BERRIAk eta Nafarroa Oinez Fundazioak (NOF) hitzarmena sinatu dute, NOFen egoitzan. Etxarri Aranatzen egingo da 2023ko Nafarroa Oinez asteburua. Laugarrenez egingo da jai hori Etxarri Aranatzen; izan ere, 1981. urtean bertan ospatu zen Nafarroako ikastolen lehenengo jaia.
BERRIAren eta NOFen lankidetzaren barruan, BERRIA Etxarri Aranatzen izango da urriaren 7an, Pontx pailazoarekin. Urriaren 8an, berriz, Lur Korta ipuin kontalaria eta BERRIAren Erronka jolasa presente izango dira jaiaren egun nagusian. Horrekin batera, eta lankidetzaren barruan, Etxarri Aranazko ikastolak eta Nafarroako ikastolen sareko familiek BERRIAko harpidetza eskaintza jasoko dute, Euskal Herriaren eta munduaren berri euskaratik eta euskaraz izateko.