lan ministroak dimisioa eman zuen atzo, eta Boluarteri eskatu zion barkamena eskatzeko egun hauetan gobernua egiten ari den akatsengatik eta 49 hildako horiek eragin duten minagatik. Gaineratu zuen, herrialdean bizi den egoera dela eta, ezin dela hurrengo urtera arte hauteskundeak egiteko. Protesten atzean «denbora askoan ezkutuan egon diren gizartearen eskaerak» daudela aitortu du. «Presidente anderea, tragedia berriro errepikatu da, eta anai-arreba asko erori dira, oraingoan Punon eta Cuscon. Eskaera horiek aintzat hartzea ez da nahikoa orain nire ustez herrialde honek behar duenari erantzun bat emateko. Bizi berri ditugun tragediek hori erakusten dute», esan du dimisioaren berri ematerakoan Garcia Birimisak.
Aste honetan protestak Cusco eskualdean areagotu dira. Cusco hirian herenegun hil zuten manifestaria agurtu zuten atzo Arma plazan, eta jende andana bildu zen. Protestariak hiri horretako aireportuan sartzen saiatu ziren asteazkenean, eta Gobernuak ixtea erabaki du. Atzo, berriz, Antapaccay kobre mehategian sartu ziren manifestariak. Peruko Gobernuak salatu du zenbait ibilgailu eta makina erre zituztela. Enpresak ohar batean elkarrizketa lehenesteko eskatu dio Gobernuari Perun bizi den egoera bideratzeko.
Remo Candia era un cienciano, vino hasta el colegio Ciencias del Cusco para ser despedido. pic.twitter.com/TJF1edQYVy
— Rosmery Roca (@Rosmery_Roca) January 12, 2023
Urteberriko meniaren ostean, bigarren protesta astea da hau. Hegoaldean kontzentratuta daude orain, baina Limako atzoko manifestazioak eta ministroaren dimisioak Gobernuaren ateraino eraman dituzte. Atzo Peruko 25 eskualdeetatik hamarretan itxi zituzten manifestariek errepideak, tartean Txileko mugakoak.
Pedro Castillo presidente ohiak atxiloaldian dirau oraindik. Peruko Botere Judizialeko epaile nagusiak abenduaren16an onartu zuen fiskaltzaren eskaera, atxiloaldia beste 18 hilabetez luzatzea. «Ihes egiteko arriskua» dagoela deritzo fiskaltzak. Castillo abenduaren 7an atxilotu zuten, Kongresuaren desegitea iragarri eta gutxira hura kargutik kendu ondoren.