Erretretaren erreforma

Erretretaren erreforma geratzeko azken saioa antzua izan da

Debate garratz eta zaratatsu baten ondoren, LIOT taldeak kendu egin du erreforma bertan behera uzteko proposamena, aurretik Yael Braun-Pivet Asanbleako presidenteak edukiz hustu duelako.

Charles de Courson LIOT taldeko diputatua, artxiboko irudi batean. TERESA SUAREZ / EFE
Iker Aranburu.
2023ko ekainaren 8a
11:50
Entzun

Bost hilabeteren, hamalau protesta egunen, zentsura mozio baten, Kontseilu Konstituzionalaren ebazpen baten eta zenbatzerik ez dagoen haserre baten ondoren, gaur amaitu da Frantziako erretretaren erreformaren parlamentuko ibilbidea.

Legearen puntu garrantzitsuena bozkatu gabe amaitu da, Yael Braun-Billet Asanblea Nazionaleko presidenteak eragotzi egin baitu bozketa izatea erretretaren adina 62 urtetan uzteko LIOT taldeak egindako eskaeraren inguruan. Ikusita saioa antzua zela, erreformaren aurkako lege proposamena erretiratu du LIOTek.

Proposamenak ez zuen, berez, aurrera egiteko aukera handirik, Senatuan gehiengoa baitute erreformaren aldekoek. Baina gobernuak eta haren aldekoek porrot sinboliko bat eragotzi nahi izan dute, kosta ahala kosta, eta Frantziako Konstituzioaren 40. artikulua baliatu dute horretarako; gastu publikoa handitzen duten proposamenak baztertzeko eskumena ematen dio Asanbleako buruari, eta hala egin zuen atzo.

Erretretaren erreforma osoan ohikoa izan den bezala, eztabaida garratz eta zaratatsu batekin jorratu dute proposamena Asanblean, gobernuaren aldekoen eta aurkakoen arteko salaketa oso gogorrekin. «Erabat erotu zarete!» batekin bukatu du bere hitzaldia Bertrand Pancher LIOT taldeko presidenteak, Emmanuel Macron presidentearen aldekoak demokraziari iruzur egitea egotzi ondoren. «Zertarako, eta milaka milioi batzuk aurrezteko».

Haren aurretik, Charles de Courson LIOTeko proposamenaren defendatzaileak gogor kritikatu du Braun-Billetek gaurko proposamena mamiz hustu izana: «Akats politiko larria da, eta Asanblea Nazionaleko presidenteak artean ez du neurtu nolako txikizio politiko eta instituzionala eragin duen. Asanblearen gutxiestearen beste etapa bat da; hilik irtengo da legealdi honetatik».

11.000 milioi euroko defizita

Olivier Dussopt Lan ministroak beharrezkotzat jo du erretretaren erreforma, ezer egin ezean pentsio sisteman sortuko den defizita estaltzeko balioko duela argudiatuta, eta «arduragabetzat» jo du hura geratzeko LIOTek aurkeztutako proposamena. Eta, gobernuari bozketa eragoztearen inguruan egin dizkioten salaketen aurrean, oposizioari egotzi dio Asanblean ezer eztabaidatzea ezinezkoa izatea: «Zarata eta sumina, horiek bilakatu dira Asanblea honen ezaugarria».

Ministroak esandakoari datuak gehitu dizkio Phillippe Juvin LR Errepublikanoak eskuineko alderdiko kideak: «Erretreta 62 urtetan utziz gero, 11.000 milioi euro kostatuko zaigu 2026an, eta 17.000 milioi 2032an. Milaka milioi horiek nork ordainduko ditu?».

Sandrine Rousseau diputatu ekologistak oposizioaren txalo zaparrada jaso du Emmanuel Macron presidenteari «Eliseoko harroputza» deitzeagatik. «Amildutako, itxuraldatutako, kontraboterez hustutako demokrazia baten erregea da [...] Sinetsarazi nahi digute gizon bakar batek badakiela zer den ona herriarentzat, sindikatu guztiek eta herri honen ordezkariek baino gehiago dakiela, herri osoak baino gehiago».

Lehen dekretuak, onartuta

Erreforma, berez, apirilaren 14az geroztik dago onartuta, gobernuari legegaiak bozketarik gabe onartzeko eskubidea ematen dion 49.3 artikuluaren bitartez. Artikulu hori erabili izanak manifestatzaileen haserrea handitu zuen, eta gobernuaren aurkako bi zentsura mozio eragin zituen; LIOTek berak jarritakoak ozta-ozta ez zuen aurrera egin.

Irailaren 1ean jarriko da indarrean, eta orduan bertan hasiko dira lehen ondorioak, gobernuak aste honetan onartu baititu legea osatzen duten lehen bi dekretuak. Lehenengoak argitzen du funtzio publikoko langile guztiei eragingo diela erretretaren gibeleratzeak, eta zehazten du nola eragingo dien zenbait lanbideri. Esaterako, 57tik 59ra atzeratuko da maila aktiboko langile publikoentzat —erizain eta gizarte langile batzuk, mugazainak, udaltzainak, suhiltzaileak...— eta 52 urtetik 54ra «super-aktiboentzat» —polizia nazionalak, espetxe zaindariak eta aire kontrolatzaileak—.

Bigarren dekretuak aukera ematen die erreformaren aurretik erretiroa irailaren 1ean hartzeko eskatu zutenei urriaren 31 arte itxaroteko, eta lau adin epe finkatzen ditu lan ibilbide luzea dutenek beren erretreta aurreratzeko: 16 urterekin lanean hasitakoek 58 urtetik aurrera izango dute erretreta hartzeko eskubidea; 16 eta 18 urterekin hasitakoek, 60 urte bete arte itxaron beharko dute; 20 urterekin hasitakoek, 62 urte bete arte; eta 21 urterekin hasitakoek, 63 urtera arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.