Inflazioa

Frantziak egin duen moduan erosketa saskia merkatzeko eskatu diote Madrili

Nadia Calviño Ekonomia ministroak espero du Frantziako kate handiek Espainian ere mugatzea produktu batzuen prezioak

Gasteizko supermerkatu bat. JAIZKI FONTANEDA (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko martxoaren 7a
16:12
Entzun

Frantziako Gobernuak herrialde hartako banaketa talde handiekin egin duen moduan oinarrizko erosketa saski bat osatuko luketen produktu batzuen prezioa mugatzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Gobernuko kide Unidas Podemosek eta hari babesa ematen dioten beste talde batzuek —Compromis, Mas Pais eta BNG— egin dute eskaera, Espainiako legediak horretarako aukera ematen duela argudiatuta —aurretik ere mintzatu da horren inguruan Yolanda Diaz Lan ministroa, ezer lortu gabe—.

Patxi Lopez PSOEko bozeramaileak aitortu du aukera «aztertzen» ari direla, baina gogoratu du Frantzian Nicolas Sarkozyren agintaldia ere egin zutela hori eta ez zuela «emaitza oso ona izan». «Ideia ona irudi dezakeen arren, denda txikientzat suntsitzailea izan daiteke».

Antzera mintzatu da Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiria, eta nabarmendu du Madrilek duela halako neurri bat ezartzeko eskumena.

Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroak, berriz, espero du Frantziako kate handiek Espainian ere mugatuko dituztela prezio batzuk. Hala ere, Elikagai jakin batzuen BEZa jaisteko Madrilek hartutako neurria babestu du hark, eta «eragina izaten ari dela» azpimarratu du, orain arte behintzat oso agerikoa izan ez den arren.

Eroskik esan du lanean ari dela erosketa saski «orekatu eta jasangarri» bat eskaintzeko. Efe berri agentziari egindako adierazpenetan adierazi duenez, 2022ko lehen seihilekoan irabazien marjina %11 murriztu zuen, «kostuen igoera osoa produktuen azken preziora ez eramateko erabakia hartu ondoren». Gogoratu du, halaber, Gabonetan hamar bat produktu lehengo prezio berean mantendu zituela, eta urtarrilean, bezeroen eskura jarri zuela 40 produktuko saski bat 70 euro baino gutxiagoren truke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.