Erretreten erreforma

Milaka jendek uko egin diote erretreten erreformaren proiektuari

Bigarren greba eguna egin dute Ipar Euskal Herrian, sindikatuek deituta. Salatu dute adin batetik aitzina ezinezkoa dela baldintza egokietan lan egitea. Bihar protesta eginen dute Hendaian

Baionako manifestazioa, 'Erretreten erreforma injustu hau gibelatu!' leloarekin. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko urtarrilaren 31
10:22
Entzun

Bigarren aldiz, milaka jende atera dira karrikara Frantziako Gobernuak aitzina eraman nahi duen erretreten erreforma arbuiatzeko. Sindikatu nagusien deiari erantzunez, manifestazioa egin zuten atzo goizean, Baionako geltokitik suprefeturara, Erretreten erreforma injustu hau erretiratu lelopean. Eguraldia lagun, urtarrilaren 19ko mobilizazioa baino jendetsuagoa izan zen, eta bururaino joateko borondatea erakutsi zuen beste behin intersindikalak: «Erreforma proiektua bertan behera uztea nahi dugu. Gure mezua argia da: [Frantziako] Gobernuak uko egin behar dio erretirorako adina 64 urtera gibelatu eta kotizazio epea emendatzeari».

Erreformaren bidez erretiroa hartzeko adina 62 urtetik 64ra gibelatzea da Emmanuel Macron Frantziako presidentearen asmoa, baina langile gehienek hori baino gehiago egin beharko dute, pentsio osoa lortzeko 43,5 urte kotizatu beharko baitira. Frantziako Gobernuaren hitzetan, gaur egungo erretreten sistema defizitarioa izanen da hemendik urte batzuetara. Horrek justifikatzen du erreforma egin beharra. Hala ere, sindikatuek diote egungo erretreten sistema «osasuntsu» dagoela.

«Proiektu hau onartezina da: erretretara osasun onean joan nahi dute langileek, duinki bizitzeko aukera ematen duen pentsio batekin», adierazi dute intersindikaleko ordezkariek. «Zaurgarrienek, prekaritatean bizi direnek eta emazteek pairatuko dute gehien». Oroitarazi dute gaur egun langileen erdiek lana utzia duela 60 urtera heltzerako. «Pentsio apalagoa izanen da denentzat».

Frantziako Gobernuaren «gezurrak eta manipulazioak» deitoratu dituzte sindikatuek, halaber: «Sistema ez da defizitarioa, ez dago berehalako arriskuan, eta bestelako konponbideak balirateke bere iraunkortasuna eta ekitatea bermatzeko».

Ondoko egunetan mobilizatzen segitzeko borondatea agertu zuten. Etzi elkarretaratzea eginen dute Hendaiako (Lapurdi) geltokiaren aitzinean.

Erreformak eraginen dizkien kalteak esplikatu zituzten langile batek baino gehiagok, adinean aitzina joana ahala baldintza egokietan lan egiteko ezintasuna azalduta.

Laurent Lafargue (suhiltzailea).

«59 urtera iristean, suhiltzaile gisa lan egiteko ezgaitasun fisikoa dute batzuek»

«Lurraldeetako funtzio publikoaren parte gara suhiltzaileak. Orain arte, erregimen berezia genuen: gehiago kotizatzen genuen, baina bost urte irabazten genituen. Erreformarekin, hori ezabatzen zaigu: 57, 58 edo 59 urtetan bukatu ordez, 63, 64 edo 65 urtetan bukatuko dugu. Erreforma injustua da».
«Erreformarekin, gure lankide gazteenek 64 edo 65 urte arte lan egin beharko dute. Egingarria iruditzen zaizu? 65 urtetan suhiltzaile kamioi batean... konplikatua bilakatzen hasten da. Lehenago ere bai, funtsean. Ohartzen gara 55 urtetik aitzina biziki zaila bilakatzen hasten dela: gaueko lana, pertsonak andetan eramatea, suteak... Hori da gure lana. Suhiltzaileek gaitasun fisikoa izan behar dugu. Adinean aitzina joan ahala, gaitasun hori apalduz doa. Zauritzeko arriskua handiagoa da. 58-59 urtera iristean, suhiltzaile gisa lan egiteko ezgaitasun fisikoa dute batzuek. Elbarri gisa kontsideratuak dira, eta pentsioa murrizten diete. Eskubide bat izateko kotizatu dute, baina askoz ere gutxiago lortzen dute azkenean, elbarritasun pentsio gisa kontsideratua baita. Gaur egun jadanik ikusten ditugu halakoak erreformarik gabe».

Sandra Lizarralde Papon (irakaslea)

«Urte sariak emendatzearekin, emazteak gara kaltetuenak»

«Aitzineko erreformek jadanik kalte egin zidaten, bereziki Tourraine erreformak. 1970an sortua naizenez, 43 urte sari beharko nituzke pentsio osoa ukitzeko. Kalkulua egina dut: erreforma hau gabe ere 67 urte arte aritu beharko nuke. Urte sariak emendatzearekin, emazteak gara kaltetuenak. Anitzetan guk hartzen ditugu gurasotasun geldialdiak, arrazoi ekonomikoengatik: begiratzen duzu zure bikotekideak zenbat irabazten duen, zuk zenbat irabazten duzun, eta lansari apalena duenak hartzen du geldialdia. Zirkulu zikoitz bat da, funtsean».

