Laugarren aldiz inputatu zuten AEBetako presidente ohia joan den astean; atzo, laugarren aldia zuen atxilotzen zutela. Eta denak esperoan ziren ea noiz askatuko zuten Donald Trump. Gehienbat, haren polizia fitxako argazkia ikusteko —lehen aldia zen espetxeko kameraren aurrean jartzen zela—. Trumpek bazekien ikusmira zegoela argazkiaren inguruan, eta une hori aprobetxatu du X sare sozialera itzultzeko, ez baitzen haren berririk jarraitzaileek 2021eko urtarrilean Kapitolioa hartu zutenetik. Zer, eta fitxatu duteneko argazkia publikatuz itzuli ere. Bi esaldirekin batera: «Esku sartzea hauteskundeetan. Ez amore eman inoiz!».
Egiari zor, 2020ko hauteskundeetako emaitzak iraultzea egotzi dio Georgia estatuko Fulton konderriko fiskaltzak, baita talde kriminal bateko kide izatea ere. Konderriko espetxean egin zuen atzo sartu-irtena; Trump New Jerseytik hegazkin pribatuan iritsi, polizia fitxa egin, eta 20 minuturen buruan kanpoan zen berriro. 200.000 dolarreko bermea ordaindu behar izan zuen (183.500 euro). Aske da, epaiketaren zain.
Auzipetu duten aldi guztietan bezala, errugabetzat jo du Trumpek bere burua. «Hauteskunde ostuak» izan zirela argudiatu du, eta emaitzetan esku sartzeko «eskubide osoa» izan beharko lukeela. 11.779 botoren aldeagatik galdu zuten errepublikanoek demokraten aurka Georgian. Presidente ohiak bertako estatu idazkari Brad Raffenspergerri egindako dei batean, Bideni irabazteko lain boto «bilatzea» galdegiten dio. Hori da akusazioaren froga nagusietako bat. Trump eta beste 18 pertsona epaileen jomugan daude; 41 delitu egozten dizkie denera.
Georgiako inputazioa ez da aurreko hiruren modukoa; estatuarena da lehena, eta federalak dira gainontzekoak. Auziak saihesteko moduak ez dira berdinak batean ala besteetan. Hiru aukera ditu: baga, epaileak aske uztea, deklaratzera itzultzeko baldintzapean; biga, instrukzio prozesua ahalik eta gehiena luzatzea, baita epaiketa beste nonbaiten egin dezaten eskatzea ere; higa, epaimahaiko kide guztiek jo beharko lukete erruduntzat Trump hura zigortzeko, eta, halere, helegitea aurkeztu lezake.
Beste inputazioak
Bata bestearen atzetik heldu zaizkio. Apirilean hasi zen haren kontrako «sorgin ehiza»: enpresa kontuak faltsutzeagatik inputatu zuten Trump, 2016ko presidentetzarako hauteskundeen kanpainarekin zerikusia zuen ordainketa batengatik. 120.000 euro ordaindu zizkion pornografian aritzen zen Stormy Daniels aktoreari, hark ez zezan zabaldu, kanpaina erdian, Trumpek eta biek harremanak izan zituztela 2006an. Michael Cohen abokatuari eskatu zion ordainketa egiteko. Gaur-gaurkoz, 2024ko martxoaren 25erako aurreikusita dago epaiketa hastea.
Ekainean iritsi zen bigarren inputazioa, Mar-a-Lagoko (Florida, AEB) luxuzko bere etxera baimenik gabe eraman zituen sekretupeko dokumentuengatik. Zazpi delitu federal egozten dizkiote; besteak beste, justiziari traba egitea, konspirazioa, eta segurtasun nazionalerako dokumentuak atxikitzea.
Abuztuaren hasieran, hirugarrena. Fiskalak leporatzen dio azken presidentetzarako hauteskundeetan iruzur egiteko plan bat gidatzea. Presidente ohiak beste zitazio bat du abuztuaren 28rako, nahiz eta ez den beharrezkoa izango Trump bera auzitegira joatea. Egun horretan espero da epaiketarako eguna zehaztea.