Ez dira bi aste ere igaro Donald Trump AEBetako presidente ohia inputatu zutenetik. 2020ko bozen emaitza iraultzeko plan bat gidatzea egotzi zion fiskaltzak, eta Trumpek ukatu egin zuen halakorik egin izana. Atzo, beste behin inputatu zuten —apiriletik laugarren aldiz— hauteskundeetako emaitzetan muturra sartzea leporatuta. Ez da kasu federala, estatukoa baizik: Georgiako Fulton konderriko epaitegi batek onartu du presidente ohiaren kontrako akusazioa. Hamairu delitu egozten dizkiote. Tartean, Georgiako estatu idazkaria presionatzea bozen emaitzak aldarazteko eta talde kriminal baten kide izatea. Errugabea dela berretsi du Trumpek.
Akusazioaren froga nagusia presioarena da: Trumpen eta Brad Raffensperger Georgiako estatu idazkari errepublikanoaren arteko elkarrizketa bat, 2021eko urtarrilaren 2koa. Herrialdeko zenbait egunkarik filtratu zuten, Trumpen aldekoek Kapitolioa hartu aurreko egunetan. Bertan, emaitzak ezin sinetsita entzun daiteke Trump: «Ezinezkoa da Georgian galdu izana. Ezinezkoa da. [...] Boto asko bota zituzten gauean, badakizu hori, Brad. [...] Horren arabera, hauteskunde hauek irabazi ditugu Georgian. Ez dago gaizki hori esatea, Brad. [...] Eta ez dago gaizki esatea, badakizu, berriro kalkulatu dituzula [botoak]». 11.779 botoren aldeagatik galdu zuen Bidenen aurka. Dei horretan, demokratei irabazteko lain boto «bilatzeko» galdegiten dio Raffenspergerri. 11.780, «ditugunak baino bat gehiago».
Raffenspergerren deiaz gain, Fultoneko Fiskaltzak ere ikertu du Georgiako konderri bateko bozkatzeko makina elektronikoetarako sarbide ilegal bat. Hautesle faltsuek botoa emateko saiakera bat ere bai. Georgia estatu erabakigarria zen AEBek presidente errepublikanoa edo demokrata izango zuten erabakitzeko orduan.
Presidente ohia eta beste 18 pertsona epaileen miran daude Georgiakoagatik; 41 delitu egozten dizkie denera. Zerrenda horretan dira, besteak beste, Rudy Giuliani Trumpen konfiantzazko abokatua eta New York hiriko alkate ohia, eta Mark Meadows Etxe Zuriko kabineteburu izandakoa. Guztiei egotzi die Fani Willis fiskalak Georgiako krimen antolatuaren kontrako legea urratzea presidente kargua «lapurtzeko» helburuz.
Bi urte eta erdiko ikerketa egin du Georgiako Fiskaltzak, Willisen gidaritzapean. Aurkeztu duten dokumentuan, adierazi dute «uko egin» ziotela Trumpek estatuan galdu izanari, eta «jakinaren gainean konspiratzeko elkartu zirela» hauteskundeen emaitzak «ilegalki» aldatzeko xedez. Epaiketari sei hilabeteko epean ekitea nahi du Willisek. Abuztuaren 25era arte dute akusatuek epailearen aurrean dekaratzeko.
Estatuko inputazioa baliogabetzea Trumpen ahaletik at dago. Inoiz presidentetzara heltzen bada, indultu federal batetik libratzeko autoindultua sinatzeko ahala du —halakorik ez du egin behin ere presidente batek AEBetan—. Bestela, bere aldeko norbait AEBetako Justizia Departamentuaren arduran jartzea izango litzateke beste irtenbide bat. Dena dela, horrelakorik ezingo luke egin Georgiako estatuak onartu berri duen akusazioarekin. Estatuak independenteak dira sistema federalarekiko, eta presidentetzak ez du eraginik, kasu honetan, Willisengan.
Presidentegai izan aurretik, Alderdi Errepublikanoko primarioak irabazi behar ditu aurretik; Milwaukeen (Wisconsin) izango dute hautagaiek lehen debatea, heldu den astean. Ikusteko dago ea Trump bertan izango den, baina gutxirako balioko dio zirt edo zart egiteak, dagoeneko badu-eta nahikoa babes: primarioetako hautesleen erdiek behintzat haren alde egingo lukete, inkesta gehientsuenek iragarri dutenez.
Beste inputazioak
Bata bestearen atzetik heldu zaizkio. Apirilean hasi zen haren kontrako «sorgin ehiza»: enpresa kontuak faltsuzeagatik inputatu zuten Trump, 2016ko presidentetzarako hauteskundeen kanpainarekin zerikusia zuen ordainketa batengatik. 120.000 euro ordaindu zizkion pornografian aritzen zen Stormy Daniels aktoreari, hark ez zezan zabaldu, kanpaina erdian, Trumpek eta biek harremanak izan zituztela 2006an. Michael Cohen abokatuari eskatu zion ordainketa egiteko. Gaur-gaurkoz, 2024ko martxoaren 25erako aurreikusita dago epaiketa hastea.
Ekainean iritsi zen bigarren inputazioa, Mar-a-Lagoko (Florida, AEB) luxuzko bere etxera baimenik gabe eraman zituen sekretupeko dokumentuengatik. Zazpi delitu federal egozten dizkiote; besteak beste, justiziari traba egitea, konspirazioa, eta segurtasun nazionalerako dokumentuak atxikitzea.
Abuztuaren hasieran, hirugarrena. Fiskalak leporatzen dio azken presidentetzarako hauteskundeetan iruzur egiteko plan bat gidatzea. Presidente ohiak beste zitazio bat du abuztuaren 28rako, nahiz eta ez den beharrezkoa izango Trump bera auzitegira joatea. Egun horretan espero da epaiketarako eguna zehaztea.