Albistea entzun

Enpresak

Gipuzkoan «bake soziala» lortu dela nabarmendu du Adegik

Urtarrilean baino baikorrago daude lurraldeko enpresak. Aurten 3.000 eta 4.000 enplegu artean sor daitezkeela kalkulatu du patronalak.

Jose Miguel Aierza, Eduardo Junkera eta Patxi Sasigain, urtarrileko agerraldian.
Jose Miguel Aierza, Eduardo Junkera eta Patxi Sasigain, urtarrileko agerraldian. Maialen Andres / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko maiatzak 24

Negoziazio kolektiboan azken hilabeteetan izan den aurrerakadarekin pozik agertu da Adegi. Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak gogorarazi du azken urtean lurraldeko lan hitzarmen nagusiak adostu dituztela, eta sindikatu guztiek «batera edo bestera» parte hartu dutela akordioetan.

Aurten indarrean sartu diren sei lan hitzarmenetatik —arte grafikoak, gozotegiak, ehungintza, ostalaritza, elikagaien industria eta merkataritza, eta metalgintza—, lau sinatu ditu ELAk, hiruna LABek eta CCOOk, eta bost UGTk.

Ixteko geratzen diren hitzarmenen artean eraikinen garbitzaileena dago, 5.000 langile inguru dituena. Sindikatuen eskaera nagusietako bat da beren soldatak kaleko garbitzaileekin parekatzea; sektore feminizatua da barruko garbitzaileena, eta gizonak dira nagusi, berriz, kaleko lanetan. Langileak greban dira aste honetan, patronalari presio egiteko.

Itun horiek «ahalbidetzen duten bake soziala» goretsi du Adegik. «Bertako enpresei eta langileei egiten diegun ekarpenik onena eta handiena dela uste dugu. Konfiantza eta egonkortasun mezua da», ziurtatu du Jose Miguel Aierza Adegiko idazkari nagusiak, Donostian egindako agerraldian.

Negoziazio kolektiboa libratu izana sindikatuen jarrera aldaketa baten ondorio izan ote den galdetuta, Aierzak ziurtatu du «alde guztiek beren onena» jarri dutela, eta jarrera horren «balioa» nabarmendu du. Sindikatuek, eta batez ere ELAk eta LABek, aldarrikatzen duten konfrontazioaren harira, Adegik ziurtatu du metalgintzan atzo sinatutako lan hitzarmenak erakusten duela «akordioaren kultura positiboa eta onuragarria» dela, «elkarrizketan eta konfiantzan oinarritutako negozioaren ondorioa».

Metalgintzaren itunaren garrantzia gogorarazi du Aierzak, langile gehien eragiten duen hitzarmena delako —30.000tik gora— eta beste batzuetarako erreferentzia delako. Adostasuna «gatazkarik gabe» lortu izana goretsi du, «konfiantza eta egonkortasuna» sortzen duelako. Sindikatuen aldetik, bakarrik ELAk (ordezkaritzaren %47,8) eta UGTk (%4,3) izenpetu dute; motz geratu dela esan dute, berriz, LABek (%35,8) eta CCOOk (%12,2).

Enpresak, nahiko baikor

Adegik bihar egingo du bere urteroko batzarra, Donostian, eta, ohi duen moduan, haren bezperan aurkeztu du Gipuzkoako enpresen artean egindako inkestaren emaitza. Horretan ikusten denez, lurraldeko enpresak nahiko baikor daude egoera ekonomikoaren inguruan. Enpresen konfiantza apur bat suspertu da, urtarrileko inkestan jasotakoarekin alderatuta: %39,3k ikusten dute suspertzea (%34,2, urtarrilean), %47k egoera normala (%51,6), eta %13,7k ikusten dute atzeraldia beren merkatuan (%14,2).

Enpresen batez besteko fakturazioa %1,7 handitu da, eta eskaerak, berriz, %2,7. Industrian eta zerbitzuetan dago egoerarik onena, eraikuntzan eskaerak gelditu egin baitira.

Enpleguari dagokionez, perspektibak ez dira txarrak. Enpresen %24,7k uste dute enplegua handituko dutela (%15,2 ziren urtarrilean), %68,4k eutsi egingo diotela (%67,5), eta %7k baizik ez dituzte langile gutxiago espero (%17,3). Enpleguaren «erresilientzia handia» nabarmendu du Adegik, eta, horrenbestez, iragarri du aurten 3.000 eta 4.000 enplegu artean sor daitezkeela Gipuzkoan. «Praktikoki, sektore guztietan», zehaztu du Patxi Sasigain Adegiko Lehiakortasun eta Berrikuntza arduradunak.

Finantzaketa, kezka berria

Enpresen kezken artean, lehengaien hornidura eta prezioak daude oraindik lehen postuan, baina apaltzen ari da: duela urtebete %80 zeuden kezkatuta kontu horrengatik, eta aurten %52,1 dira. Antzeko kopuruan jarraitzen dute, berriz, lan kostu handiek (%47,9), langile kualifikatuak aurkitzeko zailtasunak (%37,2) eta salmenten errentagarritasun apalak (%29).

Azken inkestarekin alderatuta, finantzaketarena izan da gorakada handiena izan duen atala. Duela urtebete, ia-ia inork ez zuen kezken artean aipatu bankuen aldetik finantzaketa lortzeko zailtasuna eta interes tasen zama, baina jada %17,2 izan dira aurten. Aierzak aitortu du kopurua ez dela «berez hain handia», baina onartu du «moteltze apur bat» ekarri diola enpresen jarduerari. «Hori zen EBZren asmoa. Espero dugu interes tasen igoera motelagoa izatea, eta aurki goia jotzea».

Egoera makroekonomikoa «zalantzazkoa» denez, «eta beharrezkoa den zuhurtasunez», Adegik iragarri du aurten Gipuzkoako barne produktu gordina %2 inguru igoko dela, «urte hasieran egin genuen aurreikuspenaren maila gorena».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Igorreko Kirru ileapaindegia. Bertako langile bat emakume bati ilea garbitzen. ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Artaziak ilea eta BEZa mozteko

Mikel Garcia Martikorena, Bizkaiko Hitza

BIPE Bizkaiko Irudi Pertsonaleko Elkarteak azaldu duenez, pandemia hasi zenetik 3.000 lanpostu inguru galdu dira irudi pertsonalaren sektorean. Hori dela eta, hiru urte daramatzate mobilizatzen. Haien ustez, BEZa %21etik %10era jaistea da sektoreko krisia konpontzeko bideetako bat.

Langile bat Haizea Winden lantegian, artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / Foku

Industriak ekonomiari bultzada eman dio urtearen hasieran

Iker Aranburu

Eustaten arabera, jardunaldi osoko baliokideak diren 3.400 enplegu sortu ziren lehen hiruhilekoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Onnera Groupen erakusmahai bat, industria azoka batean. ©BERRIA

Onnera Groupek lantegi berria zabalduko du Oñatin, 17 milioi euroko inbertsioa eginda

Aitor Biain

Garbigailu industrialak fabrikatuko dituzte, egungo ekoizpen gaitasuna handituta. Kooperatibak inoizko salmenta handienak lortu zituen iaz: 380 milioi euro denera.

 ©Joxean Apeztegia

Enpleguak indarrez egin du gora maiatzean: 8.000 kotizatzaile gehiago

Iker Aranburu

Hego Euskal Herrian, apirilean baino 1.558 langabe gutxiago zeuden. Hirugarren hilabetez jarraian marka hautsi du afiliatuen kopuruak, eta dagoeneko 1,3 milioitik gora dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.