Gerra Ukrainan

Arma nuklearrak kontrolatzeko AEBekin duen itunetik atera da Errusia

Putinek leporatu dio Mendebaldeari «gerra hasi izanaren erantzuleak» izatea. Duela urtebete hasitako erasoaldia defendatu du Errusiako presidenteak, eta salatu Mendebaldeak «modu hipokritan» jokatzen duela bake elkarrizketez ari denean. Nazioaren egoerari buruzko urteroko agerraldia baliatu du estatuburuak gerrari buruz aritzeko. Bidenek esan du Errusiak «sekula» ez duela garaipenik lortuko Ukrainan.

Vladimir Putin, Errusiako presidentea, nazioari buruzko hitzaldia emateko unean, Moskun. SERGEI LLNITSKY, EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Igor Susaeta
2023ko otsailaren 21a
11:07
Entzun

Mendebaldeko potentzien bizkar utzi du Errusiako presidente Valdimir Putinek gerraren erantzukizun osoa, baita «bake elkarrizketek» huts egin izanarena ere. Herrialdearen egoerari buruzko urteroko hitzaldia baliatu du estatuburuak Moskuren ikuspegia mundu osoari aurkezteko. Goizeko lehen ordutik jendez gainezka egon den Kongresuaren aurrean agertu da Errusiako presidentea, Ukrainako erasoaldiaren urteurrenaren atarian. Bertan izan dira, besteak beste, Sergei Xoigu Defentsa ministroa, Dmitri Medvedev presidente ohi eta lehen ministroa eta Sergei Lavrov Atzerri ministroa.

Errusia «bakearekin konprometitua» egon dela defendatu du Putinek, baina Mendebaldearen elkarrizketetarako eskaintzak «gezur krudel bat» izan dela, «denbora irabaztera» bideratutakoa. «Gure esku zegoen guztia egiten ari ginen gatazka konplikatu hau modu baketsuan konpondu ahal izateko, baina oso bestelako testuingurua prestatu dute beste batzuek gure bizkar. Beraiek [Mendebaldea] denbora irabazten ari ziren, hilketa politikoen aurrean begiak itxiz, eta haiengana sinesten zutenak engainatuz», salatu du estatuburuak. Eta Mendebaldeari ohartarazi dio Errusiari ezin zaiola irabazi «guda zelaian».

Iazko otsailaren 24 hartan abiatutako «operazio berezia» defendatu egin du Putinek, eta berretsi Errusia «nazien mehatxupean» zegoela. Presidentearen esanetan, ukrainarrak laguntzaren zain zeuden, nahiz eta Kievek, agi denez, ukatu egingo duen. Aitortu du, hala ere, gerrak «garai zailak» ekarriko dituela, eta horietan estatuburu eta gobernuburuen erantzukizuna izango dela datozen hilabete eta urteetan gertatuko dena: «Gutako bakoitza izango da gertatzen denaren erantzule».

Ikusi gehiago: Gerra hauspotuz

«Ukraina eta Donbass gezurren ikur» bilakatu direla salatu du Putinek, eta Mendebaldeko herrialdeei egotzi die «oinarrizko akordioak urratu» izana eta «modu hipokritan» jokatu izana, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeari Errusia «aterki bat balitz bezala» inguratzen utziaz. «Berretsi nahi dut. Beraiek [Mendebaldea] dira gerra hasi izanaren errudunak, eta gu indarra erabiltzen ari gara haiek gelditzeko», errepikatu du estatuburuak txalo artean.

«Lapurretan» aritzea

Presidenteak salatu du Municheko konferentzian atzerriko aditu guztiek Errusiari egotzi ziotela gatazkaren erantzukizuna, baina ukatu egin du halakorik, eta berriz ere Europako Batasunari, eta AEBei egotzi die egoera nahasi izana: «Utzi jeinuari botilatik irteten, eta kaosa zabalduko da munduan». Mendebaldeko potentziei leporatu die «demokrazia eta askatasunaren leloen atzean» ezkutatu eta «lapurretan» aritzea, «eragiten dituzten hilketez eta sakrifizioez» arduratu gabe. Haren esanetan, eurak izan ziren 1930eko hamarkadan «naziei atea ireki» zietenak, eta salatu du XIX. mendetik aritu direla «historikoki Errusiarenak diren lurrak ebatsi nahian, hau da, orain Ukraina deitzen duten hori».

Putinen esanetan, «lehiakide bat desagerraraztea» da Mendebaldearen helburua, ekialdeko potentziei eraso eginez. «Tokiko gatazka bat, nazioartekotu nahi dute», esan du. Baina horrek guztiak «Errusia indartsuago» bilakatu duela nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkie Donetsk eta Luhanskeko gerrillariei «anai-arreben alde» borrokatzeagatik.

Ikusi gehiago: Irtenbidea militarra izatearen arriskuez

Eta albiste bat ere eman du Kremlineko buruak gaurko hitzaldian: jakinarazi du Mosku, «behin-behinean», atera egin dela START Berria akordio nuklearretik. Errusiak eta AEBek sinatu zuten, 2010ean —duela bi urteko urtarrilean luzatu zuten, 2026ra arte—, eta helburua da bi potentziek mugak ezartzea beren arma nuklearren kopuruari. Kontrol neurri bat da azken finean, elkarri armak ikuskatzeko bidea ematen duena. Argudiatu du Washingtonek eta NATOk ez dutela baimenik ematen armategi nuklearrak ikuskatzeko, eta gaineratu du AEBen, Erresuma Batuaren eta Frantziaren buru nuklearrak Errusiara begira daudela. Hori bai, baztertu egin du Errusia izango dela lehena eraso nuklear bat egiten.

