Hezkuntza
‘Zelaa legea’ babestuko du Konstituzionalak, Voxen helegite bat atzera botata
Epaimahaiak atzera bota du ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeak diruz laguntzearen alde egiten zuen ebazpen zirriborroa.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalean izandago aldaketak eragin nabarmena izan du organo haren erabakietan. Besteak beste, otsailean, 2010eko Abortuaren Legea babestu zuen; herenegun, berriz, Eutanasiaren Legea. Bide bera hartu du LOMLOE hezkuntza legeak ere; Zelaa legea izenez da ezaguna. Izan ere, epaimahaiaren gehiengoak atzera bota du Ricardo Enriquez magistratuak aurkeztutako ebazpen zirriborroa. Enriquezek Espainiako Konstituzioaren kontrakotzat jo zituen bi puntu: sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeen ingurukoa eta behar bereziak dituzten ikasleen ingurukoa.
LOMLOE legeak ezarritako berritasunen artean dago ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten eskolei diru laguntza publikorik ez ematea. Konstituzionalak 2018an ebatzi zuen ikastetxeek halako bereizketak egiteko aukera dutela, baina oraingoan ebaztear da legezkoa dela horiek diru publikorik ez jasotzea ere. Bestalde, ikasleak hezkuntza bereziko ikastetxeetatik ohiko ikastetxeetara pasatzeko urratsak aurreikusten ditu legeak, segregazio mota hori ere bereizteko asmoz.
Enriquezen ustez, bi puntu horiek Espainiako Konstituzioaren aurkakoak lirateke. Besteak beste, zirriborroan adierazi du legeak ez dituela kontuan hartzen behar bereziak dituzten ikasleen familien nahiak.
Magistratu hark bloke kontserbadorearen babesa jaso du Konstituzionalaren bilkuran, eta lau izan dira legearen bi atal horien kontra egin duten magistratuak. Kontrara, sei magistratu progresistak baztertu egin dute Enriquezen txostena âÂÂÂÂJuan Carlos Campo ministro ohia abstenitu egin daâÂÂÂÂ.
Hala, Enriquezek txosten berri bat idatzi beharko du orain, Auzitegi Konstituzionaleko gehiengoaren asmoekin bat egingo duena. Hura berriz aztertuko dute bilkuran, eta asmoa da datozen asteetan LOMLOE legearen aldeko ebazpena plazaratzea. Litekeena da Enriquezek boto partikular bat ere idaztea.p>
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.