Albistea entzun

Hauteskundeak

Gipuzkoan eta Gasteizen, PSE-EEk presioa egin dio Elkarrekin Podemosi

Eneko Anduezak adierazi du EPrentzat ere «onuragarria» litzatekeela. Elkarrekin Podemosek baieztatu du ez duela babestuko EAJ egongo den gobernurik.

Eneko Andueza idazkari nagusia PSE-EEko zuzendaritzaren bileran, maiatzaren 29an, Bilbon.
Eneko Andueza idazkari nagusia PSE-EEko zuzendaritzaren bileran, maiatzaren 29an, Bilbon. MIguel Toña / Efe Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2023ko ekainak 5 15:57

Behin euren arteko akordioa berretsita, EAJk eta PSE-EEk ez dute PPren menpe soilik egon nahi. Elkarrekin Podemosen aukera ez dute baztertu nahi. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak gonbidapena egin dio ezkerreko koalizioari Gasteizko Udalean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan akordioak egiteko. Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan emandako elkarrizketa batean, adierazi du «haientzat ere onuragarria» litzatekeela.

Anduezak ez du zalantzan jartzen Eider Mendoza jeltzalea izango dela Gipuzkoako diputatu nagusi, eta Maider Etxeberria sozialista Gasteizko alkate. Bi alderdien arteko akordioaren arabera, bietatik boto gehien duen zerrendako hautagaia babestuko dute batak zein besteak, baina bi erakunde horietan ez dute gehiengo osorik bermatua oraingoz.

Ikusi gehiago: EAJk eta PSE-EEk «gobernabidea» bermatzeko akordioa egin dute

PPk edo Elkarrekin Podemosek ziurta ditzakete bi inbestidura horiek. PP babesteko prest dago, baina, bi aukerak irekirik izatea irudikatu nahi dutenez, Elkarrekin Podemosen gaineko presioa handitu egin da.

Anduezak «koherentzia pixka bat» galdegin dio Elkarrekin Podemosi. Gobernuan sartzeko asmorik ez dutela argi utzi dutenez, Anduezak argudiatu du iragan agintaldian Gasteizen bi aldiz babestu dituztela EAJ-PSEren udal gobernuaren aurrekontuak, eta orain akordiorako aukera proposatu dietela. «Eskaera hori egin diegu, baina ez dugu erantzunik jaso».

«Gezurra da»

Elkarrekin Podemoseko iturriek adierazi dute ez dituztela bilera batera deitu ere egin. Era berean, David Soto Elkarrekin Podemoseko Gipuzkoako batzarkideak irmo adierazi du eskaera hori «gezurra» dela: «Inor ez da gurekin harremanetan jarri. Ez dezatela arreta desbideratu; PPri amore eman diote».

Elkarrekin Podemosek berretsi du ez dutela babestuko EAJrekin osatutako gobernurik. Gaineratu du gauza bat dela EAJ-PSE-EErekin gai jakin batzuetan zenbait akordio egitea, eta beste kontu bat gobernu akordioak osatzea. Presioaren jakitun, koalizioak gogorarazi du ez dutela bermatu, ez Gasteizen ez Gipuzkoan, EH Bilduren hautagaien alde bozkatuko dutela.

Inbestidurak ziurtatzeko beste aukera PP da. Eskuineko alderdiak argi utzi du EH Bilduren gobernuei atea itxi nahi diela, baina EAJri eta PSE-EEri «harrokeriaz» aritzea leporatu die, bilera bakar batera ez dietelako deitu.

Anduezak ihardetsi du ez direla popularrekin bilduko: «Argi eta garbi jokatu dut, eta lehen momentutik zuzenean aurpegira esan diet ez genuela inongo borondaterik alderdi popularrarekin inongo itunik sinatzeko». Haren esanetan, alderdi bakoitzak mahai gainean du zer egin: «Haiek aukera dezatela, eta kito». Haren esanetan, PPk, inbestidura babestuta, «ez du eskubiderik izango gobernuan sartzeko».

EAJ: «Ez du zentzurik»

Radio Euskadin emandako elkarrizketan, Aitor Esteban Kongresuko EAJren bozeramaileak baztertu egin du PP udal gobernuetan eta foru erakundeetan sartzea, «eromena» litzatekeelako. «Ez du zentzurik, Frankenstein gobernuaz hitz egin eta gero».

Elkarrekin Podemosi buruz ere hitz egin du: «Haien obsesio nagusia da EAJ ekuazio orotatik kanpo uztea, eta harrigarria da jarrera hori, lau urtez egon baikara koalizio gobernua babesten».

Era berean, ez du argitu hautagaitzarik aurkeztuko ote duten Bastidan eta Guardian. Arabako Errioxako bi herri horietan PPk irabazi du. Iragan legealdian jeltzaleek euren hautagaiak aurkeztu eta EH Bilduk babestu zituen, baina, testuinguru orokorrari erreparatuta, ikusteko dago EAJk jokaldia errepikatuko ote duen: «Euzkadi Buru Batzarra eta Arabako Buru Batzarra aztertzen ari dira egoera», horixe besterik ez du esan Estebanek.

Otegi, kritiko

Espainiako Gorteetarako EH Bilduko hautagaien aurkezpenean, hauteskunde osteko itunez ere hitz egin du Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak. «EAJren modura, alderdi sozialistak arazo larri bat du. Alderdi politikoei eskatuko nieke kanpaina politikoetan esateko gero benetan zer egingo duten».

Izan ere, ez du uste EAJk eta PSE-EEk boto kopuru bera lortuko zutenik baldin eta kanpainan esan izan balute Gasteizen edo Gipuzkoan «alderdi popularrarekin hitzarmena» egingo zutela.

Gainera, Elkarrekin Podemosek argi utzi du ez duela EAJren gobernurik babestuko, ulergarritzat jo du jeltzaleen eta sozialisten kezka: «Oso kuriosoa izango da ikustea, ayusotarren laguntzarekin, operazio bat martxan jartzen dutela EH Bildu erakundeetatik kanporatzeko, eta handik hamabost egunera esatea ayusotarrak gerarazi egin behar direla».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Zelaia eta Barbado, Gasteizko Gobernu Militarreko balkoian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteak atxilotu dituzte Gasteizen

Unai Etxenausia

Gasteizko Gobernu Militarreko balkoian atxiki dituzte, eta jendearen babes zabala jaso dute

Euskal Hirigune Elkargoak atzo bilera egin zuen Baionan. ©PATXI BELTZAIZ

«Madrilen euskaraz egin daiteke, eta Baionan ez», salatu dute elkargoan

Ekhi Erremundegi Beloki

Frantziako Estatuari gehiago eskatzeko agindu du Xabi Thikoipe Bil Gaiten taldeko hautetsiak, Euskal Hirigune Elkargoaren bileran

Iñigo Urkullu, atzo, Bilbon, Nueva Economia foroan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Irudi katastrofista» hauspotzen dutenak kritikatu ditu Urkulluk

Gotzon Hermosilla

«Laino beltzez betetako Euskadi baten ideia» sustatzen dutenek «onura politikoa» lortu nahi dutela salatu du lehendakariak hitzaldi batean
Zaballako espetxea, artxiboko argazki batean. / ©Raul Bogajo, Foku

Bi urte pasatu dira Jaurlaritzak espetxe politika bere gain hartu zuenetik

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Basauriko, Martuteneko eta Zaballako espetxeetan 1.577 pertsona daude preso. Jaurlaritzak esan du azken bi urteotan «euskal espetxe eredua» garatzea baldintzatu dutela azpiegituren «gabeziek».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...