Pederastia

Abortua eta Elizako pederastia lotzen dituen ekintza egin dute Donostian

Muturreko talde katolikoek haurdunaldia eteteko eskubidearen aurka abiaturiko kanpainaren hasierarekin bat eginez, afixa faltsu bat jarri dute, Espainiako Apezpiku Konferentziaren sinadura erabilita.

Donostian agerturiko kartela. IRUTXULOKO HITZA
Edu Lartzanguren.
2023ko otsailaren 23a
15:33
Entzun

Aho zabalik geratu da bat baino gehiago, Donostiako Amara auzoan herenegun agerturiko kartel bat ikusita. Umeki baten irudia du erdian, eta mezu hau: Orain abortatzen baduzu... norekin egingo dugu txortan bospasei urte barru? Espainiako Apezpiku Konferentziaren izena eta logoa erabilita izenpetu dute mezua.

Komunikazio gerrilla deiturikoaren ekintza izan da. Izan ere, Promedios enpresak kudeatzen duen propaganda erakusleihoan sartu du kartela norbaitek, baimenik gabe. Lekua ere ondo pentsatu dute. Askabide sexu osasuneko klinika gertu dago, eta hori muturreko talde katolikoen jomuga izan da azken hilabeteotan.

Irutxuloko Hitza kazetak atzo zabaldu zuenez, Promedios enpresak kendu egin zuen txartela astearte gauean.

Lehen ere erabili izan dute propaganda molde hau Donostian. 2016. urtean, Espainiako errege-erreginei «ongi etorri» esan zieten, Donostia 2016 kultur hiriburutzaren izenean. «Kartela ez da gurea, norbaitek egin du geure irudia hartuz», desenkusatu zen erakundea.

Atzo bertan, adingabeak babesteko eta sexu abusuak prebenitzeko Bilboko elizbarrutiaren batzordeak jakinarazi zuen sexu abusuak aztertzeko 32 txosten ireki dituela 2019tik. Horietako bederatzi, iaz. «Onartzen dugu gure elizan sexu abusuak egon direla», adierazi zuen batzorde horren eledunak. Gaineratu zutenez, ez da erraza kopuru zehatzak ematea, biktimetako askok 10 bat urte zituztelako gehiegikeriak pairatu zituztenean, eta abusuak egin zituzten apaizetatik bi bakarrik identifikatu ahal izan dituztelako. Gainerako hamalau apaizak hilda daude.

Garizumako kanpaina

Muturreko talde katolikoek eta eskuin muturrekoek protesta ekintzak egin izan dituzte Askabiden lanean ari direnen eta hara laguntza eske doazen emakumeen aurka. Azken urteotan, askotan jarri izan dira parean, haiek estu hartzeko.

Abortuaren aurkako taldeak inauterien amaieraren eta Aste Santuaren hasieraren arteko garizuma garaiaz baliatu dira 40 egun bizitzaren alde kanpaina antolatzeko. Herenegun bertan hasi zen, eta apirilaren 2ra arte iraungo du.

Baina, oraingoan, ezingo dira bildu klinikaren parean. Izan ere, iazko apirilaren 14an indarrean sartu zen legearen arabera, debekaturik dago haurdunaldia eteten duten kliniken aurrean protesta egitea.

Iazko maiatzaren 7an, esaterako, ultrakatolikoek ezin izan zuten «prozesioa» egin Artzain Onaren katedral inguruetatik Askabidera, Ertzaintzak galarazi ziolako, legea ezarrita. Jende ugari elkartu zen klinikaren parean, hango langileei sostengua emateko eta haurdunaldia eteteko eskubidea defendatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.