Zerga sistema

EH Bilduk hauteskunde kanpainaren barruan kokatu du EAJren eta PSE-EEren zerga erreformaren iragarpena

Bi alderdien adierazpenak sinesgarritasunik ez duela esan du Unai Urruzunok, eta salatu du kontrako norabidean jardun dutela orain arte: eredu «erregresibo» baten alde.

Unai Urruzuno EH Bilduren bozeramailea, artxiboko argazki batean. MAIALEN ANDRES/FOKU
aitor biain
2023ko otsailaren 1a
13:23
Entzun

EH Bilduren iritziz, hauteskunde kanpaina kutsua du zerga sistema aldatzeko EAJk eta PSE-EEk negoziazioak hasi dituztela iragarri izanak. Izan ere, Unai Urruzunoren bozeramailearen hitzetan, koalizio abertzaleak hainbatetan eskatu du gaia hizpidera ekartzeko eta eztabaida zabaltzeko, baina hala egin izan duten kasu guztietan «atea itxi» diote bi alderdiek.

EH Bildurentzat, zerga sistemaren erreformari buruzko eztabaida «beharrezkoa» da; are gehiago, ohartarazi du munduko gobernu gehienetan ireki dutela eztabaida hori; besteak beste, azken urteetako gertakari sozialek eta ekonomikoek desberdintasun sozialak «areagotu» egin dituztelako. Hori ikusirik Eusko Jaurlaritzak ez duela ezer egin salatu du Urruzunok: «Hemen ez da ezer entzun; hemen kilkerra entzun da. Eta uste dugu hori izan denean gobernu honen ekiteko modua atzoko iragarpenek ez dutela inolako sinesgarritasunik».

Zerga sistema «erregresiboa»

Urruzunoren hitzetan, urte hauetan «gutxi» egin da arlo fiskalean, eta, aldiz, «asko» izan da egin ez dena. Eta gaitzetsi du egin den apurrak zerga sistemaren eredu erregresibo baten joera indartu duela. «Momentu honetan, zerga sistema erabat erregresiboa da». Azken urteetako zerga bilketaren emaitzak dira horren adibide, haren iritziko. Izan ere, ohartarazi du kapitalari atxikitako zergak bilketa osoarekiko duen pisua «izugarri» jaitsi dela azken urteetan, eta lanaren errenta zergak sostengatzen duela sistema orain.

Urruzunok gogorarazi du zerga sistema PPk eta EAJk moldatu zutela azkenekoz, «Eusko Legebiltzarrean eta aurrekontu batzuen testuinguruan», eta, besteak beste, sozietate zerga jaistea adostu zutela. Eta oroitarazi du, halaber, foru ogasunek errenta zerga deflatatzea onartu zutela azken bi urteetan, izatez «neurri erregresiboa» denean. Bada, EAJren eta PSE-EEren jarduteko modua kritikatu du EH bilduk, eta salatu du zerga sistemaren inguruko eztabaidak «etxeko lanak egin gabe» harrapatu duela Jaurlaritza: «Badaukagu gobernu bat eztabaida estrategiko guztietara berandu eta gaizki iristen dena. Egunerokotasunean eta inprobisazioaren bizi den Jaurlaritza batez ari gara, eredu agortu batez».

Zerga sistemari buruzko eztabaida «saihetsezina» dela esan du Urruzunok, eta «behingoz» gaia hizpidera ekartzeko eskatu du, gainontzean arrakala soziala «gero eta larriagoa» izateko arriskua baitago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.