GERRA UKRAINAN

Ukrainako muga indartzeko agindu du Putinek, zenbait drone Errusiako aire eremuan sartu ostean

Moskuren arabera, Ukrainatik jaurtitako drone bat hiriburutik ehun kilometrora lehertu zen atzo; Kievek, ordea, ez du bere gain hartu erasoa. Gaur, berriz, Kremlinek salatu du Ukrainak eraso «masibo bat» egin duela Krimearen aurka. Zelenskik onartu du Errusiaren aurkako guda «gogortu» egin dela Bakhmut hiri estrategikoan.

Donetsk Herri Errepublikako indarrak, Bakhmut hiritik gertu, Donbassen. ALESSANDRO GUERRA / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko martxoaren 1a
12:26
Entzun

Errusiako presidente Vladimir Putinek agindu argia helarazi zion atzo Defentsa Ministerioari: Ukrainako muga indartzeko. Izan ere, Kremlinen arabera, Ukrainatik zenbait drone jaurti zituzten Errusiara, eta horietako bat Moskutik ehun kilometrora lehertu zen, Kolomna barrutian; beste bi eraitsi egin zituzten herrialdearen hegoaldean. Horiek horrela, agintariek itxi egin zuten San Petersburgo hiriaren aire eremua.

Moskuko gobernadore Andej Vorobiobek adierazi zuenez, Kolomna barrutian eroritako dronearen helburua zen «azpiegitura zibil bat eraistea, baina ez zuen lortu». Ziurtatu zuen, halaber, droneak ez zuela kalterik eragin. FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federala gertatutakoa ikertzen ari da. Agintariek ez zuten zehaztu droneak zer azpiegiturari eraso zion, baina Gazprom Errusiako Estatuaren energia konpainiak zenbait instalazio ditu Kolomna barrutiko Gubastovo herritik gertu.

Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, piloturik gabeko hegazkinaren irudiek erakusten dute Ukrainan ekoitzia dela. Zortziehun kilometroko irismena du, baina ez da gai «pisu handiko lehergailuak» garraiatzeko.

Kievek, berriz, ez zuen eraso bakar bat ere bere gain hartu. Ukrainako presidente Volodomir Zelenskiren aholkulari Mikhailo Podoliak ukatu egin du gaur Errusiaren aurka oldartu izana: «Ukrainak ez dio erasotzen Errusiako Federazioaren lurraldeari. Ukrainak defentsarako gerra egiten du, bere lurralde guztiak askatzeko», idatzi du gaur Twitterren. Halere, Kremlineko eledun Dmitry Peskovek azkar erantzun dio adierazpen horri: «Ukraina gezurretan ari da».

Bada, drone erasoekin lotuta, Errusiako Defentsa Ministerioak gaur jakinarazi duenez, Ukrainako indarrek ahalegina egin dute piloturik gabeko hegazkinekin Krimeari «masiboki» erasotzeko, TASS Errusiako berri agentziak jasotakoaren arabera. Moskuren arabera, oldarraldi horretan ere ez inor hil. Ukrainak behin baino gehiagotan egin dio eraso Krimeari, Errusiak 2014an anexionatutako lurralde bati, droneekin edo beste bitarteko batzuekin. Tropa errusiarrak penintsula horretatik erabat erretiratzeko eskatzen du Kievek.

Borrokak, kalez kale

Gerra frontean, Zelenskik onartu du Errusiaren aurkako guda «gogortu» egin dela Donetskeko Bakhmut hiri estrategikoan. Kalez kale borrokatzen ari dira bi aldeak, eta, ondorioz, Kievek erabaki du soldadu gehiago bidaltzea hara. Presidenteak ukrainarrei bidalitako ohiko mezuan, Zelenskik esan du gerrako egoerarik «zailena» Bakhmutekoa dela oraindik, eta nabarmendu hiri horretako borroka irabaztea «oso garrantzitsua» dela Donetsk eskualdeko gainerako herrien defentsarako. Horrekin lotuta, Ukrainako armadako Estatu Nagusiak ziurtatu duenez, Bakhmutik tropak erretiratzeari buruzko erabakirik ez dute hartu «oraingoz».

Ikusi gehiago: Ukrainak ohartarazi du «gero eta zailagoa» dela Bakhmuteko egoera

Bestalde, Errusiako tropek hainbat erasoaldi egin dituzte gaur goizaldean, Ukrainako agintariek salatu dutenez. Kharkiv probintziako Txuhuiv herrian, esaterako, Errusiak jaurtitako bonbek etxebizitza eraikin bat jo dute, eta gutxienez bi lagun zauritu dira. Dnipropetrovsk probintzian, berriz, herrialdearen hego-ekialdean, erasoak izan dira gauean gutxienez lau herritan, eta energia azpiegiturak hondatu dituzte. Poltavako funtzionarioek esan dute Errusiaren bost drone eraitsi dituztela gutxienez.

Diplomazia arloan, Alexandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentea Xi Jinping Txinakoarekin batzartu da gaur, Pekinen, eta, bileraren ondoren adierazi duenez, Minskek «erabat babesten» du Pekinek joan den astean Ukrainarako proposatutako bake plana. Lukaxenkok nabarmendu duenez, «erabaki politiko arduratsuak hartu behar dituzte». Joan den ostiralean, Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuen urteurrenean, Pekinek hamabi puntuko dokumentu bat kaleratu zuen, eta eskatu zuen, besteak beste, su etena ezartzeko, Mendebaldeak Moskuri ezarritako zigorrak bertan behera uzteko, eta herrialde guztien subiranotasuna eta lurralde batasuna errespetatzeko. Dena den, Ameriketako Estatu Batuek, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak eta Europako Batasunak ez zuten aintzat hartu Txinaren plana.

NATO eta Finlandia

Finlandia NATOn sartzeko prozesua azkartzearen inguruan bozkatzekoak ziren gaur arratsaldean Eskandinaviako herrialde horretako parlamentuko diputatuak, eta arazorik gabe onartu dute; proposamenak legebiltzarreko berrehun kideetatik 184ren babesa jaso du; zazpik kontra egin dute, eta batek abstentziora jo du. Errusiak Ukraina inbaditu ondoren, Finlandiak —Errusiarekin duen mugarik luzeenetako bat du— eta Suediak utzi egin zioten hainbat hamarkadaz izandako neutraltasun estatusari, eta aliantza militarrera batzeko eskaera egin zuten iazko maiatzean. «Finlandiari eta Suediari ongietorria egiteko garaia iritsi da», adierazi zuen atzo NATOko idazkari nagusiak, Helsinkira egindako bisitan.

NATOn sartzeko, ordea, erakundeko kide diren 30 estaturen oniritzia behar dute. Zehazki, Helsinkik eta Stockholmek NATOko kide guztien babesa dute, Hungariarena eta Turkiarena izan ezik. Halere, Finlandiak Suediak baino oztopo diplomatiko gutxiagori aurre egin behar dio, eta, beraz, apirileko hauteskunde orokorrak baino lehen batu nahi du NATOra. Bide horretan, lege proiektu bat onartzeak bide emango dio Helsinkiri prozesua azkartzeko. Halere, Ankarak eta Budapestek berretsi egin behar dituzte Eskandinaviako bi estatu horien ekinaldiak. Bada, Hungariako presidente Katalin Novak parlamentuko ordezkariak deitu ditu Finlandiaren eta Suediaren eskaerak «ahalik eta lasterren» onartzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.