Kontu ekonomikoak

Industriak ekonomiari bultzada eman dio urtearen hasieran

Eustaten arabera, jardunaldi osoko baliokideak diren 3.400 enplegu sortu ziren lehen hiruhilekoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Langile bat Haizea Winden lantegian, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko ekainaren 2a
10:19
Entzun

Eustatek zuzendu egin du duela sei aste aurreratutako kontu ekonomikoen datua. Orduan esan zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %0,4 hazi zela 2022ko azken hiruhilekotik 2023ko lehenengora, baina orain hamarren bat handitu du hazkundea, %0,5eraino.

Ondorioz, hamarren bat handitu da urte arteko tasa ere, %2,3raino. Azken bi urteotako tasarik txikiena da, baina atzeraldiaren mamua urrun dago oraindik ere.

Eusko Jaurlaritzak espero du hurrengo hiruhilekoetan behera egitea urte arteko hazkunde tasa, eta urte osoan %1,5ean geratzea; 2024rako, berriz, %2,1ean.

Arabako BPGak izan du gorakadarik handiena urtearen hasieran, %1 hazi baita hiruhileko batetik bestera. Gipuzkoa %0,5era iritsi da, eta Bizkaia, berriz, %0,4ra. Urte arteko tasan ere, Araba sendoago dabil (%2,5) Gipuzkoa (%2,4) eta Bizkaia (%2,2) baino.

Industria ongien

Urtearen hasieran sektore guztiak hazi dira, baina lehen sektorea nabarmendu da, %7,5eko hazkundearekin hiruhileko batetik bestera. Sektore horrek, baina, pisu txikia da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomian —azken bi lurralde horietan bereziki—.

Emaitza patalagoa eman du sektore nagusiak, zerbitzuenak. %0,2 baizik ez da hazi 2022ko azken hiruhilekotik 2023ko lehenengora, nahiz eta ostalaritzak bultzada handia izan duen (+1,9). Hazkunderik ez dute izan administrazioak, osasunak, hezkuntzak eta gizarte zerbitzuek, eta %0,7 uzkurtu dira gainerakoak.

Hazkunde sendoagoa izan du industriak, %0,9koa. Haren barruan, manufaktura nabarmendu da, %1,3ko hazkundearekin.

Eskariari dagokionez, datu txarrak eman ditu gastu publikoak, %0,8ko ekarpen negatiboa eman baitio BPGari. Sendoago dago familien gastua (+%0,6), enpresen inbertsioak (+%1,6), eta kanpo sektorea (+%6,2).

Enpleguak ere hobera egin zuen urtarriletik martxora: 3.400 sortu dira, %0,3 aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Eustatek denbora osoaren baliokideak diren lanpostuetan neurtzen du enplegua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.