Ekialde Hurbila
Israelek eta agintari palestinarrek su eten bat adostu dute
Ordu batzuk lehenago, Israelek Gaza bonbardatu du. Gutxienez palestinar bat hil da Israelen bonbardaketetan.

Azken bi egunetako borroken ostean, Israelek eta agintari palestinarrek su eten bat adostu dute bart gauean. 05:00etan sartu da indarrean, Maan Palestinako hedabidearen arabera.
Tentsioak eta borrokak azken bi egunetan areagotu dira. Igandean, Khader Adnan Jihad Islamikoko buruzagia hil zen, Israelen espetxe batean, 85 eguneko gose greba baten ondoren. Palestinarrek Israel egin zuten heriotza horren erantzule, eta atzo hainbat suziri bota zituzten.
Israelek bart gauean erantzun du, Gaza bonbardatuz, Israelgo Defentsarako Indarrak (FDI) jakinarazi duenez. Gauerdian hasi da erasoa, eta, Wafa Palestinako albiste agentziaren arabera, bota dituzten misiletako bost zibilak bizi diren eraikinetan erori dira. Ondorioz, gutxienez pertsona bat hil da, eta beste bost zauritu. Khan Yunisen eta Jabalian ere erori dira misilak. FDIren arabera, Hamasen entrenatzeko gune bati eta arma fabrika eta biltegi bati egin diote eraso.
Ordu batzuk geroago adostu dute menia bi aldeek. Su etena indarrean sartu ondoren, Israelek alarmak piztu ditu Gaza ondoko mugan, baina gero azaldu du alarma faltsu bat izan dela.
Bestalde, azken orduetan hamabost palestinar atxilotu dituzte Zisjordanian. Bost pertsona atxilotu dituzte Ramallahn, tartean preso ohi bat; Hebronen atzeman dituzte beste zazpi palestinar; tartean, 67 urteko diputatu ohi Azzam al-Tamimi eta haren hiru semeak. Tulkaremen eta Jerusalemen izan dira gainontzeko atxiloketak.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.