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak azpimarratu du «deitoratu» egiten duela Putinek hartutako erabakia, eta Kremlineko buruari horri buruz hausnartu dezala eskatu dio. «Armak kontrolatzeko azpiegitura bertan behera geratu da. Arma nuklear gehiago eta kontrol gutxiago izateak arriskutsuagoa bilakatzen du mundua», nabarmendu du aliantza militarreko buruzagiak agerraldi batean, Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroarekin eta Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuarekin bildu eta gero.

AEBetako Estatu Departamentuak urtarril amaieran adierazi zuen, nolanahi ere, Errusiak ez zuela betetzen akordioan jasotakoa. Zehaztu zuen, hain zuzen, Moskuk ez zuela baimenik ematen bere armak ikuskatzeko. Kremlinek joan den abuztuan jada adierazi zuen bertan behera utzi zituela beren armategietan AEBak egitekoak ziren ikuskaritzak, argudiatuz Washingtonek oztopoak jarri izan zizkiola Moskuren ikuskaritzei.

Akordioan jasota dago, besteak beste, gehienez 1.550 jaurtigai nuklear izan ditzaketela bi herrialdeek, eta lurreko eta itsaspeko misil eta bonba jaurtitzaile nuklearren gehienezko zenbatekoa ere ezarria du: 700 unitate. Horrez gain, bi estatuei debekatzen die arma horiek beren eremuetatik kanpo ezartzea.

Bestalde, Alor ekonomikoaz eta herrialdeari ezarritako zigorrez ere aritu da estatuburua. Berretsi du Moskuren asmoa dela «nazioarteko ordainketa sistema seguru bat» sortzea, horrek modua emango baitio Mendebaldearekiko mendekotasuna murrizteko: «Ez ditugu akats berak errepikatuko. Ez dugu gure ekonomia suntsituko». Bide batez, erantzun dio Mendebaldeari «Errusiako herritarrei sufriarazteko» diseinatutako zigorrek ez dutela beren helburua bete.

Erreakzioak berehala heldu dira, eta Jake Sullivan AEBetako Segurtasun Nazionalerako aholkulariak ukatu egin du Errusiaren akusazioa. «Errusiak Ukrainan borrokatzeari utzi eta etxera alde egiten badu, gerra bukatuko da», esan die, kazetariei, Varsovian —han dago Joe Biden Etxe Zuriko maizterra—. Gaineratu du inor ez dela ari Errusiari eraso egiten. «Ideia hori absurdoa da».

Ikusi gehiago: AEBen babesa duela erakutsi nahi izan dio Bidenek Zelenskiri, Kievera joanda

Eta Kievetik ere erantzun diote Kremlineko buruari. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen aholkulari Mikhailo Podoliakek egotzi dio ez duela irtenbiderik planteatu, eta ez duela proposatuko. «Jendaurrean erakutsi du nahastuta dagoela», idatzi du Twitterren. Eta Reuters berri agentziari esan dio «errealitate guztiz diferente batean» bizi dela Putin, eta horretan ez dagoela elkarrizketa bat hasteko aukerarik.

Txinako Atzerri Ministerioak azpimarratu du, bestalde, «oso kezkatuta» dagoela gerra areagotzeagatik, eta horren balizko «kontrolik ezarengatik». Wang Yi Txinako Atzerri Gaietarako Batzorde Zentraleko buruak bihar bukatuko du azken astean Europan egin duen bira, eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin biltzekoa da Moskun. Txinak esan du irtenbide politiko bat eman nahi diola Ukrainako gatazkari, eta Xi Jinping presidentea bake egitasmoa bat aurkeztekoa dela ostiralean, inbasioaren lehen urteurrenean.

Ikusi gehiago: Txinak iragarri du bake egitasmo bat aurkeztuko duela Ukrainarako

19.000 biktima

Iazko otsailaren 24an Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, gutxienez 19.000 biktima zibil izan dira, OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak gaur jakinarazi zuenez: 7.200 bat hildako, eta 11.800 bat zauritu. Dena den, NBEren agentziak ohartarazi du litekeena dela kopurua, egiazki, handiagoa izatea.

Bidenen esanak

Joe Bidenek, berriz, ia ez die erreparatu ere egin Putinen hitzei, Varsovian iluntzean egindako agerraldian. Atzo Kievera joan eta gero, gaur Poloniako presidente Andrzej Dudarekin batzartu da. Etxe Zuriko maizterrak adierazi dio inbasiotik urtebetera «inoiz baino indartsuago» dagoela NATO, eta jendaurrean azpimarratu du aliatuek Ukrainari emandako laguntza ez dela ahulduko. Abagunea baliatu du, hori bai, Kremlineko buruari ohartarazpen bat egiteko: «Errusiak ez du sekula garaipenik lortuko Ukrainan».

Polonian egon da Biden —iazko martxoan ere Varsoviara joan zen—, besteak beste AEBetako armadako 11.000 soldadu daudelako bertan, eta, neurri handi batean, handik sartzen delako Ukrainari bidalitako material militarra,

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.