Albistea entzun

Administrazio publikoa

LABek alde handiz irabazi ditu Nafarroako foru administrazioko hauteskundeak

Osasunbideko emaitzak aintzat harturik, sindikatu abertzaleak 77 ordezkari lortu ditu, 2019an baino zortzi gehiago. Afapnak 43 lortu ditu; CCOOk, 37; ELAk, 30; ANPEk, 20; UGTk, 18; eta Steilasek, 15.

Langile publiko bat bozkatzen, atzo
Langile publiko bat bozkatzen, atzo Nafarroako Gobernua Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2023ko maiatzak 18 09:18

Atzo Nafarroako administrazio publikoan lan egiten duten 32.444 langile zeuden deituta hauteskunde sindikaletarako. Gaueko txandan lan egiten duten Osasunbideko langileak direla-eta, azken emaitza gaueko ordu txikietan jakin da. Hala, LABek irabazi ditu bozak: 77 ordezkari lortu ditu, duela lau urte baino zortzi gehiago.

Ondorioz, Nafarroako administrazioan zuen nagusitasuna sendotu egin du LABek. Guztira, 3.492 langile publikok adierazi diete babesa.

Bigarrenarekiko aldea handiagoa da: Afapnak 43 ordezkari lortu ditu —2.105 boto lortuta—; CCOOk, 37 —1.500 botorekin— , ELAk, 30 —1.253 langileren sostengua izan du—; Sindikatu Medikoak 29 lortu ditu, horietatik 26 Osasunbidean —1.308 botorekin—; ANPEk, 20; Steilasek, 15, eta UGTk, 16. Adierazgarria da UGTk bederatzi kide gutxiago lortu eta beherakada handia izan duela, sindikatu korporatiboen mesedetan.

Orotara, 31.280 funtzionario eta foru administrazioarekin kontratua duten 984 langile zeuden deituta —horietatik herenak inguru, Osasunbidean: 13.009 langile—. Parte hartzea, berriz, %51ekoa izan da; hots, 16.606 langile publikok bozkatu dute hauteskundeetan.

Deigarria da duela lau urteko egoeraren aldean enplegu publikoak gora egin duela nabarmen, batik bat Osasunbidean, Administrazio Nukleoan eta irakaskuntzan —2019an, 27.105 langile publiko zeuden, eta egun, 5.339 gehiago—.

Ikusi gehiago: LAB: «Eraldaketa sakonak bultzatzen jarraituko dugu»

Hirugarren indarra CCOO izan da, 37 ordezkari lortuta. Aurreko lau urteetako emaitza okertu du: lau kide gutxiago ditu. 1.500 langileren babesa jaso du.

ELAk duela lau urte baino bi ordezkari gutxiago izan ditu. 32 ordezkari zituen lehen, eta, Osasunbideko emaitzak kontuan harturik, 30 ditu orain. Berez, funtzionarioen artean emaitza parekatu du, baina kontratua duten langileen artean galdu ditu bi ordezkari horiek. Orotara, 1.253 langile publikok bozkatu dute haren alde.

UGTren beherakada handia

UGT izan da beherakada handiena jasan duen sindikatua, alde handiz. 2019an 27 ordezkari zituen, eta lau urte geroago, hemezortzirekin geratuko da; bederatzi ordezkari gutxiagorekin, alegia.

Gainerako sindikatuei dagokienez, ANPEk 20 ordezkari ditu, duela lau urte baino hiru gehiago; Steilasek, berriz, gorakada handia izan du, eta hamabost eskuratu ditu, lau gehiago. 582 langilek eman diete babesa.

Osasunbideko emaitzak

Nahiz eta botoen daturik ez eman, ordezkari kopuruari dagokionez, Osasunbidean sindikatu korporatiboak nagusitu dira.

Hain zuzen ere, Sindikatu Medikoak Nafarroako Gobernuarekin lortutako akordioari etekina atera dio hauteskundeetan. Izan ere, funtzionarioak eta langile kontratadunak aintzat harturik, Sindikatu Medikoa nagusitu da, 26 ordezkarirekin (13 funtzionarioen artean eta beste 13 kontratudunen artean). Duela lau urte baino sei gehiago erdietsi dituzte. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan beste hiru ordezkari lortu dituzte.

Bigarren sindikatua LAB izan da, 16 ordezkari lortu baititu (13 funtzionarioen artean, 2019an bezala). Dena den, Osasunbideko funtzionarioak soilik kontuan hartuz gero, SATSE gailendu da, eta duela bi urte baino bi ordezkari gehiago eskuratu ditu (hamalau, guztira). Beste sindikatuen artean, horrela geratu dira: USAE (8), UGT (6), Afapna (6) CCOO

Emaitzak, atalka

Administrazioaren barruko egiturei begira, administrazio nukleoan 16 ordezkari lortu ditu LABek, zazpi Afapnak, bost CCOOk eta ELAk, eta bi UGTk.

Irakasleen artean, Steilas nagusitu da, alde handiz: hamabost ordezkari ditu Steilasek, hamahiru ANPEk, hamabi LABek eta Afapnak, bost CCOOk, eta lau ELAk.

Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Agentzian, LABek bost lortu ditu, eta ELAk, lau —Afapnak, hiru; CCOOk eta USAEk, bi; eta UGTk, bat—.

Larrialdien eta Nafarroako Suhiltzaileen atalean, LAB aise nagusitu da: hamar ordezkari lortu ditu, eta bigarrenak, CCOOk, lau —ELAk, bi, eta UGTk, bat—.

Foruzaingoan, bi sindikatu korporatiboek nagusitasuna sendotu dute, baina haien arteko indar oreka aldatu da: CSIF (9) gailendu zaio APFri (8). CCOOk hiru ordezkari eskuratu ditu; Afapnak, bi; eta ELAk, bat.

Nafar Lansaren, Afapnak, CCOOk, ELAk eta LABek bina ordezkari lortu dituzte, eta UGTk, bat. Euskarabidean, LABek bost kide eskuratu ditu, eta ELAk, bi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©R. H.
Lehortearen eraginak, Fustiñanako zereal lurretan (Nafarroa). ©IÃÑIGO URIZ / FOKU

JATEN DUGUN LURRA

Jokin Sagarzazu

Hego Euskal Herrian erabilgarri dagoen uraren %80 nekazaritzan erabiltzen da, lurrak ureztatzeko. Jada hasiak dira labore batzuk beste batzuekin ordezkatzen eta ekoizpenean ur gutxiago baliatzeko teknikak erabiltzen.
 ©ADRIANA CLIVILLE
Auto baten estankotasuna probatzeko ganbera Suzukiren Hungariako lantegi batean. ©ZSOLT SZIGETVARY / EFE

Ura, ekonomiaren zainetan

Irune Lasa

Industrian, zerbitzuetan, ekonomiaren alor gehienetan bihurtu da ezinbestekoa ura erabiltzea. Eta badaude sektore batzuk ur kontsumitzaile oso handiak direnak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...