Sudan

Atzerritarrak Sudandik ateratzeko operazioak ugaritu dira, eta erasoek ez dute etenik Khartumen

Milioika herritar hiriburuan harrapatuta daude, eta janari eta ur eskasia gero eta handiagoa dute.

Jordaniako eta beste zenbait herrialdetako 340 lagun inguru, Ammango aireportuan, Sudandik atera dituen hegazkinetik jaitsi ondoren. MOHAMMED ALI
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko apirilaren 24a
12:12
Entzun

Sudanen, atzerritarrak herrialdetik ateratzeko hainbat operazio egin dituzte azken orduetan. Estatu batzuk presaka ari dira lanean beren herritarrak Sudandik eramateko, ez daitezen harrapatuta gelditu apirilaren 15ean Sudango armadaren eta RSF Azkar Laguntzeko Indarren artean piztu zen gatazkan. Aldi berean, milioika lagun daude etxetik irten ezinda Khartumen, geroz eta kezka handiagoarekin, egoerak okerrera egingo duen beldur, ikusita gatazkan bitartekari izan zitezkeen atzerriko talde diplomatikoak ihes egiten ari direla Sudandik.

Armadaren eta RSFren arteko borrokek giza krisia eragin dute. Gutxienez 420 lagun hil dira orain arte, eta 3.700 baino gehiago zauritu. Khartumen, milaka herritarrek ihes egin dute etxetik; gainera, milioika dira oraindik etxean gordeta daudenak, bonbetatik eta tiroetatik babestu nahian, eta geroz eta janari, ur eta argindar eskasia handia dute.

Sudango armadaren eta RSFren arteko borrokak ez dira eten hiriburuan, nahiz eta ostiralean hiru eguneko su etena iragarri zuten. Hala ere, bi aldeek erraztu egin dituzte atzerritarrak ateratzeko operazioak. Ez dute elkarlan bera erakutsi Sudango herritarren behar humanitarioak arintze aldera. Errepidea ez da batere segurua, zenbait lekukotzaren arabera, RSFko soldaduak autoak osten ari direlako.

Ikusi gehiago:Sudanen gertatzen ari dena ulertzeko gakoak

Aitzitik, eraso batzuek osasun zentroei kalte egin dietela jakinarazi du Tedros Adhanom Ghebreyesus OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendariak. «Paramedikuek, erizainek eta medikuek ez dute zaurituengana iristeko modurik askotan, eta zaurituak ezin dira heldu osasun zentroetara», adierazi zuen atzo Twitter bidez. OMEren Mediterraneo ekialdeko bulegoaren arabera, hamalau erasok eragin diete osasun zentroei, eta zortzi lagun hil dira horietan.

Gelditu ala ihes egin, erabaki zail hori hartu beharrean daude Khartumen bizi diren herritarrak. «Inoiz hartu dudan erabakirik zailena da», adierazi dio 37 urteko Mohamedek Al Jazeera hedabideari, hiriburutik ihes egin ostean. «Norbaitek esango balit gure ingurua segurua dela, segundo bakarrean hartuko genuke itzulerako bidea. Baina ezin gara itzuli».

Khartumetik ihes egin duten gehienek ekialdeko Port Sudan hirira jo dute —hiriburutik 800 kilometro ingurura—, oraingoz nahiko gune segurua delako eta itsasbideak dituelako, hiria Djibutirekin eta Egiptorekin lotzen dutenak. Beste batzuek iparraldera jo dute, Wadi Halfa hirira, Egiptoko muga zeharkatzeko asmoz.

Atzerriko operazioak

Saudi Arabia izan zen bere herritarrak ateratzeko operazio bat egiten lehena, larunbatean. Lurretik garraiatu zituen Khartumdik ekialdeko Port Sudan hiriraino, eta, handik, barkuz Itsaso Gorriaren beste aldera, Saudi Arabiara. Bide bera erabili dute asteburuan NBE Nazio Batuen Erakundeko hainbat autobusek eta autok.

AEBek airetik atera dituzte ehun herritar inguru. Indar bereziek erabiltzen dituzten helikopteroen sorta bat bidali dute Djibutin duten base militarretik. Italiak eta Frantziak ere Djibutira eraman zituzten Sudandik ateratako herritarrak. Espainiak ehun bat lagun lekualdatu ditu hegazkinez Sudandik kanpora. Erresuma Batuak bere diplomazialari guztiak atera ditu, atzo Rishi Sunak lehen ministroak baieztatu zuenez, eta Alemaniak, Herbehereek, Greziak, Ghanak, Libiak eta Indiak iragarri zuten operazioak hasi zituztela beren estatuetako herritarrak eta beste batzuetakoak ateratzeko. Jordaniak adierazi du 340 lagun inguru atera dituela, eta Egiptok dei egin die Sudanen dituen 10.000 herritarrei Port Sudango eta Wadi Halfako kontsulatuetara joan daitezen, herrialdetik irten ahal izateko.

Trantsizioa

Militarrek 2019an Omar al-Baxir boteretik kentzeko estatu kolpea eman zutenetik, trantsizio prozesu batean murgilduta zegoen Sudan, hura aurrera eramateko zailtasun handiekin. Trantsizioa bideratzeko aurreneko saiakerak porrot egin zuen, duela urte eta erdi. 2021eko urrian, estatu kolpea eman zuten militarrek, eta Abdalla Hamdok lehen ministroa buru zuen trantsizioko gobernu zibila indargabetu. Urtebete pasa geroago, iazko abenduan, sektore zibilek eta militarrek akordio bat sinatu zuten, zeinak zehazten duen zein diren eman beharreko pausoak trantsizioa gauzatzeko eta zibilek militarrak ordezkatzeko herrialdearen buruzagitzan.

Horretarako behin betiko ituna sinatzekoak ziren auzian inplikatutako aldeak joan den hilaren 1ean, baina bi aldiz atzeratu dute, adostasunik ez baita paramilitarrak armadan integratzeko moduari dagokionez. Al-Burhanek martxo amaieran adierazi zuen krisia konpontzeko prozesua «luzea eta zaila» izango zela. Eta egoerak okerrera egin zuen apirilaren 6an, zeren paramilitarrek beren unitateak hedatu zituzten Khartumgo kaleetan, armadari hori egiteko baimenik eskatu gabe.

2013an, Omar al-Baxir presidenteak talde paramilitar bilakatu zuen RSF talde armatua, eta buruzagi militarren pareko karguak eman zizkien hartako arduradunei. Jarraian, Hego Darfurrera, Yemenera eta Libiara bidali zituen borrokara. 2019an Al-Baxir indarrez kargugabetu zutenerako, armadaren eta paramilitarren arteko lehia piztua zen.

Abdu Fattah al-Burhan armadaren buruak joan den astean adierazi zuen «gobernu zibil bat» ezartzea duela helburu. «Sinetsita gaude gure helburua lortuko dugula, eta estatuaren batasuna eta segurtasuna bermatuko ditugula, gobernu zibil baterako trantsizioari bide emanez». Mohamed Hamdan Dagalo paramilitarren buruak, berriz, esana du al-Burhan preso hartzea dutela azken xedea, eta bide batez, egungo armada desegitea.

NBEren Segurtasun Kontseiluak Sudango egoera aztertzeko bilkura egingo du bihar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.