Telebista

'Pressumtes culpables. Els altres Altsasu’ dokumentalak %15,2ko ikusle kuota lortu du TV3en

Gau berean, Amets Arzallusek eta Marc Parramonek zuzendutako 'Altsasu (gau hura)' dokumentala eman zuen TV3ek: %9,8ko ikusle kuota lortu zuen. Bi lanak Kataluniako katearen webgunean ikus daitezke.

Jokin Unamuno, Adur Ramirez de Alda eta Jordi Cuixart. TV3
urtzi urkizu
2022ko urtarrilaren 19a
12:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurreko astean ikusle datu oso onak lortu zituen TV3eko Sense ficció saioan Non dago Mikel? dokumetalak. Eta aste honetan, oihartzun handia izan du programa berean eman duten Pressumtes culpables. Els altres Altsasu lanak. Bertan, Altsasu auziko Jokin Unamunok eta Adur Ramirez de Aldak kontatzen dute espetxean bizi izan dutena, eta erabakitzen dute Kataluniara joatea, «beste Altsasu auzi batzuk» ezagutzera. Jasotako elkartasuna itzultzeko ahalegina azaltzen dute biek. Asteartean bere ordutegian gehien ikusi zen emanaldia izan zen dokumentala —Albert Segura eta Anna Sanmarti dira zuzendariak—: %15,2ko ikusle kuota lortu zuen Katalunian —345.000 ikus-entzule—.

Gau berean, Amets Arzallusek eta Marc Parramonek zuzendutako Altsasu (gau hura) dokumentala eman zuen TV3ek. %9,8ko ikusle kuota lortu zuen —123.000 ikus-entzule—.

Bi dokumentalak TV3eko webgunean ikus daitezke —Arzallusenak muga batzuk izan ditzake datozen asteetan, jaialdietako parte hartzeak direla eta—.

Monste Armengou dokumentalgile eta Sense ficció saioko zuzendariak —2008an sortu zenetik ari da programan lanean, eta 2017an izendatu zuten zuzendari— nabarmendu du azkeneko bi asteetan «gai gogorren pultsoa» berreskuratu dutela eta «oso ondo funtzionatu» dutela dokumentalek. Non dago Mikel? eman zuten gauean, ondotik errepresioarekin lotutako beste lan bat eman zuten: Ipar Irlandako familia batzuek Erresuma Batuaten gerra zikina-ko kasuak azaleratzeko egindako borrokari buruzkoa.

Armengouk aitortu du gaueko bigarren dokumentalak normalean ikus-entzule gutxiago izaten dituela. «Baina Altsasu (gau hura)-ren datua oso ona da. Kontuan izan behar da bigarren lana berandu ematen dela eta ikus-entzulea emozionalki nekatuta egoten dela. Sarri herritarrek nahieran ikusten dute gero».

Programak ikus-entzule «enpatikoak» dituela nabarmendu du dokumentalgileak. «Ikusleek elkartasun handia erakusten dute besteen tragediekin». Zera ohartarazi du: «Kataluniako prozesuaren nekeagatik eta pandemiaren efektu emozionalagatik, nabaritu dugu ikus-entzuleak nekatuta daudela gai gogorrekin. Konfinamenduak erraztu zuen plataformetako fikzioak kontsumitzea. Baina azken bi gauetan errepresioarekin lotutako gaiak ziren, eta jendeak ez gaitu abandonatu. Nabarmentzeko moduko datuak lortu dituzte dokumentalek».

Telebista emisioaz harago
Azkeneko bi asteetan TV3ek eman dituen dokumentalek oihartzuna izan dute Kataluniako beste hedabide batzuetan, bereziki Mikel Zabalzaren auziak. Zazpi egunez TV3eko webgunean egon da ikusgai, eta normalean baino ikustaldi gehiago izan ditu Kataluniatik kanpo. Asteburura arteko datuak ditu saioak, eta 15.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu Amaia Merinoren eta Miguel Angel Llamasen filmak —telebistako estreinaldiak 359.000 ikus-entzule izan zituen—. Saioko beste dokumentalekin alderatuta, %58 hazi da Kataluniatik kanpoko ikustaldien kopurua. ETBk esan du Non dago Mikel? aurten emango duela.
Inteneteko sare sozialetan ere iruzkin asko eragin dute Mikel Zabalzari buruzko lanak zein Altsasu auziari buruzkoek. «Halako gaiek oihartzun handia dute Katalunian», azaldu du Armengouk. «Gure publikoa kidekoa da euskal gaiekin».

Pressumtes culpables. Els altres Altsasu dokumentalak Euskal Herrian jasotako errepresiotik Katalunian jasandakora egiten du jauzi, eta Poliziaren jokabidea zein justizia eredua jartzen ditu auzitan. Armengouk gogoratu du TV3ek 2019an eman zuela Altsasu auzia-ri buruzko dokumental bat, eta iaz, telesaila —urteko emankizunen artean, bigarren gehien ikusiena izan zen—. «Auzia esplikatuta zegoen, baina hortik harago doa estreinatu berri duguna. Jokin Unamunori eta Adur Ramirez de Aldari egin zaien mina errepara ezina den arren, ziklo bat amaitu dute, eta beste Altsasu auzi gehiago daude jende gehiagorentzat. Lanean ikusten da segurtasun indarrekin edozein istilu baldin baduzu, terrorismo auzi batean amaitu dezakezula». Horren atzean herritarrak «desmobilizatzeko» mezua zabaltzeko saiakera dagoela uste du dokumentalgileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.