Osasun sistema

Otsailaren 25ean Osakidetza defendatzera deitu dute sindikatuek

ELAk, LABek, SATSEk, CCOOk, UGTk eta SMEk antolatuta, manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, osasun sistema publikoa «desegiten» ari direla salatzeko.

Osakidetzako sindikatuak, gaur, Bilbon egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2023ko otsailaren 10a
14:12
Entzun

Osakidetzako sindikatuek mobilizazioetara joko dute berriro. Bat eginda agertu dira gaur Bilbon SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT, eta oraingoan SME Medikuen sindikatua ere batu zaie, «osasun sistema publikoaren desegitea» salatzeko. Hala, otsailaren 25ean kalera ateratzera deitu dituzte Osakidetzako langileak, herritarrak eta gizarte mugimenduak. Manifestazioak egingo dituzte, 12:00etan hasita: Bilbon, Jesusen Bihotza plazatik abiatuta; Donostian, Bulebarretik; eta Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik.

Osakidetza «gain behera» doala ikusten dute sindikatuek, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean ez dute antzematen borondaterik azken urteetan azaleratutako beheraldi hori konpontzeko. Iñigo Urkullu lehendakariak orain aste batzuk egindako adierazpenak izan dituzte hizpide Esther Saavedra ELAko kideak eta Amaia Mayor SATSEko ordezkariak: «Herritarrentzat agerikoa den errealitatea ezkutatzeko ahaleginetan, lehendakariak adierazi du Osakidetzan ez dagoela ez pribatizaziorik ez desegiterik, eta [Gotzone] Sagardui sailburuak ere ukatu egin ditu murrizketak». Langileek berretsi dute gobernuak kontrako norabidea hartua duela: «2023an osasun aurrekontua iazkoa baino hogei milioi euro txikiagoa izango da; badirudi, Jaurlaritzaren iritziz, premia txikiagoa dagoela».

Hala, sindikatuek nabarmendu dute Osakidetzak «egiturazko arazoak» dituela, eta kategoria profesional eta lurralde guztietan eragiten dutela. Problema horiek bata bestearen atzetik zerrendatu dituzte. Batetik, prekaritatea, «osasun sistema publikoaren arazo handienetako bat». Gogora ekarri dute behin-behinekotasun tasa %50etik gorakoa dela –24.000 langile inguru daude egoera horretan–, langile taldea ere «urria» dela, ordezkapenik ez dela beti egiten, eta ondorioz «lan gainkarga sistematikoa» dela. Hamar urtean erosahalmenaren %20tik galdu dutela ere salatu dute.

Bestetik, murrizketak zerbitzuetan: hainbat EAG etengabeko arreta gune itxi dituzte, baita Santiago ospitaleko larrialdiak ere, eta lehen mailako arretan ordutegi murrizketa handiak izaten dira, oporraldietan batez ere. Horri lotuta, gogora ekarri dute lehen arreta ataka larrian dela aspalditik, pandemiak egoera okertu egin duela, eta gainerako asistentzia mailetan ere hasiak direla horren ondorioak pairatzen: «Ospitaleko larrialdietan gero eta lan zama handiagoa dago».

Eta azkenik, herritarren osasun arreta: irisgarritasuna eta kalitatea galtzen ari dela deitoratu dute. Horren seinale, hainbat datu eman dituzte: «Lehen mailako arretako hitzorduek atzerapen handia dute; ospitaleko larrialdietako batez besteko itxaronaldia bost ordukoa da, eta eria gela arrunt batera eramateko epea bi egunera ere heltzen da; kanpo kontsulten zain dauden pazienteak duela sei urte halako sei dira, eta proba diagnostikoen zain daudenak, berriz, 2019an halako bi; kirurgiako itxaron zerrendak %36 handitu dira hiru urtean; eta Osakidetzak berak onartu du bularreko minbiziaren baheketetan 11 hilabeteko atzerapena dagoela». Osasun aseguru pribatuen gorakadarekin lotu dute hori sindikatuek: «Bizkaian hiru herritarretik batek kontratatu du».

Mahai sektoriala, blokeatuta

Osakidetzaren arazoak ez dira «berez» konponduko, sindikatuon aburuz, eta negoziazio kolektiboa aldarrikatu dute tresna gisara. Baina mahai sektoriala «guztiz blokeatuta» dagoela azaldu du Mayorrek: «Inposizioaren bidea utzi behar dute, eta negoziatzera eseri. Eta gainera, negoziatzeko eta erabakiak hartzeko eskumena duen norbaitek etorri behar du bileretara, azkenaldiko partaideek aitortu baitigute horretarako gaitasunik ere ez dutela. Eta Euskadiko enpresa publiko handienaz ari gara: sailburuak berak etorri behar baldin badu, etor dadila».

«Osasun Sailak utzi digun bide bakarra mobilizazioarena da», ondorioztatu du Saavedrak. Iazko greba egunen ondoren, protesta dinamika bat abiatu zuten berriro sindikatuek abenduan, eta, orain arte, elkarretaratzeak egin dituzte osasun etxeetan. Ez dute baztertu grebara jotzea, baina, oraingoz, hilaren 25eko manifestazioak izango dira hurrengo urratsa. Beharginak ez ezik, herritarrak ere deitu dituzte mobilizatzera: «Denok behar dugu osasun sistema».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.