517 ekitaldi ofizial izango dira sanferminetako egitarauan

Eskaintza kulturala Iruñeko beste auzoetara iritsiko da, eta, berritasun gisa, uztailaren 14an Sorotan Bele taldearen kontzertu berezi bat izango da.

Aurtengo San Fermin jaien egitarauaren argazkia, Iruñean egin duten aurkezpenean. CRISTINA NUÑEZ / IRUÑEKO UDALA
Aurtengo San Fermin jaien egitarauaren argazkia, Iruñean egin duten aurkezpenean. CRISTINA NUÑEZ / IRUÑEKO UDALA
itsaso jauregi 2
2025eko ekainaren 19a
12:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Festa hasteko aste gutxi falta diren honetan, 2025eko San Fermin jaien egitarau osoa argitaratu du Iruñeko Udalak. Egitaraua 517 ekitaldi ofizialek osatzen dute, eta 1,95 milioi euroko aurrekontua du: jaiaren bereizgarriak diren ekitaldiak daude, hala nola txupinazoa eta entzierroak, baita kultur jarduerak ere, kalean eta hiriko hainbat tokitako agertokietan banatuta.

Uztailaren 6tik 14ra, ohiko entzierroak, kontzertuak, kaleko musika, su festak, jotak, bertsolariak eta familientzako, gazteentzako eta nagusientzako guneak egongo dira, besteak beste. Musika nagusituko da Iruñean, aurretik aurkeztutako kontzertuak kontuan hartuz, baita Herri Sanferminak plataformaren egitaraua aintzat hartuz ere.

Auzoetara hedatuz

Festa ez da Iruñeko Alde Zaharrean geratuko, eta beste auzoetara ere iritsiko da. Goizez, 12:30etik 14:00etara, musika emanaldiak izango dira Txantrean, Mendebaldean, Arrotxapean, Etxabakoitzen, Arrosadian eta Donibanen, uztailaren 8tik 13ra. Arratsaldez haurrentzat ikuskizunak izango dira, PAI animazio konpainiaren eskutik. Gainera, Antoniutti parkean 50 DJ saio eskainiko dira, eguerditik goizaldeko 03:00ak arte.

Hitzordu klasikoenen artean, Iruñeko Txistulari Alardea dago, uztailaren 9an, 12:00etan, Sarasate pasealekuan. Bertan izango dira hiru bertso jaialdi ere: uztailaren 7an, 10ean eta 12an, hain zuzen ere. Musika da jaien protagonista, eta, horregatik, hiri osoan zehar zuzeneko kontzertuak izango dira. Baina, berrikuntza gisa, gaur iragarri da uztailaren 14an Gazteluko plazako agertokian jaiak ixteaz arduratuko den taldea Sorotan Bele izango dela, 1990eko hamarkadan sortutako musika talde bat.

Denen eskura

Irisgarritasunari garrantzia eman nahi izan diote programa berrian, eta informazioa hainbat formatutan eskainiko duen webgunea eratuko dutela adierazi dute programaren aurkezpenean. Kondestablearen Jauregian Zentzumenen babeslekua espazioa martxan jarriko dute berriz ere: espazio inklusiboa da, sentsibilitate handiko pertsonei zuzendua bereziki, lasaitasunerako eta jaiaz gozatzeko babesa behar dutenei. Soinu intentsitate txikiarekin eta egokitutako materialekin jaiaz gozatzeko aukera izango dute uztailaren 8tik 12ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.