Abian da Komunikazioko GRALen V. BERRIA sariketa

BERRIA egunkariak, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearekin lankidetzan, Komunikazioko GRALen V. BERRIA sariketa antolatu du. Saridunaren lana BERRIAren euskarrietan hedatuko da, egileari egingo zaion elkarrizketarekin batera.

(ID_17690092617985) (/EZEZAGUNA)
2026ko urtarrilaren 21a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sariketara aurkezten direnek EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kazetaritza graduko nahiz Ikus-entzunezko Komunikazioko graduko ikasleak edo ikasle ohiak izan beharko dute, eta gradu amaierako lana 2025ean egina eta aurkeztua izan, euskaraz eta gutxienez 9ko kalifikazioa duela.

Bost kidez osatutako epaimahai misto bat eratuko da sariduna hautatzeko: batetik, BERRIAko hiru lankide izango dira, eta, bestetik, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kazetaritza graduko eta Ikus-entzunezko Komunikazioko graduko bi irakasle.

Lanen interesa aztertzeko, epaimahaiak alderdi hauek hartuko ditu kontuan: komunitate zientifikoari eta gizarteari egindako ekarpena, euskarriari dagokion narratibaren kalitatea, edukien alderdi formalen eta estetikoen erabilera zuzena, eta zorroztasun metodologikoa.

GRAL sariduna BERRIAren euskarrietan hedatuko da, eta egileari elkarrizketa bat egingo zaio lanaren inguruan. Horrez gain, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak 100 euroko bonu bat emango dio saridunari, eta hark aukera izango du urtebetez BERRIAlagunen abantailez gozatzeko. Saria eta diploma graduazio ekitaldian emango zaizkio.

Martxoaren 15a izango da lanak bidaltzeko azken eguna, eta maiatzean ebatziko da nor den sariduna.

Deialdiaren oinarriak eta informazio guztia hemen irakur daitezke.

Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA