Udazkenak berarekin dakartza Gipuzkoako eta Nafarroako Ikastolen jaiak: Kilometroak eta Nafarroa Oinez, hurrenez hurren. Urteetan eraikitako lankidetzak sendotu eta sakondu ditugu aurtengoan, hazia erein, eta etorkizunera begira BERRIAren eta Ikastolen jaietako elkarlanak sendotzeko asmotan. Horiek horrela, urriaren 2an, Ibarran izan ginen, eta Gipuzkoako ikastolek abiatu eta ezaugarritu duten eredu aldaketaren lekuko izan ginen. BERRIAk egitarauarekin bat egin zuen, eta hainbat gune ezaugarritu zituen, Euskal Herriko musikaren gunean: BADOK, eta Jolasen gunea, MANTANGORRI.
Lekukoa, berriz, Tafallan hartu genuen, urriaren 15eko eta 16ko asteburuan ospatu baitzen Nafarroa Oinez. BERRIA, Erriberako merindadean izan zen, eta euskarazko eskaintza zabala eraman zien bertaratu ziren guztiei. Larunbatean, urriaren 15ean, BERRIAk babestuta, Amelie, Ipuinen Jostune taldekoek Amaiur ipuin kontakizuna eskaini zuten Kube aretoan, Tafallako plazan. Igandean, berriz, BERRIA hainbat gunetan izan zen haurrentzat nahiz helduentzat jaia euskaraz aberasten.