Zortzi eguneko greba iragarri dute itunpeko hezkuntzako sarean

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Kristau Eskolako eta IZEAko langileak deitu dituzte lanuztera ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek.  

Itunpeko sare langileek apirilaren 25ean egin zuten mobilizioa. ARITZ LOIOLA / FOKU
iraia vieira gil
2023ko irailaren 28a
14:41
Entzun 00:00:0000:00:00

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko sarean greba egingo dute urriaren 17tik 19ra eta abenduaren 11tik 15era, ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek jakinarazi dutenez. Kristau Eskolako eta IZEAko langileak deitu dituzte grebara —ikastolek ez dute bat egin–, eta, sindikatuen arabera, 9.000 pertsona batuko dira. Lan hitzarmena hobetzeko negoziazioetan oraindik ere «immobilismoan errotuta» daudela leporatu diete patronalei, eta horregatik erabaki dute, hain zuzen, mobilizazio dinamika indartzea.

Apirilaren 25ean egin zuten gizarte ekimeneko langileek azkeneko greba, aurretik izan zituzten negoziazio mahaietan «edukizko proposamenik» jaso ez zutelako. Sindikatuek salatu dutenez, hamahiru batzar izan zituzten guztira, eta, ordutik, ez dira berriz bildu. Patronalek negoziazioak blokeatzen jarraitzen badute, ordea, urtarrilean ere grebak egingo dituztela aurreratu dute langileek eta sindikatuek. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari laguntza eskatu diote, irtenbideren bat aurkitzeko.

Beste askoren artean, aldarri hauek egin dituzte: langile guztien lanaldiak murriztea; Haur Hezkuntzako lehen eta bigarren zikloko langileen homologazioan aurrerapausoak ematea; hezkuntza laguntzako espezialistek lanaldi osoak izatea; KPIaren araberako soldata jasotzea; galdutako erosahalmena berreskuratzea; DBHko lehen eta bigarren mailako irakasleen soldatak sektore publikoko soldatekin parekatzea; birkokapen prozedurak erregulatzea; eta Lanbide Heziketa hobetzeko, euskara ikasteko, lan osasuna bermatzeko eta arrisku psikosozialak prebenitzeko planak garatzea.

Sare publiko langileek, sindikatu horiek deituta, grebak egingo dituzte urriaren 25ean eta abenduaren 19an lan hitzarmena hobetzeko, gainerako funtzionarioekin batera. ELAk, CCOOk eta Steilasek, gainera, urriaren 24rako lanuzteak antolatu dituzte hezkuntzako sektore publikoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.