Urkulluk ez du asmorik Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak aurreratzeko

Legealdia datorren urtean da amaitzekoa.

Urkullu, Arrasaten (Gipuzkoa), kanpainako ekitaldi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
jon olano
2023ko maiatzaren 30a
13:22
Entzun

Jakina zen hauteskunde zikloaren egutegia: udal eta foru hauteskundeen ondoren izango dira Espainiako Gorteetakoak, eta datorren urtean, Eusko Legebiltzarrekoak. Baina Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak sorpresa eman zuen atzo, bozketa udazkenetik uztailaren 23ra aurreratuta. Egutegia egokituta, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari galdetu diote ea berak ere asmorik izan dezakeen legealdia dagokion baino arinago amaitzeko eta hauteskundeak aurreratzeko. Ezetz erantzun du Urkulluk.

Urkulluk aitortu du Sanchezen iragarpenak «ezustean» hartu duela, baina bere nahia da legealdiko azken hilabeteetan «normaltasunez» aritzea. Berez, datorren urteko uda aldera amaituko da legegintzaldia.

Sanchezen erabakiaren ondorioez, berriz, Urkulluk esan du Espainiako Gobernuak ez dituela bete legealdi hasieran hartutako konpromisoak, batez ere Gernikako Estatutuaren arabera Eusko Jaurlaritzari dagozkion eskumenak eskualdatzeko lanei dagokienez.

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak 2020ko urtarrilean onartu zuen falta diren eskumenak transferitzeko egutegi bat, baina hiru urtean apenas eman duten pausorik horiek gauzatzeko. 2021ean, hiru eskumen transferitu zituzten: errepide bidezko garraioa, espetxeak eta argitalpen serializatuen nazioarteko zenbaki normalizatuen esleipena. Iaz, berriz, bizitzeko gutxieneko errentaren kudeaketa. Bi gobernuek hilabeteak daramatzate aldiriko trenen eskumena eskualdatzeko negoziazioetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.