Inflazioa

Euroguneko inflazioa %7ra igo da, eta interes tasen beste igoera bat hauspotu du

Azpiko inflazioa hamarren bat apaldu da (%5,6), baina ez Europako Banku Zentralak nahi duen erritmoan. Ostegunean bilduko da tasei buruz erabakitzeko.

Christine Lagarde EBZko presidentea, aurreko astean. OLIVIER MATTHYS (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko maiatzaren 2a
13:11
Entzun

Martxoarekin alderatuta, Euroguneko inflazio tasa hamarren bat igo da apirilean, %7raino, batez ere jakien prezioen igoerak bultzatuta, Eurostaten arabera.

Hala ere, azpiko inflazioa hamarren bat apaldu da (% 5,6ra) –inflazio mota horrek ez ditu aintzat hartzen energiaren, elikagaien, alkoholaren eta tabakoaren prezioak–. Europako Banku Zentralarentzat (EBZ), hori izan ohi da erreferentziazko adierazlea interes tasen inguruko estrategia finkatzeko orduan. Eta haren helburuetatik oso urrun dago oraindik —%2ra jaitsi nahi du—.

Inflazio tasarik handienak Letoniakoa (%15), Eslovakiakoa (%14), Lituaniakoa (%13,3) eta Estoniakoa (%13,2) dira. Inflazioa bi hamarren jaitsi da Alemanian, % 7,6raino, baina igo egin da Frantzian –bi hamarren, % 6,9ra–, Italian –zazpi hamarren, %8,8ra– eta Herbehereetan –1,4 puntu, %5,9ra–.

EBZ ostegun honetan bilduko da, interes tasak berriro igoko ote dituen aztertzeko. Itxura guztien arabera, hala egingo du. Martxoaren 16ko bileran beste 50 puntu igo zituen, %3,5eraino. AEBetako SVB bankuaren eta Suitzako Credit Suissen hondoratzeak sortutako finantza ekaitzak ez zuen kikildu EBZ, ezta AEBetako Erreserba Federala ere.

Izan ere, gertakari horiek zalantzan jarri zuten banku zentralek aplikatutako tasen igoerek finantza erakundeetan duten eragina, bankuek diru gehiago itzuli behar dietelako bezeroei eta batzuek likidezia arazoak dituztelako.

Bankuen egoera

Euroguneko finantza erakundeak ez daude egoera horretan, EBZren arabera. Haietan ere likideziak apur bat okerrera egin duen arren, kapitalari ondo eusten diotela azpimarratu du, eta, horretarako, finantzaketa kostuak handitu dituztela; beste modu batean esanda, enpresentzako eta etxebizitzak erosteko kredituen estandarrak gogortu dituzte.

Euroguneko bankuen %27k aitortu du urteko lehen hiruhilekoan gogortu egin dituela enpresei emandako kredituen baldintzak –%27k gogortu egin zituen iazko laugarren hiruhilekoan–. Eta %19k dio gauza bera egin duela etxebizitza erosteko maileguekin (%21ek gogortu egin zituen aurretik).

EBZk dio 2011ko krisiaz geroztik ez zela halako gogortzerik izan eta urteko bigarren hiruhilekoan joera horri eutsiko zaiola, «baina modu moderatuagoan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.