Osasun sistema

Osakidetzako garbitzaile azpikontratatuek bi asteko greba egingo dute

Martxoaren 20tik apirilaren 2ra egingo dute. LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deitu dute grebara. Euren lan baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin homologatzea exijituko dute. ELAk apirilaren 3ra arte luzatu du bere lanuztea.

Osakidetzako garbitzaile azpikontratatuek agerraldia egin dute gaur, Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko martxoaren 16a
13:26
Entzun

Osakidetzako garbitzaile azpikontratatuek bi asteko greba egingo dute. LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek agerraldia egin dute gaur Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, eta hala adierazi dute. «Martxoaren 20tik apirilaren 2ra bitarte lanuztea egingo dugu. Argi eta garbi adieraziko diegu bai enpresei, bai Osakidetzako zuzendaritzari homologazioa ez dela ukitzen; ziur gaude mobilizazioarekin eta borrokarekin lortuko dugula».

Bost urte daramatzate lan ituna negoziatu nahian. Hala ere, negoziazioa «blokeatuta» dagoela salatu dute. «Enpresekin hamaika bilera egin ditugun arren, hasieran bezala gaude». Euren helburua da garbitzaileen lan baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin homologatzea. «Ez gara homologaziotik harago doazen gaiak aldarrikatzen ari. Besterik gabe, Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatzeko eskatzen ari gara».

Enpresen jarrera «erosoa» kritikatu dute sindikatuek: «Erantzukizuna Osakidetzako zuzendaritzari zuzendu diote; ez dute sindikatuekin ezer adostu nahi, Osakidetzako zuzendaritzaren aldez aurreko oniritzirik ez badute». Hori dela eta, bi urte daramatzate Osakidetzaren «atea jotzen», egoera desblokeatu nahian. Duela hilabete batzuk, bitartekaritza prozesua ireki zuten harekin, baina Osakidetzak izendatutako bitartekariak «proposamen pobre» bat besterik ez die helarazi. Gainera, salatu dute ia hilabete igaro dela azkenekoz haren berri izan zutenetik.

Eusko Jaurlaritzaren jarrera ere zalantzan jarri dute. «Zergatik inplikatzen da sektore maskulinizatuetako gatazketan, eta bizkarra ematen du lan gatazkaren protagonistak emakumeak garenean?» Jarrera horrek Martxoaren 8an egindako adierazpen instituzionalak «hitz hutsal» bihurtzen dituela adierazi dute. «Marketin hutsa da».

Aurreko greba gogoan

Ez da garbitzaileek egiten duten lehenengo greba. Izan ere, astebeteko greba egin zuten duela bi aste. «Gaizkile bezala tratatu gintuzten, eta dagokiguna aldarrikatzen ari gara». Gurutzetako ospitalean langileen aurka izandako «karga polizialaren irudiak» ongi gogoan dituztela esan dute, eta aste osoan pairatu zuten «presio poliziak itogarria» ere bai.

Nahiz eta oraindik ez dituzten grebarako gutxieneko zerbitzuak ezarri, sindikatuek aurreikusi dute Lan Sailak aurrekoak areagotuko dituela, Osakidetzak hala eskatu baitu. «Horrela bada, gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak eta neurrigabeak direla salatuko dugu, grebarako oinarrizko eskubidea urratzen dutelako».

ELA, apirilaren 3ra arte greban

ELA sindikatua ere greban dago, eta erabaki du apirilaren 3ra arte luzatuko duela lanuztea. Ohar bidez adierazi dutenez, helburua da negoziazioa desblokeatzea eta karrera profesionala ordaintzea. «Osakidetzak bere langileei 2019ko, 2020ko eta 2021eko lanbide karrera ordaintzearen ondorioz, garbiketako langile azpikontratatuek ere kobratzeko eskubidea eskatzen dute, ez besterik». Izan ere, langile azpikontratatuek ez dituzte urte horietako karreretako deialdiak kobratu, eta 2012koa ere ez. ELA ere Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan mobilizatu da gaur goizean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.