Zergak

Nafarroan Aste Santuaren ondoren hasiko da errentaren kanpaina

Elma Saiz Nafarroako Ogasun kontseilaria. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko martxoaren 31
16:48
Entzun

Udaberria da Hego Euskal Herriko zergapekoek beren lurraldeko ogasunarekin dituzten harremanak kitatzeko sasoia. Gipuzkoak asteazkenean aurkeztu zuen bere errenta kanpaina, eta gaur izan da Nafarroako eta Arabako ogasunen txanda.

Nafarroan apirilaren 12an hasiko da kanpaina, egun horretan iritsiko baitzaizkie ogasunak egindako errenta aitorpenak lurraldeko zergapekoei. Zehazki, 203.145 aitorpen proposamen egin ditu; horietatik, 136.444ek zergadunaren aldeko emaitza dakarte (%67).

Zergadunek Renta.navarra.es webgunean kontsultatu ahalko dituzte proposamenak. Ezer egiten ez badute, ogasunak ulertuko du ontzat hartzen dutela aitorpena, eta dirua itzultzen hasiko da apirilaren 19tik aurrera. Kalkulatu duenez, 105 milioi euro itzuliko dizkie.

Apirilaren 19an ere hasiko da Internet bidezko aitorpenak aurkezteko epea.

Egun bat lehenago, hilaren 18an, abian jarriko da aitorpen telefonoz eta aurrez aurre egiteko aukera, eta ekainaren 23an bukatuko da. Batean zein bestean derrigorrezkoa izango da aurretiko hitzordua eskatzea, apirilaren 14tik aurrera, Internet bidez.

Aurreko urteetan, Iruñean, Tuteran, Lizarran eta Tafallan egin dira aurrez aurreko aitorpenak, baina aurten bosgarren bat egongo da, Donezteben.

146 milioi euroko aurrezkia

Beste berritasun batzuk baditu 2022ko errenta kanpainak. Nagusia da Nafarroako Parlamentuak zerga kenkari bat onartu zuela urtean 35.000 eurotik beherako errenta dutenei: zehazki 540 jasoko dituzte 18.000 eurotik beherakoek, eta, errentahorretatik gora, apurka jaitsiz joango da kenkaria. Nafarroako Gobernuak kalkulatzen duenez, 297.000 nafarri egingo die mesede, eta ogasunak 65 milioi euro biltzeari utziko dio.

Beste neurri batzuk ere gogorarazi ditu Elma Saiz Ogasun kontseilariak: gutxieneko pertsonal eta familiarra %5 handituko da, eta ehun euro handiagoa izango da 30.000 eurotik beherako errentak dituztenentzat; enpresa jardueraren etekin garbiari %3ko kenkaria ezarriko zaio kuotan, eta %2ko deflaktazioa izango da errenta zergaren tauletan. Ogasunak kalkulatu duenez, neurri horiekin guztiekin 146 milioi euro aurreztuko dituzte Nafarroako zergadunek.

Araba

Araban, astelehenetik aurrera ikusi ahal izango dute beren aitorpena 142.707 zergapekok. Aurreko urtean baino %6 gehiago dira, eta iaz baino hamazazpi milioi gehiago jasoko dituzte. «Iaz hartutako neurrien eragina islatzen duen zifra bat da; inflazioaren eragina eta familia eta enpresen krisia arintzeko aldundi honek hartutako 200 euroko kenkaria, eta %5,5eko deflaktazioa dira neurri horietako batzuk», azaldu du Itziar Gonzalo Ogasun diputatuak.

Ogasunak egindako aitorpena jasoko duten arabarrek gutun baten bidez izango dute horren berri. Nortasun agiria eta jakinarazpenean adierazitako zenbatekoa sartuta, likidazioa onartu ahal izango dute, eta 48 orduko epean ordainduko die ogasunak, apirilaren 19tik aurrera. Ziurtagiri digitala edukiz gero, onartu ahalko da, eta, hala behar bada, proposamena moldatu ere bai, apirilaren 3tik aurrera.

Modalitate horretan sartzen dira alokatutako etxebizitza batean bizi direnak eta alokatutako etxebizitzen jabeak, lehenengo kasuan ordaindutako zenbatekoa sartzeko eta ohiko etxebizitzaren alokairuaren kenkaria aplikatzeko, eta, jabeen kasuan, errenta gisa jasotako zenbatekoa.

Rentared programaren bitartez, aitorpena Internet bidez egin ahal izango dute arabarrek, baina baita aurrez aurre ere, apirilaren 19tik aurrera, Arabako Foru Ogasunaren Gasteiz, Laudio eta Guardiako bulegoetan.

Arabako Ogasunak zergadunei guztira 134 milioi euro itzultzea espero du. Gainera, ordaintzeko aitorpenen bidez 104 milioi euro biltzea aurreikusi du. Kanpaina honetan, guztira 189.500 pertsonak egingo dute zerga aitorpena Araban. Haietatik ia %65,49k aitorpenaren emaitza itzultzea izango dute. Ogasunetik 1.081 euro jasoko dituzte batez beste. Gainerakoek, aitorpen positiboek, 1.926 euro ordaindu beharko dituzte batez beste.

Berritasunen artean, mendeko pertsonei zuzendutako kenkaria nabarmendu Gonzalok; gradu jakin bateko desgaitasuna edo mendekotasuna dutenentzat laguntzaile pertsonalak kontratatzea sustatzen baitu. Halaber, desgaitasun edo mendekotasunen bat dutenen ohiko etxebizitza birgaitzearen kenkaria ere handitu da, betiere birgaitzeak oztopo arkitektonikoak kentzea badakar. Zergadun guztientzat, ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin erlazionatutako pizgarri fiskal sorta bat adostu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.