HAUTESKUNDEAK

EAJ nagusituko da udal eta foru hauteskundeetan, Soziometroaren arabera

Eusko Jaurlaritzaren inkestak iragarri du jeltzaleek gora egingo dutela Araban eta Bizkaian. EH Bilduk ere 2019ko emaitzak hobetuko lituzke.

Bizkaiko Batzar Nagusiak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jon olano
2023ko otsailaren 10a
13:31
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak udal eta foru hauteskundeetako boto asmoari buruzko inkesta bat argitaratu du. Horren arabera, EAJ litzateke indar bozkatuena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Araban, %31,5 boto izango lituzke: 2019ko bozetan baino ia bi puntu gehiago; Bizkaian, %44,6, 2019an baino 1,1 puntu gehiago; eta Gipuzkoan, %36,2, duela lau urte baino 0,3 gehiago.

EH Bildu litzateke bigarren indarra hiru herrialdeetan. Inkestak iragarritakoaren arabera, Araban botoen %22,8 lituzke; EAJk baino ia bederatzi puntu gutxiago, baina 2019ko hauteskundeetan baino 1,7 gehiago. Bizkaian ere goranzkoa da indar subiranistaren joera: %22,2 boto eskuratuko lituzke, 2,3 puntu gehiago. Eta Gipuzkoan, %32,7 boto jasota, zortzi hamarren hobetuko luke 2019ko emaitza.

PSE-EE, berriz, hirugarren indarra izango da hiru herrialdeetan, baina, inkestak iragarritakoa betez gero, hiruretan egingo du behera. Araban %18,0 boto lortuko lituzke, duela lau urte baino puntu bat gutxiago. Bizkaian, %15,7, 2019an baino 0,9 gutxiago. Eta Gipuzkoan, %16, duela lau urte baino 1,3 gutxiago.

Elkarrekin Podemos-IUren boto aurreikuspenak dezente okerragoak dira azken udal eta foru hauteskundeekin alderatuz gero. %10 lortu zituen Araban, eta 3,4 puntu galduko lituzke orain; %10,6tik %7,3ra jaitsiko litzateke Bizkaian; eta %9tik %7,1era Gipuzkoan.

PPk apenas lukeen aldaketarik, 2019ko emaitzekin alderatuta: %15,1 boto lortu zituen 2019ko maiatzean, eta %15 eskuratuko lituzke orain; Gipuzkoan emaitza bera luke (%4,8), eta Bizkaian egingo luke apur bat gora: %6,7tik %7,2ra.

Azken alderaketa bat: Jaurlaritzak iazko urrian egin zuen udal eta foru hauteskundeetako boto asmoari buruzko azken neurketa, eta, ordukoarekin alderatuta, EAJk gora egingo luke Araban eta Bizkaian, eta ia berdin mantenduko litzateke Gipuzkoan. Aldiz, aurreikuspenak okertu egin dira EH Bildurentzat: lau hamarren gutxiago lituzke Araban, bi gutxiago Bizkaian, eta hiru gutxiago Gipuzkoan.

Gasteizen lehia estua

Hiruburuetan ere EAJ litzateke lehen indarra, baina Jaurlaritzaren inkestak lehia estua iragarri du Gasteizko Udalerako. %24,3 boto lortuko lituzke Beatriz Artolazabal alkategai daraman zerrendak, 2019an baino 0,5 gehiago, eta EH Bilduk, Rocio Viteroren hautagaitzarekin, %21,6 boto lortuko lituzke (+0,9). Bi taldeek, ordea, berdindu egingo lukete zinegotzi kopuruan: zazpina. Gertu izango lukete PSE-EE ere, Maider Etxeberria buru; %20,9 boto erdietsita (-0,6), sei zinegotzi izango lituzke. Eta PPk, Ainhoa Domaikaren hautagaitzarekin, %18,1 boto eta bost zinegotzi lortuko lituzke. Hori horrela, EAJ-PSE egungo koalizio gobernua zinegotzi bakarraren faltan legoke hurrengo legealdian ere gehiengo absolutua izateko.

Bilbon, EAJren nagusitasuna are handiagoa litzateke, azken neurketaren arabera; jeltzaleek %45,7 boto (+2,6) eta hamabost zinegotzi (+1) lortuko lituzkete, gehiengo absolutua. Bizkaiko hiriburuko bigarren indarra PSE-EE da, eta hala segituko luke; botoen %15,9 (-0,2) lortuta, bost zinegotzi lituzke, ordezkari kopuruan EH Bildurekin berdinduta; indar subiranistak %14,7 (-0,4) boto izango lituzke.

Azkenik, Donostian ere EAJ gailentzea espero da: botoen %34,3 (-1,5) eskuratzeko modua izango luke, gaur egungo hamar zinegotziei eutsita. EH Bilduk ia hiru puntu egingo luke gora (%24,3), eta duela lau urteko sei zinegotziak baino bat gehiago lortuko luke. PSE-EEk, berriz, duela lau urteko emaitzak lortuko lituzke berriz boto portzentajean (%17,6) eta zinegotzi kopuruan (5).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.