«Ez dut neure burua ikusten 67 urterekin gaur egun dudan lana egiten. Ezinezkoa da. Behar bereziak dituzten ikasleekin lan egiten dut, langile auzo bateko ikastetxe batean. Energia handia eskatzen du eguneroko lanak. Badakit ez naizela gai izanen; edo eginen dut, baina gaizki. Bada galdera ea zer nahi dugun erretreta bezala. Baina bada galdera ere ea nola lan egin nahi dugun: zer baldintzatan eta zer kalitaterekin. Biak lotuak dira».

Carl Andre (eraikuntzako langilea)

«Gure lankideak arrunt hautsiak ikusten ditugu»

«Kanpoan lan egiten dugu, baldintza gogorretan. Eguraldia edozein izanik ere ari gara lanean, azpiegituretarako ezinbestekoak diren konponketa batzuk egiten baititugu maiz. Bizitza profesionalaren bukaerara iristean, gure lankideak arrunt hautsiak ikusten ditugu. Ez dira gai lanerako. Gure nagusiek ere ez dakite zer egin langile horiekin, ezin baitira denak bulegoetako edo egoneko lanetan jarri. Anitz ez dira gai erretretaren adinera arte lanean aritzeko. Nagusiek ez dituzte eritasun profesional edo lan istripu bezala deklaratu nahi; beraz, lan geldialdian jartzen dira erretreta adinera iritsi arte. Horrek erran nahi du ez dituztela kotizatuko pentsio oso bat ukitu ahal izateko urte sari guziak. Gure lansariak biziki apalak dira, ez dugu garapenik izan inflazioari aurre egiteko. Eta, gainera, kondenatuak gara pentsio osoa ukitu ahal ez izatera. Hori onartezina da.

«Nire kasua aipatuko dut: ibilbide berezia izan nuen, unibertsitatean egon nintzen, eta denbora eman nuen eraikuntzara bideratu aitzin. Urte sariak izatera ez naiz sekula iritsiko; beraz, 67 urte arte lan egin beharko dut nahitaez. Ez da normala. Ezinezkoa da adin horretan lanean segitzea. Eraikuntzan ari diren langileen bizi esperantza hamar urte apalagoa da gainerakoen aldean; guk eskatzen dugu erretreta ere hamar urte lehenago hartu ahal izatea. Gogoeta kolektibo bat ezinbestekoa da».

Graziella Irigoien (kutxazaina).

«Ez dut nire burua horretan ikusten. Erabat galtzaile naiz»

«19 urte ditudanetik kutxazain gisa lan egin dut. Lehen alaba sortu arte lanaldi osoan aritu nintzen. Urtebeteko amatasun geldialdia hartu nuen, eta gero lanaldi erdian hasi nintzen berriz. Bigarren alabarekin beste urte batez gelditu nintzen. Ekainaren 1ean 41 urte izanen dira lanean ari naizela. Normalean karrera luze gisa kontsideratu beharko zen, baina gurasotasun geldialdiak ez dira kontuan hartuak; beraz, 62 urte arte lan egin beharko dut. Erreforma berriarekin bederatzi hilabete gehiago egin beharko ditut. Ez dut nire burua horretan ikusten. Erabat galtzaile naiz».

«Jarririk lan egiten dugu egun osoa, pisua altxatzen ari gara etengabe: ur botilak, garagardo kaxak... Erritmo handian aritzen gara, eta anitzen patologia muskularrak garatzen dituzte: tendinitisak, epikondilitisak. Lan baldintzak ere aldatzen joan dira, bezeroek ere gero eta gutxiago laguntzen gaituzte. Ni lanaldi erdian ari naiz, beraz arinago zait, baina oso pentsio txikia izanen dut».

Michel (erretretatua)

«Erretretan denbora gehiago dugu bizitzaz okupatzeko»

«Bizi osoan aeronautikan lanean aritu ondotik, 56 urterekin hartu nuen erretiroa. Horrek erran nahi du berrogei urtez lantegian aritu ondotik bizitzeko eta zinez baliatzeko gaitasunean egotea. Eta garai horrek ez du anitz irauten; gure inguruan ikusi dezakegu, zoritxarrez. Eritasunak eta gutxitzeak iristen hasten dira. Frantziako Gobernuak eta nagusiek nahi dutena da langileak askoz ere gehiago erabili ahal izatea. Bizi esperantza luzatzen denez, bizian eta lanean gehiago esplotatuko zaitugu. Nire bizitza osoan militatu dut jendeak aukera izan zezan bere lansariarekin hobeki bizitzeko, eta bizitzak eskaintzen ahal digun guziaz gozatzeko: izan kirol ala kultur arloan, elkarte munduan edo beste. Erretreta hartu nuenean, hori egin nuen, eta ondoko belaunaldiek aukera hori izan dezaten mobilizatzen naiz egun. Erretretan denbora gehiago dugu bizitzaz okupatzeko: ateraldiak, ibilaldiak, berrogei urtez pairatu dugun presioa askatzea nolazpait. Ordutegiak, adibidez. Erretreta hartzerakoan, lehen aldia da 3 urte ditugunetik ez garela iratzargailuaren menpe. Askatasuna bizitza osoan irabazten den zerbait da, baina, bai, erretretak askatasun sentimendua ematen du».

Ikusi gehiago:Espainiako eta Frantziako pentsioen erreformak, parez pare

Urtarrilaren 19an egin zuten lehen protesta eguna, eta Baionan 10.000 pertsona inguru elkartu ziren erreformari ezetz esateko. Bestalde, joan den astean hainbat manifestarik Baionako portua blokeatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.