Albistea entzun

HEZKUNTZA

Nafarroako lehendakariarekin zuzenean negoziatzeko eskaera egin dute hezkuntzako sindikatuek

Salatu dute Hezkuntza Sailak «jarrera arduragabea» izan duela negoziazioetan. Apirilaren 3rako greba deialdia zutik dago oraindik.

Sindikatu guztietako ordezkariek gaur goizean egindako agerraldia, Iruñean.
Sindikatu guztietako ordezkariek gaur goizean egindako agerraldia, Iruñean. LAB Tamaina handiagoan ikusi

Jone Arruabarrena -

2023ko martxoak 20

Apirilaren 3rako Nafarroako Hezkuntza publikoan grebara deitu duten sindikatuek —LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT— Maria Txibite lehendakariari eskatu diote beraiekin «zuzenean» negoziatzeko, Hezkuntza Sailaren bitartekaritzarik gabe. Izan ere, gaur goizean egindako agerraldi batean, LAB sindikatuko ordezkari Edurne Erreak eta Steilaseko Oihane Jordanak salatu dute «jarrera arduragabea» izan duela Hezkuntza Sailak, eta «egoskorkeria» leporatu diote.

Martxoaren 6an egin zuten sindikatuek hezkuntza publikoan greba egiteko deialdia, eta egun berean egin zioten Hezkuntza Departamentuari negoziazio bilera baterako eskaera. Gaur salatu dutenez, orduko hartan ez zuten erantzunik jaso, eta, hortaz, astebete geroago berriro ere egin zuten bilkura egiteko eskaera. Hezkuntza Sailak erantzun zion bigarren proposamenari, eta joan den ostiralean bildu zen sindikatuekin. «Bertan Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia eta Hezkuntza kontseilaria bera falta zirela nabarmendu nahi dugu. Departamentuko ordezkarien jarrera edozein negoziazioren aurkakoa izan zen», gaitzetsi dute sindikatuek.

Aldarrikapenen babes zabala

Lau dira grebaren bidez aldarrikatu dituzten eskubide nagusiak: «ratioak modu linealean jaistea, lan gainkarga murriztea, plantilaren egonkortasuna handitzea eta erosahalmena berreskuratzea». Horiek mahai gainean jarri zituzten bileran, azaldu dutenez, baina Hezkuntza Sailak ez zuen horiei erantzuteko «proposamenik» eraman: «Are gehiago, lehenengo premisa izan zen ez dutela inbertsio ekonomikoa dakarren ezer negoziatuko, eta horrek erakusten du edozein negoziazioren inguruan dagoen jarrera itxia». Gehitu dute, gainera, bestelakoa izan dela administrazioko beste talde batzuekin gobernuak izan duen jarrera, lan baldintzak zein soldata igoera negoziatzeko orduan.

Horrez gain, azaldu dute astebetean «40 irakasle talde» batzartu direla greban egin beharreko aldarrikapenak eztabaidatzeko, eta klaustro askok atxikimendua eman dutela ere baieztatu dute. «Sindikatu deitzaileok prest gaude negoziatzeko», adierazi dute. Horregatik egin diote dei Maria Txibite lehendakariari zuzenean beraiekin negoziatzeko, «zenbait adierazpenetan elkarrizketa sozialaren garrantzia nabarmendu baitu eta ildo horretan jarraitzeko konpromisoa hartu baitu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Gorka Rubio /  FOKU

Eskola publikoko eragileek «ezezko borobila» eman diote legeari kalean

Irati Urdalleta Lete

Euskal Eskola Publikoaz Harro-k deituta, manifestazioak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Gaitzetsi dutenez, Hezkuntza Lege proiektuak ez du eskola publikoa sistemaren «muinean» jartzen
Bilboko itsasadarra. ©Bilboko Udala.

Gizonezko baten gorpua aurkitu dute Bilboko itsasadarrean

Berria

10:20 aldera aurkitu dute hilotza. Bilboko Auzitegi Medikuntza Institutura eraman dute, autopsia egiteko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege proiektuak euskara eta euskal kultura al ditu ardatz?

Lausotasunak ilundutako asmoak

Jone Bastida Alzuru

'Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege proiektuak euskara eta euskal kultura al ditu ardatz?'. Galdera horri erantzuten saiatu dira Idurre Eskisabel, Asier Etxenike eta Iratxe Retolaza.
 ©Eusko Legebiltzarra

Salatu dute Hezkuntza Lege proiektuak ez duela sare publikoa lehenesten

Edurne Begiristain

EHIGE ez dago ados Hezkuntza Lege proiektuarekin, eta Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak «errotik» aldatzeko eskatu du. Kristau Eskolaren ustez, «apustu ausarta» da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...