Ekainaren 7an egingo dute euskal eskola publikoaren aurtengo jaia, Santurtzin (Bizkaia). Ehunetan izango da leloa: euskal eskola publikoaren sarea ehunduta dagoela irudikatuko dute. BERRIAk eta EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak hitzarmena sinatu dute, elkarlanean aritzeko. Jaia antolatzen laguntzeaz gain, BERRIAk ikusgaitasuna emango dio eskola publikoaren sareari.
BERRIAk jaia babestuko du, eta bertako egitaraua osatuko du. Euskarazko egunkariak, besteak beste, Asier Kidam magoaren emanaldi bat antolatu du. Horrez gain, bere euskarriak eskainiko dizkio antolakuntzari.
Euskal Eskola Publikoaren Jaia ekainaren 7an izango da, baina Santurtzin urte osoan antolatu dituzte ekintzak. Aurreko larunbatean festa eguna antolatu zuten Mamariga auzoan, eta BERRIAk Mantagorri tailerra eskaini zuen. Haurrek eskulanak egin zituzten.
Aurtengoa euskal eskola publikoaren 33. jaia izango da. 1994an egin zen lehena. Santurtziko ikastetxe publikoetako hezkuntza komunitate zabalak antolatu du: bi haur eskola (Emilia Zuza eta Mirabueno), haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako lau ikastetxe (Emilia Zuza, Itsasoko Ama, Las Viñas eta Serantes), bigarren hezkuntzako eta batxilergoko bi eskola (Axular eta Kantauri) eta lanbide heziketako bat (Santurtzi). Jaiak hiru gune nagusi izango ditu: portua, Gernika plaza eta Santurtzi parkea.